NAIZ
Iruñea

Mañeru eremu mistoan sartzeari emandako ezetzak ika-mikak eragin ditu Legebiltzarrean

Mañeru herria eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzeari ateak itxi dizkio Nafarroako Legebiltzarrak, PSN eta Navarra Sumak botoak batu eta ekiditeko gehiengoa erditsi ondoren. Herriak osoko bilkuran horretarako borondatea azaldu du, eta errealitate soziolinguistikoa horrekin lerratuta dago.

Inmaculada Jurio PSNko batzarkideak argudiatu du alderdiaren kontrako botoa.
Inmaculada Jurio PSNko batzarkideak argudiatu du alderdiaren kontrako botoa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Legebiltzarreko osoko bilkurak atzera bota du, ostegun honetan, Navarra Sumaren eta PSNren botoekin, 1996ko Euskararen Foru Legea aldatu nahi zuen lege-proposamena, Mañeru eremu mistoan sartzea ahalbidetzeko.

Geroa Bai alderdiko Jabi Arakamak EH Bildurekin, Podemosekin eta I-Erekin batera sinatutako ekimena defendatu du, Mañeruren eskaerari erantzuteko, alegia, eremu mistoan sartzeko. Neurri hori defendatzen duten herritarrei «eskubideak zabaltzea» dagoela oinarrian esan du, eta joan den mendeetan udalerri euskaldun gisa izan duten aintzatespena berreskuratzea.

Horren harira, gogorarazi du Garesko eskola publikoan matrikulatutako Mañeruko ikasleen %64k euskaraz ikasten dutela, D ereduan, eta gainerakoek euskara A ereduan. Beraz, eremu mistoak duenaren moduko «legezko estaldura» ematea eta eskubideak zabaltzea da helburua, «euskaraz hitz egiten ez dutenei kalterik egin gabe».

«Mañeru ez da erdal uharte elebakarra inguru euskaldun batean», adierazu du Arakamak, eta nabarmendu du bere bilakaerak zerikusi handiagoa duela eremu mistoarekin eremu ez-euskaldunarekin baino. Beraz, proposamena «errealitate soziolinguistikoarekin guztiz bat datorren aldaketa da, zonako irizpidea betetzen du» eta «herriaren borondatearekin bat dator».

Hori dela eta, PSNren babesa eskatu du, udal autonomiarekiko errespetua eskatu baitio. «Dagoeneko, ezta sinesgarritasunik ere  ez duzue», aurpegiratu die PSNko kideei.

Lege-proposamenaren aldeko txandan, Bakartxo Ruiz EH Bilduko kideak PSNri galdetu dio «zein den arazoa», zein den «eskandalua», Mañeruko Udalaren eskaerari «atea ixteko», eta «karramarroaren politika», hau da, «dagoenari eustea edo, are gehiago, kontra egitea bilatzen duena», nahiz eta errealitate soziolinguistikoak aurrera egin duen, «ez baitago bere erresistentzia ulertzeko modurik».

Ainhoa Aznarez Podemoseko kidearen ustez, «altxorra» da Nafarroan berezko bi hizkuntza izatea, eta «azaltzeko zaila» deriotzo Mañeru eremu mistoan ez sartzea. Beste hainbeste adierazi du I-Eko Marisa de Simonek, bere taldeak «Mañeruko herri ordezkarien aho bateko erabakia bere gain» hartzen duela adieraziz.

NA+ eta PSN

Ekimenaren aurka, NA+eko Iñaki Iriartek defendatu du «gaztelania dela oraindik ere Mañeruko herritar gehienen ohiko hizkuntza», nahiz eta onartu «euskaldunen ehunekoa hazi» egin dela. Errealitate soziolinguistikoa aldakorra dela argudiatuz, ondorioak kontuan hartu behar direla esan du, adibidez, udal lanpostuak balioesteko edo irakaskuntzako komunikazio-hizkuntza gisa baloratzeko.

PSNren izenean, Inmaculada Juriok Geroa Bairi leporatu dio auzia aurreko legegintzaldian defendatzeko gai ez izana, «konplexuengatik» edo «kudeaketa txarragatik».

Zonifikazioak «euskararen erabilera lurralde bakoitzeko errealitate linguistikoaren arabera modulatzen» duela argudiatu du.

Hordago! ekimenaren atsekabea

Zonifikazioaren aurkako Hordago! herri ekimenak «atsekabe handiz» ikusi du  Nafarroako Parlamentuko gehiengoak, Navarra Suma eta PSN batuz, atea itxi izana «herri txiki batek hizkuntza gutxitu eta gutxiagotu baten alde egin nahi zuen urrats txikiari».

Ohar bidez plazaratu duenez, mañerutarren eskaeraren aferak «bertze behin ere agerian utzi du euskararen zonifikazioak ez duela ez hanka eta ez buru, ez diola erantzuten ezein irizpide soziolinguistikori, eta ez dituela betetzen Euskararen Legeak berak markatzen dituen funtsezko helburuak», hots, botere publikoek euskararen berreskurapena eta hedapena babestu behar dutela dioten horiek.

Gogor agertu da herri mugimendua. «Mañeru ukitzen duten udalerri gehienak eremu mistoan daude, eta ez dago argudio bakar bat ere esplika dezakeena Mañeruk ezin duela pauso hori eman; Nafarroa eta euskara ulertzeko ikuspegi distortsionatutik ez bada, noski».

Hordago! ekimenak lanean segiko duela berretsi du, eta ez du aipatu gabe utzi nahi izan PSNtik «haizatu duen mamua» eremu aldaketen inguruan. «Zenbait udalerrik mistotik ez-euskaldunera pasatu» nahi dutela dioen hori. «Ulertzen dugu mehatxu moduan erraten duela, udalerriak ez daitezen gehiegi animatu eremuen goranzko aldaketa eskaerekin. Baina ez dugu ulertzen ahal nola gai diren maila berean jartzeko Euskararen Legearen funtsezko helburuen kontra jotzen duten aldaketak eta helburu horiekin bat egiten dutenak.