NAIZ

Pilota mistoak gero eta garrantzia gehiago duela irudikatuko du VII. Binakako Masterrak

Aurtengo txapelketa asteazken honetan aurkeztu da eta bertan 65 pilotarik hartuko dute parte lau mailetan: pilota goxua (25 pilotari), pilota mistoa gazteak (24), pilota mistoa 1.maila (8) eta pilota mistoa elite maila (8).

Binakako Master Laboral Kutxa txapelketan parte hartuko duten pilotariak.
Binakako Master Laboral Kutxa txapelketan parte hartuko duten pilotariak. (EMAKUME MASTER CUP)

Donostiako Aquariuma aukeratu dute antolatzaileek VII. Binakako Master Laboral Kutxa txapelketa aurkezteko. Duela zazpi urte Emakume Master Cup sortu zenetik hona goranzko bilakaera izan duela antzeman daiteke, eta horren adibide garbia da asteazken honetako ekitaldian izan diren erakunde desberdinetako ordezkariak: Euskadiko Pilota Federakuntzako emakumezkoen saileko arduraduna, Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendaria, Lakuako Gobernuko Kirol Zuzendaria edota Zarauzko alkateordea.

Bilakaera horretan argi antzeman daiteke pilota mistoak hartu duen garrantzia. Hasiera batean txapelketa guztiak pilota goxoarekin jokatzen baziren, gaur da eguna mistoaren aldeko apustua egiten dutenak gehiengoa direna. Pentsa, aurtengo txapelketan 65 pilotarik hartuko dute parte, lau mailetan, eta gehienak 85 gramotako pisua eta 60 milimetrotako diametroa duten pilota mistoarekin arituko dira: pilota goxua (25 pilotari), pilota mistoa gazteak (24), pilota mistoa 1. maila (8) eta pilota mistoa elite maila (8).

Gainera, hasieratik izan duen filosofiari jarraiki, aurtengoa ere txapelketa erabat irekia izango da; hau da, parte hartu nahi izan duten emakume guztiek ateak erabat irekiak izan dituzte eta bakoitzak bere behar eta nahietara egokituko den lehiaketa bat izango du. Gauzak hala, oraindik pilota goxoarekin jokatzea nahiago dutenek ere izango dute euren txokoa, «garrantzitsuena pilotan aritzeko gogoa duten emakume guztiek horretarako aukera izatea baita», azpimarratu dute aurkezpenean.

VII. Binakako Master Laboral Kutxa txapelketari dagokionez, Murgian hasiko da igande honetan eta dagoeneko prest du martxoaren 26ra arte Zarautzera eramango duen bide-orria. Amezketa (otsailaren 12an), Galdakao (otsailaren 19an), Segura (otsailaren 26an), Eskoriatza (martxoaren 4an), Zamudio (martxoaren 4an), Asteasu (martxoaren 5ean) eta Laudio (martxoaren 12an) izango dira Aritzbatalde historikorako bideko beste geltokiak.

Finalerdiak Laudion jokatuko dira (ETB-k zuzenean eskainiko ditu), martxoaren 12an, eta Zarautzeko jaialdia 26an, ETB-1ek zuzenean emango duen jaialdia. Bertan pilota mistoko lehen mailako eta eliteko finalak jokatuko dira.

Elite mailan, iazko txapeldunak, Olatz Arrizabalaga eta Enara Gaminde, bere aldetik saiatu beharko dute txapela errepikatzen. Larrarte-Arrillaga, Arrizabalaga-Capellan, Aldai-Mendizabal eta Garai-Gaminde dira antolatzaileek prestatutako bikoteak. Denak denen aurka arituko dira eta ligaxkako sailkapenaren arabera jokatuko dira Laudioko finalerdiak, lehenengoak laugarrenen aurka eta bigarrenak hirugarrenen aurka.

Lehen mailan, aldiz, bikote hauek arituko dira: Barrokal-Oses, Etxegarai-Erasun, Arraiza-Zabala eta Beitia-Bergara. Beheko irudian ikus daiteke maila honetako kuadroa: