Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Orainari lotuta geroa eraikitzeko modu berriak kantatu dituzte Oiartzunen

Bezperan Bilbotik ekarritako sentsazioak artean bero, Oiartzungo Elorsoro kiroldegira mugitu da igande honetan preso, iheslari eta deportatuen eskubideak defendatzeko aldarria, «atzo oinez, gaur ahoz». Txapelketa Nagusiko zazpi finalista elkartu ditu Etxeratek urtero antolatzen duen saio berezian.

Bertsolariak, Oiartzungo oholtzan.
Bertsolariak, Oiartzungo oholtzan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Larunbatean hamarnaka milen oihua izan zena zazpi ahotsetara doitu dute igande honetan Etxeratek urtero antolatzen duen bertso-saioan. Puntako kartelarekin, saioko sarrera guztiak agortu dira: Iruñeko Bertso Txapelketa Nagusiko finalean izan ziren zazpi bertsolari –Sustrai Colina gaixo dago– igo dira Oiartzungo taulara, Amaia Agirre gai-jartzailearen menera. Parean, ehunka entzule Sareren manifestazioaren biharamun emozionalarekin; Joanes Illarregik kantatu bezala, «Bilbokoan ajea luzatu asmotan», batzuk Sareren ikur berriaren pegatina oraindik berokian itsatsita.

Euskal presoen urruntze politika amaitzear, hasiera berri bati kantatu diote bertsolariek, zehatzago, «bukaeraren hasierari» Maialen Lujanbiok, eta ondokoa Nerea Ibarzabalek: «Aldatu dira mapa, sinbolo ta neurri/ gaur sortu nahi ditugu ta zuek igarri/ etxera esateko mila modu berri».

Bertsolariez gain, baina, izan dira bestelako protagonistak. Txaloz besarkatu du entzuleak une batez Amaia Agirreren lekua hartu duen Nekane Txapartegi, txalo egin du euriak ere, Aitor Mendiluzek agurrean bota legez. Ia hamabost urte erbestean izan ondotik Euskal Herrian den errefuxiatua kezka bikoitzez mintzatu zaie Amets Arzallus eta Joanes Illarregiri. «Bizitzaren herena ihesean eman ostean, itzuli eta belaunaldi berriek ez gaituzte ezagutzen», bota dio saioko gazteenari, haren iritzia entzuteko jakinminez. Arrazoia eman dio Illarregik: «Ongi esan duzu estalpe baten/ pasa zarete gehienak/ guk itzal hori ezagutu dugu/ ta ez izen-abizenak».

Arzallusi, berriz, errefuxiatuen mina ezagunago duela eta, bigarren kezka bat. Nola «kontatu eta kantatu» iheslarien errealitatea «itzal ilun geldi ez gaitezen?» Eta zergatik, galdetu du Txapartegik, aske-berri denari, herrira itzuli berri denari, herriak ezin dio orain plazetan ibilbidea aitortu eta pribatuan, ilunetan, egin behar zaio harrera? Arzallusek kezkari kezkaz erantzun dio: «Atzeko atetik itzuliz gero/ gal liteke gazteria/ bakoitzak dauka bere iritzia/ sudur ertzean begia/ bakoitzak dauka bere ustea/ bakoitzak bere egia/ ta pentsatua, ezin esana/ ez al da bortizkeria?»

Denborari heldu, denborari ihes egin

Bi ordu labur-labur eman dituzte bertsolariak oholtzan, hiru bisean biseko adinako azkarrak, eta bi ordu luze, kartzeletara doazen errepideetan kilometro gutxiegi metatzeko gai direnak. Denbora izan da saioa ardaztu duen gaia eta Alaia Martinek neurgaitza den horri kantatu dio, Amaia Agirrek jarritako errimak erabilita. «Ezberdin izan liteke nonahi berrogei minutu/ hainbeste izan esateko eta geratzea mutu/ kristalaz bestaldekoa nahiz ta ongi ezagutu/ zenbat mamu gorde eta zenbat aitorpen ezkutu/ ahoa bilakatzen da kontaketaren enbutu/ bestea gure minekin behintzat ez dadin itsutu/ ordua da esatean egiten gara izutu/ ordulariak ezin du denbora hori neurtu».

