Arnaitz Gorriti

Baliabide gabe geratu da Lointek Gernika Bizkaia eta Emakumeen Eurocupetik at geratu da (68-57)

Barruko jokoan dituen gabeziak, galdu dituen 26 baloiak, Sandra Ygueravideren egun txarra eta Meskonytek ere min hartzeak, kontrako baldintza larregi aurkitu ditu talde bizkaitarrak Polonian eta final-hamaseirenetan amaitu behar izan du Europako txangoa.

Gabija Meskonytek eskuineko hankan min hartuta amaitu du partida.
Gabija Meskonytek eskuineko hankan min hartuta amaitu du partida. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

ENEA GORZOW 68 (146) - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 57 (136)

Beste behin, Emakumeen Eurocupeko final-hamaseirenetan amaitu da Lointek Gernika Bizkaiaren ibilia. Iaz ez bezala, kasu honetan ez da segadarik izan eta aurkaria oro har hobea delarik, eskua eman, zorte ona opatu eta hurrengora arte esatea baino gehiago ezin da egin. Gernikarrek lehenengo laurden ona egin dute eta, kostata bada ere, atsedenaldira arte eutsi diote, baina bigarren erdian askoz gutxiago izan dira poloniarrak baino, laugarren laurdenaren hasieran izan ezik.

Une horretan, Itziar Ariztimuño defentsan ito arte ahalegindu delarik eta poloniarren artean Allana Smith kolpe baten erruz aulkia dela, 1-9ko partziala erdietsi du anna Montañanaren taldeak, eta 53-50 hurbildu da eta Enea Gorzowri beldurra hezurretaraino sartu zaio.

Alabaina, joaneko partida ez bezala, itzulerakoa ez da Sandra Ygueravideren egunik onena izan. Antolatzaile valentziarra kantxara bueltatzea ezinbestekoa zen kanporaketa irabazteko bizkaitarrek aukerarik izango bazuten, baina laurden hasierako defentsako sendotasunak beherantz egin du eta poloniarren artean Horvat, Wadoux eta Allen azaldu dira 15-7ko partziala lortu eta kanporaketa erabakita uzteko.

Bestalde, falta diren jokalariei buruz hitz egitea aitzakiak bilatzea dirudi, baina kasu honetan amorrua sentitzeko modukoa da Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Ganorazko barruko jokorik gabe –Julie Wojta eta Nogaye Lo min hartuta, Sofia Da Silva nahitaez titular izan behar eta Patricia Bura ere behar baino minutu gehiagorekin– eta Meskonytek ere min hartu duela ikusita –ederki hasi da lituaniarra, baina herrenka amaitu du eta jokatu ezinik–, gehi Cvitkovic pertsonalez josita... «zer gerta zitekeen» galdetzea balekoa da kasu honetan. Enea Gorzow talde oso ona da, baina gernikarrek erakutsi dute badirela aurre egiteko lain. Anna Montañana entrenatzaileak bere jokalari guztiak jokatzeko moduan izan balitu, zer pasako ote zen? Ezin jakin, tamalez.

Goitik beherantz

Nolanahi, uste baino askoz hobeto ekin dio talde bizkaitarrak partidari. Anna Montañanak Gabija Meskonyte lituaniarra sartu du hasierako bostekoan Brooque Williamsen lekuan eta itxura baten erdiz erdi asmatu du. Hegalekoa ohi bezain bertikala izan da, zuzenean saskia bilatuz trantsizio azkarren bitartez, eta sekulako mina eman dio Enea Gorzowri aurreneko minutuetan, 5-11.

Egia da poloniarren izarrak, Allana Smith australiarrak, belaunean min hartu duela partidaren hasieran eta horri buelta ematea kosta egin zaiola. Alabaina, Wadoux eta Alleni esker eutsi dio etxeko taldeak bizkaitarraren ekimenari.

Errotazioak ez dio gauza onegirik ekarri, bestalde, Lointek Gernika Bizkaiari. Laurdena amaitzerako hiru kontraeraso garbi ametitu ditu talde gernikarrak eta oro har, joko estatikoan lanak izaten ari zen Enea Gorzowk markagailuari buelta eman ahal izan dio, 17-15. Eta hori gutxi balitz, Andrijana Cvitkovicek bi falta azkar egin ditu. Oraindik ere Julie Wojta jokatzeko moduan ez dagoela aintzat hartuta, hasiera bikain baten ostean lanak pilatzen hasi zaizkio Anna Montañanaren taldeari.

