NAIZ

Lan osasunaren arloan «atzerakada» dagoela egiaztatu du LABek 2022ko txostenean

Lan istripuei buruzko 2022ko txostena aurkeztu du LABek. Jakitera eman dute iaz 69 langile hil zirela Euskal Herrian eta beste 276 gaixotasun profesionalen batek jota. Eta atzera egiten ari dela ondorioztatu du.

LABek Euskal Herriko lan-ezbeharrei buruzko 2022ko txostena aurkeztu du.
LABek Euskal Herriko lan-ezbeharrei buruzko 2022ko txostena aurkeztu du. (LAB)

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak eta Inko Iriarte Lan Osasuneko idazkariak sindikatuak egindako Euskal Herriko lan-ezbeharrei buruzko 2022ko txostena aurkeztu dute astearte honetan (Nafarroan ere beste agerraldi bat egiten dute Amaia Labaienek eta Imanol Karrerak). Jakitera eman dute iaz 69 langile hil zirela Euskal Herrian eta beste 276 langile inguru gaixotasun profesionalen ondorioz.

Txostenak Gizarte Segurantzaren bidez lortutakoak eta sindikatuak dituen ordezkarien sareari esker jasotakoak bildu ditu. Labaienek eta Karrerak nabarmendu dute esku artean dituzten zifrak datu ofizialenak dituztenak baino larriagoak direla, eta horregatik, ez diete sinesgarritasunik ematen datu horiei, mutualitateek sortutako «datu interesatuak» direlakoan.

Aranburuk nabarmendu du 2022. urtean gertatutako istripu hilgarriak ekiditea «oso erraza» zela: «Arriskuen azterketa sakonik eta prebentzio plan mardulik gabe, oinarri-oinarrizko prebentzio neurri errazekin, erdira baino gehiago murriztu zitekeen hildako kopurua».

Basogintza, eraikuntza, industria...

Sektoreka eman dituzte txosteneko datuak. Iriartek azpimarratu du proportzioan basogintza sektoreak marka guztiak hausten dituela, eraikuntza baino «15 bider hilgarriagoa» baita. Eraikuntzan 20 pertsona hil ziren lanean ari zirela. Gehienak altueraren batetik erortzeagatik jazotako heriotzak dira eta LABeko kideek salatu dute ez dela behar besteko prebentzio lana egiten.

Industria sektorean 22 izan dira hildako langileak, tartean Garesko espazio konfinatuetan egindako lanen ondorioz hildako 2 pertsonak. Sindikatutik azaldu dutenez «makinak eta laneko ekipoak erabiltzeko legeria zorrotza izan arren, ez da ia inon betetzen, eta kolpeak eta harrapaketak dira arrisku-faktore nagusiak». Garraioaren sektorean 9 behargin hil dira, haietako 6 heriotza ez-traumatikoak izan direlarik.

Azaldu dutenez, txostenarekin ondorioztatu dute «lan-osasunerako eskubidean atzera egiten ari garela. Laneko osasunerako eskubidea egunero urratzen da, argazkia gordina da. Urtez urte, egoera ez da hobetzen». Istripuez gain, LABek azpimarratu nahi izan du prekarietateak gaixotasunak ere eragiten dituela, eta eritasun horien ondorioz langileak hiltzen direla. Horregatik, uste dute «ikertu egin beharko liratekeela ez-traumatikotzat jotako heriotzen arrazoiak». Prekarietateak, soldata baxuek, lanaldi luzeek, laneko presak edota estresak bizitza osasuntsua izatea eragozten dutela ere azpimarratu nahi izan dute.

LAB sindikatuak, halaber, gaitzetsi egin du prebentzioan «sexuaren eta generoaren aldagaia aintzat ez hartzea». Azaldu dutenez, «sektore feminizatuetako lanbide-gaixotasunak, zeregin errepikakorrekin lotutakoak, sistema muskular eskeletikoari eragiten diotenak, eta zaintzaren moduko esparruetan lan egiten duten emakumeen langileen arrisku psikosozialak ez dira kontuan hartzen».

Patronalaren eta instituzioen ardura

LAB sindikatuaren ustez, «patronala zigorgabe sentitzeak egungo egoera ahalbidetzen du». Halaber, instituzioen utzikeria salatu dute: «Ez dago lan-ikuskatzaile nahikorik, ez dago inolako neurririk zigortuak izan diren enpresei dagokienez, ez dute patronala interpelatzen prebentzio-neurriak hartzeko eskatuz».

Mutualitateak hartzen ari diren rola ere mahai gainera ekarri nahi izan dute. Sindikatuak salatu duenez,«osasun sistemaren pribatizazioarekin, gero eta eskumen gehiago eman zaizkie». LABek iragarri du Osalani zein Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari prebentzio-plan eraginkorrak exijitzeko proposamenak eskatuko dizkietela.