NAIZ
Iruñea

(H)ilbeltza bekaren VII. edizioa abiatu dute, Euskal Herrian literatura beltza sustatu asmoz

Literatura beltza sustatu asmoz, abian da (H)ilbeltza bekaren deialdi berria. Lanak aurkezteko epea martxoaren 10ean itxiko da eta, aurten, sormenezko lanak sarituko dira. Deialdiari, Baztanen hilaren 23tik 29ra ospatuko den Euskal Nobela Beltzaren Astea batzen zaio.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartearen eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz, (H)ilbeltza beka plazaratzen du urtero.

Hala, argitaletxeak astelehen honetan jakitera eman duenez, VII. edizioa izango dena abian da. Lanak aurkezteko epea martxoaren 10ean itxiko da eta aurten sormenezko lanak sarituko dira.

Deialdira aurkeztu nahi dutenek narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkeztu beharko dituzte, jatorrizkoak behar dute izan eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta bertze inondik moldatuak ez direnak.

Txalaparta argitaletxeak zabaldu duenez, epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu, eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2023ko maiatzaren 10a baino lehen. «Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe uzten ahal dute epaimahaikideek». Erabakia publiko egin baino lehen, ordea, Baztango Udala irabazlearekin harremanetan jarriko da. Ondotik, hiru hilero lanaren berri eman beharko die antolatzaileei zein editoreari.

Lan irabazleak 6.000 jasoko ditu. Bekaren erdia 2023ko maiatzean jasoko du eta beste erdia lana argitaratzen duenean.

Ohiturari eutsiz, (H)ilbeltza beka Euskal Nobela Beltzaren Astearen atarian iragarri da. Baztanen ospatuko da, urtarrilaren 23tik 29ra. Prestatu den egitaraua duela bi edizio bekaren irabazle izan zen Eneko Barberenak irekiko du, ‘Suak erreko ez balu’ eleberria hizpide (19.30ean Arizkungo Medikuaren etxean).