NAIZ

Erretreten erreformaren aurka, mobilizazio handia aurreikusten da Baionan

Elisabeth Bornek aurkezturiko erretreten erreforma geldiarazteko xede, lehen mobilizazio egun handia deitu dute, ostegun honetarako, sindikatuek frantses Estatuan. Baionan, mobilizazio handia aurreikusten da. 10.30ean hitzordua eman dute bai intersindikalak, baita LAB sindikatuak ere.

Frantses estatu mailan deituriko protestak oihartzun zabala ukanen du baita Euskal Herrian ere.
Frantses estatu mailan deituriko protestak oihartzun zabala ukanen du baita Euskal Herrian ere. (Guillaume FAUVEAU)

CDFT, CGT, FO, CFE CGC, CFTC, UNSA, Solidaires eta FSU sindikatuek gaur 10.30etik goiti Baionan iraganen den manifestazioan parte hartzera deitu dute, erretreten erreformaren aurka. LAB sindikatuak ere karrikara irteteko deia egin du. Intersindikalak karrikara ateratzeko deia egina du, 2030erako erretreta 62 urtetik 64ra luzatzeko Elisabeth Borne lehen ministroak aurkezturiko egitasmoa errefusa dadin.

LABek 60 urterekin erretiroa hartzeko adinera itzultzea eskatzen du, 37,5 urteko kotizazioarekin. Gainera, gutxieneko soldataren araberako pentsioa aldarrikatu du.

Finean, ELB laborarien sindikatuak Baionako manifestaziora bertaratzeko gonbidapena luzatu du. Borne erreformaren ondorioz, «laborari emazteek, usu karrera ez osoak dituztenek eta azpi-estatusetan edo deklaratu gabe lan egin dutenek penalizazio bikoitza izanen dutela», salatu du sindikatuak.

Gauzak horrela, ñabardurak ñabardura, indar sindikalen batasunak mobilizazio arrakastatsua izateko baldintzak sortu ditu Ipar Euskal Herrian. Frantses Estatu mailan milioi bat langile karrikan izateko erronka finkatu dute sindikatuek. Azken orduetan neguko giroak lurralde bazterrak hoztu baditu ere, mobilizazioak karrikak berotuko dituela espero dute sindikatuek, erronka tamainakoa dela nabarmenduz.

Ondorengo asteotan mobilizazio iraunkorra bilakatzeko asmoa luke gaurko protestak. Horretarako, langileek era oro har herritarrek gaur emango duten erantzunak bere biziko garrantzia hartuko du. Hain zuzen, sindikatuek ohar bat argitaratu zuten iragan ostiralean, eta horren bidez, dei egin zieten gazteei, langileei eta pentsiodunei «greba eta mobilizazioaren bidez ausardiaz jokatzera».

Eragile politiko eta sozialak ere

Sindikatuak ez dira karrikara aterako diren bakarrak izanen. Izan ere, erretreten erreforma errefusatzeko deialdiekin bat egin du, esaterako, Iñaki Echanizek, Euskal Herria eta Biarno barne hartzen dituen barrutiko diputatu sozialistak. «Gobernuak gibelera egin dezan mobilizatuko gara. Asanblea Nazionalean, jakina, baina baita karrikan ere, erakunde sindikalen gibelean, eta gure barrutietan», adierazi zuen mobilizazio egunaren bezperan zabalduriko mezuan.

Euskal Herria Baik protesta egunean parte hartuko du. Erreformari buruz, «pertsonen eskubideen eta bizi baldintzen urraketa katean aurkitzen dugun beste etapa bat» dela ohartarazi du ezkerreko mugimendu abertzaleak. Era berean, «ondasunen banaketan eta jendartearen ongizatearen hobetzearen logika» hobetsi ordez «ekoizpenean eta irabazi gehiago sortzean oinarritua den sistema neoliberalaren logikan kokatua den proposamena dela» salatu du.

Euskal Herriko Europe Ecologie Les Verts alderdi ekologistak ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, Pirinio Atlantikoetako Departamendu mailako Frantziako Alderdi Komunistak bezala. Euskal Herriko NPAko kideak ere manifestazioan izanen dira.

Eragile sozialen artean, Alda mugimenduak karrikara ateratzeko beharra nabarmendu du, uste baitu «lanbide zailenak dituzten herritarrek, gutxien ordainduak daudenak, egoera prekarioenean daudenek pairatuko dituztela interes orokorraren aurka doazen erabaki horiek».

Grebaren oihartzuna

Mobilizazio eta greba egunaren deitzaileen arabera, funtzio publikotik zein sektore pribatutik jasotako «oihartzunek» erretreten erreforma geldiarazteko deitu duten lehen protesta honek erantzun zabala izanen duela aditzera ematen dute.

Hala, Hezkuntzari dagokionez, haur txikiei harrera egiteko egitura guztiak itxita izanen dira Baionan. Angelun, Urruñan edo Donibane Lohizunen ikastetxe ugari itxita izanen direla ohartarazi dute udalek. Tokian toki gutxieneko zerbitzuak plantan eman dituzte. Baionan, Seaskak duen Bernat Etxepare lizeoa itxita izanen da.

Garraioaren alorrean ere eragina ukanen du protestak. Hala Biarritzeko aireportuan aurreikusita dauden bederatzi hegaldietatik hiru bertan behera utzi zituzten atzo. Kontrolatzaileek gaur hartuko duten jokabidearen arabera jarduera gehiago moteldu daiteke.

Eskualdeko tren zerbitzurik (TER) ez dela izanen adierazi zuen, bestalde, atzo iluntzean SNCFk. Tren konpainiak Akitania Berrian duen zerbitzuko arduradunek gaineratu zutenez, AHTren kasuan bostetik bat baizik ezin da ziurtatu urtarrilaren 19 honetan.