Gehiago birziklatzeko bidean abiatu da urtea Ipar Euskal Herrian

Birziklapenaren garapena ahalbidetzen duten aldaketak izan dira Ipar Euskal Herrian igaro den urtarrilaren lehenean. Bereziki plastikoari dagokio hedapena, zakarrontzitik birziklapenaren edukiointzira doazenenen kopurua handitzen baita.

Baiona iparraldean dagoen Canopia zentroan birziklagarrien sailkapenaren parte bat eskuz egiten da.
Baiona iparraldean dagoen Canopia zentroan birziklagarrien sailkapenaren parte bat eskuz egiten da. (Guillaume FAUVEAU)

‘Estalki guziak eta paperak bereizten dira!’ leloarekin mezu argia zabaldu du hondakinen bilketen eskumena duen Bil ta Garbi erakundeak. Sinpleagoa izango da birziklatzea, ez baita jakin beharko zein plastiko edo paper bota daitezkeen edukiontzi horira, dena hartuko baita bertan, metalarekin batera. Hondakinen arteko sailkapena sustatzeko desmartxa berean, kaleetan eta lorategietan hondakin birziklagarriak botatzeko zakarrontzi horiak ezarri dituzte, eta hiri erdiguneetan, kalean uzten ziren plastiko poltsak ordezkatzeko etxeko zarama lur azpiko edukiontzietan bota ahal izanen da.

Bil ta Garbik, eta horren partaide diren Euskal Elkargoa eta Biarnoko Latsetako Herri Elkargoak trantsizio ekologikoaren alde urrats berri bat egin dute hondakinen tratamendurako eraberritze honekin, eta horretarako 30 milioi euroko inbestimendua egin dute. Birziklagarrien kopurua, pertsonako urteko 93 kilogramotik 100 kilogramora pasatu nahi dute 2024rako.

Birziklatzera bota zitezkeen plastikozko ontzien kopurua aski murritza zen orain arte; beraz, aldaketa nabaria da. Lehen ez bezala, jogurt poteak, patata frijitu motako poltsak edo beirazko poteen tapak bota daitezke, besteak beste. Horrek, Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Akitania Berria eskualdeak, plantan emanen duen planarekin bat egiten du, birziklapenaren garapena ‘Zero plastiko kutsadura’ proiektuaren lau ardatzetako bat baita. Izan ere, gaur egun eskualdean 49 kilo plastiko hondakin sortzen dira pertsonako urtero.

2018an Euskal Elkargoa sortu zenetik, zerbitzuaren aldaketa nabarmena egiten joan da, eta pauso berri hau desmartxa horren barnean kokatzen da. Bide horretan, 2013an Baiona iparraldean ireki zen Canopia bereizketa eta tratamendu zentroa handitzen ari da.

Sailkapena egiteko erabiltzen diren zintak bi izatetik bederatzi izatera pasatzea da helburua. Gaur egun sailkapena eskuz eta automatikoki egiten da; aurreikusitako garapen horretan, egun dauden automatizazio tresnak hobetzeko bidea hartu da. Gaur egun 15 lagunek lan egiten dute sailkapena egiten, baina handitzearekin langileen kopurua ere parekoa izanen da.

Horrela, sailkapena 22.000 tonetatik 32.000 tonetara pasatu ahal izango litzateke. Horrek guztiak 15,5 milioiko aurrekontua dauka. Gaur egun oraindik ez da zentroak duen gehieneko gaitasunera ailegatu, 14.000 eta 16.000 tona artean banatzen baitira.

Zentroak beste 16.000 tona inguru berina jasotzen du. Orotara, 2021ean, berrerabili edo birziklatu daitezkeen 30.900 tona hondakin sailkatu ziren Canopian.

Finkatutako xedeak

Urrats berri honekin, hondakinen kopurua txikitzearekin batera, botatzen denaren parte handiago bat balioztatzea edo berrerabiltzea da xedea. 2021ean 93.100 tona etxeko hondakin bildu ziren, 280 kilo urtero pertsonako, eta erdia baino gehiago berrerabilia izaten ahal zen, txatarra edo konposta gisa; bestela, beroa edo elektrizitatea sortu ahal izateko.

Abendura arte birziklatzera bota zitezkeen produktuek orain arteko ustiatze bidea jarraituko dute, eta birziklatzeko sare beretara joanen dira. Berriek, beste bide batzuek hartuko dituzte balorizazioaren bidean. Metalari dagokionez, beste aldaketa bat izan da, lehen ez bezala, zati txikiak ere bota daitezkeelako. Orain arte bezala, birziklagarri guztiak ontzi horira joanen dira. Beira da bereizia izanen den material bakarra, betiko edukiontzi berde biribilduetan joaten baita.

Nabarmentzekoa da ere, Ipar Euskal Herri osoan hondakinen zein birziklagarrien bilketa moduak berdintzea ere badela xede, oraindik lurraldeen arteko zenbait ezberdintasun nabari daudelako.

