Jon Ormazabal

Aitor Elordik ez du ostiralean Urdulizen jokatzerik izango eta Irribarriak ordeztuko du

Mallabiarrak ezker eskua minduta amaitu zuen igandean Bilbon eta bere lekua aramarrari utziko dio Ezkurdia eta Martijaren aurka aritzeko

Iker Irribarria Binakako txapelketara itzuliko da Mungian.
Iker Irribarria Binakako txapelketara itzuliko da Mungian. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Nahi baino garestiago ordaindu behar izango du Aitor Elordik Binakako txapelketan jasotako lehen porrota, Bilbon utzi zuten lehen puntuaz harago, hurrengo ostiralean Urdulizen jokatzekoa zen partida bertan behera utzi behar izan du eta mallabiarrak, ezker eskuko minak jota. Lehia ikaragarri luze eta piloteatua izan zen Altuna-Tolosaren aurkakoa eta aurrelari bizkaitarrak ez du bere ezkerra ostrialerako sendatzeko moduan ikusten eta nahiago izan du atseden hartzea.

Bere ordez, Aspek Iker Irribarria programatu du aspaldiko partez Binakako txapelketarako. Lehen bi jardunaldietan, Jokin Altunak jokatzerik izan ez zuenean, Eibarko enpresak Danel Elezkanoren aldeko apustua egin zuen –garaipen bat ere eskuratu zuen Tolosarekin zaratamarrak, Etxeberria-Rezustaren aurka 22-21 Tolosan–, baina oraingo honetan nahiago izan dute aramarrari aukera eman. 2019an elkarrekin aritu ziren Irribarria eta Zabaleta Binakakoan eta finalerako txartela eskuratu zuten, baina ez zuten txapela janzterik izan, finalean Elezkano eta Rezusta nagusitu baitziren 22-19.

Ostiraleko txapelketa horren aurretik, goierritarrak asteazkenean Mungian jokatuko du, Laso-Imazek eta Urrutikoetxea-Albisuk jokatuko duten txapelketako partidaren aurretik. Eskuza lagun, Elezkano eta Arbizuren aurka arituko dira.

Frontoi luzean

Gaur bertan egin dute Mungiako partida horretarako material aukeraketa eta herramintako pilotalekua izaki, garrantzia berezia izan dezake aukeraketa horrek. «Egia esan, gehiago gustatu zaizkigu eurak aukeratutako pilotak gureak baino, txispa gehiago dute eta kontuan izan behar da pilotaleku honek asko jaten duela pilota eta, partida luzatuz gero, ezertan geratzen direla», azaldu du Mikel Urrutikoetxeak.

Pilotalekuaren ezaugarriak ezagututa, ohikoa baina pilota zertxobait biziagoak jarri dituzte saskitxoan, baina bi bikoteek gustura amaitu dute topatutakoarekin. «Jon Anderrek –Albisuk– jotzen dionarekin, pilota biziekin, hasieran kosta egingo zaigu ziurrenik, baina Unaiek ere min handia egin dezake material horrekin», aipatu du Imazek.

Gora begira dauden bi bikote arituko dira elkarren aurka Mungian eta borroka horretan lehia garrantzitsua izango da batzuentzat bezala besteentzat. Gaur egun iazko txapeldunordeek puntu bat gehiago dute, baina lehen itzulian Urrutikoetxea-Albisuk 22-19 irabazi zuten eta puntutara berdinduta, tanto aldea euren alde izango lukete beteranoek asteazkenean gailenduz gero.

Ezkurdi, prest

Hamar hilabeteko lanen eta 1.271.826 euroko inbertsioaren ondoren, Durangoko Udalak Ezkurdi Jai Alai pilotalekuko ateak irekiko ditu berriro hurrengo asteburuan, esku pilota eta lehen mailako zesta punta partidekin. 1955ean eraikitako frontoian egindako lanen helburu nagusiak estalkia ordezkatzea, irisgarritasuna bermatzea , jolasgunea hobetzea eta energia eraginkortasuna hobetzea izan dira.

Urtarrilaren 27an, ostirala, zesta punta partidekin hasiko da asteburua. Helena–Eneritz eta Erika–Maialen bikoteek hasiera partida jokatuko dute, eta, ondoren, Erkiaga–Zabala eta Goiko–Lekerika bikoteen txanda izango da.

Urtarrilaren 29an, igandean, esku pilotajaialdia antolatu dute. Durangoko pilota eskolako gazteen partiden ondoren, Unai Laso manomanistako txapeldunak, Uriondorekin batera, Artola eta Morgaetxebarriaren aurka jokatuko du.