NAIZ

Mintzapraktika probatzeko deia egin diete herritarrei, bereziki bidelagunei

Urtarrilarekin batera, heldu da Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko aukera. Zabaltzen ari da sarea Euskal Herrian. Asko dira, baina are gehiago izan beharrean daude. Batez ere bidelagunengana heldu nahi dute, euskaraz aise aritu eta bidelariei euskaraz praktikatzen laguntzen dietenengana.

‘Probatu ez duenak ez daki zer den hau’ lelo ezaguna baliatzen ari dira mintzalagunak erakartzeko amu gisa.
‘Probatu ez duenak ez daki zer den hau’ lelo ezaguna baliatzen ari dira mintzalagunak erakartzeko amu gisa. (TOPAGUNEA)

Mila motibogatik, zazpi mila herritar baino gehiagok astero euskara praktikatzen dute Mintzapraktika egitasmoetan. Astean behin elkartzen dira talde txikitan euskaraz aritzeko. Alde batetik bidelariak daude, euskaraz ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu nahi dutenak hizkuntza praktikatuz; bestetik, bidelagunak, euskara aise erabiltzen dutenak eta ikasten ari direnei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatez izena ematen dutenak. «Probatu al duzu Mintzapraktika? Zurekin euskaraz egin nahi dugu!» leloarekin mintzalagunei egin diete deia, bereziki bidelagunei.

Kanpainan nabarmendu dutenez, Mintzapraktika ongi pasatuz euskara praktikatzeko ezagutzen duten aukerarik onena dela diote probatu dutenek. Laguntasuna eta babesa transmititzen dituen jendez inguratuta, konfiantzan aritzen dira euskaraz elkarrekin, eta euskaraz egiteko ohitura hori inguruko jendearengana zabaltzen dute, hizkuntza hautuetan eraginez.

Sentsazio positibo pila bat ekartzen omen ditu Mintzapraktikan aritzeak. Asko dira Mintzapraktikan hasi eta gaur egun beraien lagunekin, familiakoekin eta lankideekin euskaraz aritzen direnak. Euskaldun izateaz harro sentitzen direnak.

Bidelagun izateko deia

«Zure herrian euskaraz gehiago egin dadin nahi duzu», galdetzen dute kanpainan. «Mintzapraktikan bidelagun arituta eragin dezakezu horretan: pertsona askok euskaraz aritu nahi eta ez dute aukerarik inguruan horretarako lagunik ez dutelako. Beste zenbaitek euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukerarik ez dute eta guztiek Mintzapraktikan aurkitzen dute euskaraz lagun artean aritzeko aukera».

Euskaltzale asko egin da bidelagun, herrikideei euskaraz aritzeko aukera emanez eta euskaraz aritzeko espazioak zabaltzen lagunduz.

Praktikatzeko aukera ugari

Bidelariek eta bidelagunek, eskuz esku, euskaraz aritzeko espazioak eta aukerak ugaritu dituzte 30 urteotan. Horren erakusle da gaur egun Mintzapraktikan aritzeko dauden askotariko moduak: gurasolaguna, parkelaguna, mendi taldeak, hikalaguna, mintza ibilaldiak edo paseoak, mintzaboxeo, emakume taldea, pintxopote taldea edota abesbatza.

Mintzaneten bidez, berriz, internetez konektatzen dira munduko bidelari eta bidelagunak: Ozeaniakoak, AEBetakoak, Estatu frantses eta espainiarrekoak, Mexikokoak, Irlandakoak, Argentinakoak, Uruguaykoak, Txilekoak zein Britainia Handikoak.

Izena emateko aukera

Urtarril honetan Mintzapraktikan izena emateko 2022-2023 ikasturteko bigarren epealdia dago zabalik. Parte hartzeko hainbat aukera eta modu daude.

Mintzapraktikan hasi nahi izanez gero, hurbileko euskara elkartera jotzea da aukerarik onena.