Barnealdeko gune batzuetan oraindik ere ez dago ziurtatuta birziklagarrien bilketa; hala eta guztiz, hemendik urtebete barru denean izatea espero dute Bil ta Garbikoek.

Beste ezberdintasun bat konpostarena da, ez baita horretarako aukera herri gehienetan eskaintzen, biztanle gehien dagoen gune batzuetan besterik ez.

Konposta, beira, ontzi horiko materiala… tratatzen diren hondakin guztiak Canopiara heltzen dira. Biztanleriak etxean egiten duen sailkatzeko ‘lanak’ jarraipena du han, eta horren ezagutza zabaltzeko eta sentsibilizazioa handitzeko zentroan bisitak proposatzen dira heldu zein txikientzat.

Biarnoko eremuak berezitasun bat izanen du euskal lurraldearekin konparatuta, han tarifa ezberdinak ezarri dituztelako hondakinen kopuruaren arabera. Botatzen den errefusaren araberako prezioa biztanleek ordaintzea da xedea; hau da, zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta merkeagoa izatea bilketa zerbitzua.

Aldaketa gehiago

Sailkapena egiteko mementoan beste aldaketa batzuk ere izanen dira, ez baitira poltsen barruan sartu beharko edukiontzira botatzeko. Atez ateko bilketa egiten den eremuetan, birziklagarriak sartzeko banakako edukiontzi berriak banatu dituzte, eta horien bilketa egiten den zenbait eremutan batze egunak aldatu dira. Bereziki Ipar Euskal Herriko hiri nagusietan izanen da, Baionan, Angelun, Biarritzen eta Hendaian, baina baita Bidarten eta Bokalen ere.

Zenbait auzotan, hiriburuko erdigunean, Baiona Ttipian eta Santizpiritun esaterako, ez dira lurrean utzitako hondakinak bilduko, hori ordezkatzeko lur azpiko bilketa ontziak eraiki direlako. Aldaketa handia izanik, «sailkapenaren enbaxadore» bezala ezagunak diren Bil ta Garbiko langileak etxez etxe ibiliko dira auzo horietan, funtzionamendu berria azaltzen eta era berri horretan aritu ahal izateko poltsa berrerabilgarriak banatzen.

Orain arte bezala, profesionalen kartoiak hartuko dira; baina horretan ere aldaketa izanen da, biztanleenekin ez nahastearren, goizean eginen delako arratsean beharrean.

«Zero plastiko kutsadura» lortzeko bidean

Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Akitania Berria eskualdeko hautetsiek ‘Zero plastiko kutsadura’ plana onartu zuten abenduaren 16an. Horren bitartez, erabili eta botatzen den plastikoaren kopurua txikitu nahi dute, gisa horretan birziklapena garatzeko. Plastikoa ingurumenera ailegatzea saihesteko helburua duen egitasmoa aurten emanen da martxan.

Plana lau ardatzen inguruan antolatuta dago. Erabilera bakarreko zero plastikoak izatea, eta horren ordez bestelako material edo ordezkapen konponbideak ematea. Zero plastiko lurperatzea, horretarako birziklapena garatzea. Zero plastiko itsasoan, horretarako ingurumenera heltzeko izan daitezken aukerak aurreikusi eta saihestea. Zeharkako ardatza, non norbanakoengana eta bestelako eragileengana ailegatzea den xedea, komunikazioaren bitartez, sentsibilizazioa handitzeko.

«Planaren lanketak eta abian jartzeak ahalbidetu behar du berrerabili ezin daitezkeen plastikoen irteera galaraztea, birziklapena garatzea, eta aldi berean ingurumenera isurketarik ez izatea» baieztatu du Jerome Guillemek, Akitania Berriko kontseilaria eta Ekonomia zirkularra eta hondakinen arduradunak. Lau ardatzak garatzeko plangintza antolatu dute jada; zortzi helburu finkatu dituzte, eta urtean zehar 22 ekintzen bitartez gauzatzea aurreikusi dute.

Mundu mailan plastikoa da gehien egiten den materiala, hormigoiaren eta altzairuaren ondotik; hau da, 396 milioi tona urtero, 53 kilo pertsonako egiten duena, eta kutsadura sortzen du fabrikazio prozesu osoan.

Akitania Berrian 305.000 tona hondakin plastiko sortzen dira urtero, eta horietatik 105.000 bizitokietakoak dira, hau da 49 kg urtero pertsonako, eta 150.000 tona enbalaje industrial.

Estatu frantsesean 4.8 milioi tona pisatzen duten plastikozko materialak erabiltzen dira urtero, eta horietatik 3,5 hondakin bilakatzen dira, eta laurdena besterik ez da birziklatzen, nahiz eta sailkapena egin.

Estatu mailan 2020an onartu zen Xahutzearen Kontrako Ekonomia Zirkularraren Aldeko legeak (AGEC frantsesez) 2040rako erabilera bakarreko plastikoen bukaera aurreikusten du. Bide horretan, 2025erako bildutako %100 birziklatzea, 2027rako gainestalduren berrerabilpena %10 handitzea eta 2029rako plastikoen %90 biltzea bilatzen da