NAIZ

Bidaideak, beste behin Europako Champions Cupeko onenekin lehiatzeko prestatu da

Ostiral eta larunbatean Txurdinagako kiroldegian talde bilbotarrak Galatasaray, Le Cannet frantsesa, Amicacci Abruzzo italiarra eta Manchester Revolutions talde ingelesari egin beharko die aurre. Lehenengo bi postuetan sailkatzen direnak martxoan final-laurdenak jokatuko dituzte.

Bidaideak Bilbao BSRko kideak, Bizkaiko foru aldundiko eta Bilboko Udalekoekin batera, Bilboko Champions Cuparen aurkezpenean.
Bidaideak Bilbao BSRko kideak, Bizkaiko foru aldundiko eta Bilboko Udalekoekin batera, Bilboko Champions Cuparen aurkezpenean. (@BILBOKO UDALA)

Otsailaren hasiera honekin Saskibaloiko Europako Champions Cup delakoaren kanporaketetako bat Bilbon jokatuko da, Txurdinagako kiroldegian. Eta bertoko taldea, Bidaideak Bilbao BSR, bertan izango da.

Asteazken honetan aurkeztu da txapelketa Bilboko Udaletxean, Bidaideakeko kapitaina, Asier Garcia eta Txema Alonso klubeko presidentea bertan direla, Bilbko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko kide ezberdinekin batera.

«Oso aurkari zailak izango ditugu aurrean, baina talde honek behin baino sarriago erakutsi du apustulariek uste ez bezalako emaitzak lortzeko kapaz dela», laburbildu du Asier Garcia Bidaideak Bilbao BSR taldeko kapitainak.

«Etxean jokatzea guretzat harro egoteko kontua baino gehiago da. Hasteko, gure zaleak Europako onenetakoak direlako. Horrez gain, ziur nago zaleen bultzadari esker gure mugez haraindi jokatzera iritsiko garela», gaineratu du Garciak.

Asteburu bete-betea

Ostiralean eta larunbatean jokatuko dira neurketak eta etxeko taldeak. Ostiral goizeko 11.15etan Bidaideak Italiako Amicacci Abruzzoren aurka jokatuko du, eta berau izango da lehiaketako aurreneko dema. Italiako liga txapelketa lortzeko ohiko hautagaia da talde italiarra eta bere herrialdeko Superkopa irabazi berri izanaz gain, Europako bi titulu ditu bere palmaresean.

Aurrez, 11.00etan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Bizkaiko foru diputatu Lorea Bilbaok, ofizialki inauguratuko dute txapelketa.

Bilbotarren aurreneko partidaren ostean, txapelketa honetan bide luzea egiteko hautagaietako bat den Galatasaray talde turkiarraren txanda izango du. Hornet Le Cannet talde frantsesa izango da bere aurkaria turkiarraren aurka jokatuko da. Neurketa honen ondoren, Manchester Revolution talde ingelesak Amicacci Abruzzoren aurka jokatuko du, hilaren 3ko goizeko saioa amaituz.

18.00etan, berriz, Bidaideak Bilbao BSR eta Galatasarayren arteko dema izango da, Europako gurpildun aulki gaineko saskibaloian azken urteotan aurkio litekeen partida erakargarrienetako bat, hain zuzen. Gogoratu behar da turkiarrek azken segundoetan irabazi zietela bizkaitarrei 2018ko Euroligako finalean, Txurdinagako kiroldegian bertan.

Manchesterrek eta Le Cannetek jokatuko duten partidarekin amaituko da aurreneko jardunaldia.

Hilaren 4ko jardunaldia ere goiz hasiko da eta luze joko du. Galatasarayk eta Amicacci Abruzzok 9.00etan jokatuko dute larunbateko aurreneko partida.

11.15etan, berriz Bidaideak Le Cannet taldea, Frantziako Ligako egungo txapelduna, izango du aurrez aurre. Bilbotarrak eta frantsesak iaz ere aurrez aurre izan ziren Erfurthen, Alemanian, jokatu zen Champions Cupeko Zortziko Finalean eta aise gailendu zen Le Cannet. Beraz, Adrian Yañezen mutilentzat exijentzia handiko partida izango da.

Goizeko saioko azken norgehiagoka 13.30etan hasiko da: Galatasarayko eta Manchesterren artean. Arratsaldeko saioa, berriz, 15.45etan hasiko da Le Cannet eta Amicacci Abruzzoren artean. Kanporaketa luze honetako azken partida, ostera 18.00etan jokatuko du Bidaideak Bilbao BSRk Manchester Revolution taldearen aurka.

«Lehiaketa zoragarria izango da», aurreratu du Asier Garciak. «Nornahik nornahiri irabazteko aukera izango du. Partidak xehetasun txikien baitan erabakiko dira baina gure aldetik, ikuskizun ona eskaintzeaz gain, gure kirol helburuak betetzea; alegia, aurrean egotea izango da», gaineratu du joko antolatzaile bilbotarrak.

Azkenik, sariak banatzeko ekitaldia egingo da; izan ere, bi onenek final-laurdenak jokatuko dituzte martxoan, Thuringia Bulls talde alemaniarrak eta AMIAB Albacetek antolatuta.