Allana Smith kantxara itzuli izanaz poztuta, 5-0eko partzialarekin ekin dio Enea Gorzowk bigarren laurdenari, 22-15 aldenduz markagailuan. Laurden osoan zehar pausu bat atzetik joatea egokitu zaie gernikarrei, kostata bada ere aurkariaren erritmoari eutsi ahal izateko. Bistakoa denez, joan zen astean ez bezala, hirukoak oso nekez iritsi dira eta Julie Wojta gabe, barruko jokoaren gabeziak beste behin agerian eta nabarmen geratu dira.

Atsedenaldira iristerako 12 baloi galdu ditu talde bizkaitarrak –azkenerako 26 galdu ditu– eta horri dela-eta, gehi defentsako errebotea ixten izandako arazoen erruz, Poloniako taldeak ihes egin du markagailuan, partida 34-26 dela joan baitira aldageletara jokalariak.

Nahi eta ezin

Ez dio inolako egurrik eman Enea Gorzow talde bizkaitarrari, baina hobea izan da, batez ere jokoaren martxa Lindsay Allenek eraman ahal izan duen bitartean. Meskonyte ere jokatu ezinik geratu delarik, errotazioa are eta murritzagoa geratu zaio Anna Montañanari eta neurketa bezala kanporaketa, pixkanaka itzaltzen joan da hirugarren laurdenean. AJP pabilioia ere isiltzen joan da, zaleak lasai asko, etxeko taldea askoz hobe ari zela eta kanporaketa eskuan zuela ikusita.

Orduan iritsi da bizkaitarren erreakzioa. Ariztimuño eta Roso Buch batetik, Spreafico, Cvitkovic eta Da Silva bestetik, defentsan ahal bezain beste sakatzen hasi dira azken laurdenaren hasieran. Aurrez Allana Smithi sekulakoa eman diote gernikarrek, nahita izan ez bada ere. australiarra gabe, une batez noraezean geratu da talde poloniarra eta iparrorratzik gabeko tarte hori baliatu du Lointek Gernika Basketek 53-50 hurbiltzeko. Lasaitasuna albora utzita, zaleek ozen asko animatu dute tarte horretan.

Sandra Ygueravide itzuli du une horretan Anna Montañanak, leher eginda zegoen Sofia Da Silvaren lekuan. Berehala itzuli behar izan du portugaldarrak, Cvitkovic pertsonalez leporaino zegoelako. Nolanahi, Ygueravide izan da Montañanaren apustua, apustu logikoa bestela ere, kanporaketa Euskal Herrira ekartzeko, baina ez da posible izan. Valentziarrak hamahiru jaurtiketatik hiru bakarrik sartu ditu, zortzitik bi hirukoetan. Ez hori bakarrik, bost baloi ere galdi ditu, azkenerako presaren presak jota.

Bestalde, Allen eta Horvat azaldu dira etxekoen artean markagailuan berriz ere aldea hartzeko, eta Wadoux frantziarraren hirukoek, azkenik, neurketari azken igurtzia eman dio.

Hurrengo baten beharko du; Lointek Gernika Bizkaiak jokalari guztiak jokatzeko moduan dituen hurrengoren baten, alegia.

PARTIDAKO FITXA

ENEA GORZOW: Allen (11), Keller (6), Allana Smith (16), Wadoux (14) eta Senyurek (9) –hasierako bostekoa–, Horvat (10), Matkowska (2) eta Bazan.

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA: Sandra Ygueravide (8), Gabija Meskonyte (5), Laura Spreafico (11), Andrijana Cvitkovic (4) eta Sofia Da Silva (3) –hasierako bostekoa–, Itziar Ariztimuño (2), Roso Buch (6), Brooque Williams (12) eta Patricia Bura (6).

Epaileak: Mavisu, Kucirek eta Hodzic. Andrijana Cvitkovic egotzi dute bost faltarekin.

Partzialak: 17-15, 17-11, 18-15, 16-16.

Gorabeherak: Emakumeen Eurocupeko final-hamaseirenetako kanporaketari dagokion itzulerako partida. Lointek Gernika Bizkaiaren berrogeita hamargarren partida Europan. Allana Smithek belaunean min hartu du partida hasieran, nahiz eta jokora itzuli ahal izan duen. Gabija Meskonytek min hartu du eskuineko hankan. Hargatik, ez du bigarren erdian jokatu.