Denboraz mintzatu dira baita, taulara igota, Maitane Sagastume eta Onditz Goñi ama-semeak. Preso zegoela ama izan zen Maitane eta bere eskuetatik askatu behar izan zuen Onditz. Semeak oroitu du zenbat denbora ematen zuen kotxean preso zuen beste behin ikusteko. Orduan denbora azkar pasatzea nahi izaten zuen. Orain, ama kalean duela, denbora gelditu nahiko luke eta ezin.

Bertsolariei zuzendu zatzaie, eta alboz, baita entzuleei ere. Soberan jaso duten errukia ez dutela nahi, penak ez daramala inora, «ai, gaixoak» entzuteaz nekatuta daudela adierazi dute. Ama kartzelan duen hamar urteko haurraren azaletik kantatu du Lujanbiok: «Urrutira lotuta daukat nik kordela/ badakit nere ama han erne dagoela/ mila borroka ditu ta ez du utziko bela/ ama bizi-bizi da, zeldadun logelan/ kanpoan dauden denak ez daude horrela». Eta, atzetik, zalantzan jarri du normaltasunaren jabe direla pentsatzen dutenen ustea: «Ba ni astebururo bideetan barrena/ egun onaren poza agurraren pena/ mokadu bat, restop-a, autobusa, trena/ hori ez dela normala, nor da dioena?/ normala da bakoitzak bizitzen duena».

Nerea Ibarzabal ere denboraren makinan sartu du gai-jartzaileak eta galdetu dio iraganeko zer edo nor ekarriko lukeen orainera. Umoretsu hasi da eta okurritu zaio ekarriko lukeela Xalbador, haren ahotsa autotunearekin entzuteko, ala Hemendik At eta Ez Dok Amairu, Chill Mafiarekin batean poligonoetako diskoteketan entzuteko. Egingo luke baita, baskoien iragan zaharrera: «Irulegira bidaiatxo bat lehendakari eta guzti/ brontzezko esku egin berriak miretsi eta igurtzi/ baskoien hitzak bueltan ekarri/ ta Urkullu hantxe utzi».

Utzi du, baina, umorea, eta begiratu dio denbora errealari, presoak etxera ekartzeko gelditzen denari: «Baina denbora lerro lau bat da ezin zatitan bereizi/ garen herria oraintxe gara kontraesankor, berezi/ ta iraganeko zonbien ehizak agian ez du merezi/ beraz 2023an ipin ditzadan bi gezi/ gerorik ezin delako egin orainalditik ihesi».

Geroari begira

Denborak gelditzeko asmorik ez eta, Ibarzabalek bezala, haren erritmora etorkizuna eraikitzeko hautua egin du Beñat Gaztelumendik bere azken bertsoan: «Garai nahasiotan duda eta run-run/ Bidasoa bihurtu nahiko nuke lurrun/ eta apurtu mila egitura zurrun/ ta lagunik ez nuke eduki nahi urrun/ nola preso gehienak hurbildu ditugun/ euskaldun izateaz oraindik errudun/ nola preso gehienak hurbildu ditugun /orain pentsa dezagun ze herri nahi dugun».

Eta saioa bukatzeko, datorren urtean elkartzeko arrazioa bidegabekeria ez dadila izan aldarrikatu du Aitor Mendiluzek: «Ez dagoenak egin dezake itzala/ hori gogoan hartuz hemen gabiltzala/ berdintsu ekartzea nahi det berriz, hala/ gaur aldarrikapenak elkartu bezala/ hurrena ospakizunak elkartu gaitzala».