NAIZ

Lukas Agirreren heriotzagatik espetxeratutako gazteak preso jarraituko du

Lukas Agirre gaztearen heriotzagatik hiru pertsona atxilotu zituzten eta haietako bat behin-behineko espetxealdian dago. Haren abokatuak egindako aske uzteko eskaerari uko egin dio epaileak.

Lukas Agirreri agurra egin zioten Donostian, Usandizaga institutuan.
Lukas Agirreri agurra egin zioten Donostian, Usandizaga institutuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Joan den Eguberri egunean Donostiako erdigunean Lukas Agirreren homizidioa ikertzen ari den epaitegiak errefusatu egin du gertakari horiengatik behin-behineko espetxealdian dagoen gaztea aske uztea. Defentsak krimenaren polizia ikerketaren atestatua baliogabetzeko eskatu zuen joan den hilean.

Ezbeharra 2022ko abenduaren 25ean gertatu zen, goizaldeko 6.20ak aldera, Okendo plazan, Victoria Eugenia Antzokiaren eta Maria Cristina Hotelaren artean. 24 urteko Agirrek hainbat labankada jaso zituen eta bertan hil zen.

Gertakariak ikertzen ari zirela, Ertzaintzak 28 urteko emakume bat eta 26 urteko gizon bat atxilotu zituen handik gertu, eta orain kartzelan dagoen 24 urteko gizonak bere kabuz aurkeztu zen ertzain-etxe batean, ordu batzuk geroago. Gaia ikertzen ari den magistratuak azken atxilotu hori Martuteneko espetxean sartzeko agindu zuen ondoren, baina beste biak behin-behinean aske utzi zituen.

Joan den urtarrilean, espetxean dagoen gizonaren abokatuak bere bezeroa behin-behinean aske uzteko eskatu zuen, eta Poliziaren atestatua baliogabetzeko ere galdegin zuen, bere ustez, «modu arbitrarioan» eta «kaotikoan» egin zelako, «kronologiari» dagokionez, eta, gainera, ustez «objektibotasun eta inpartzialtasun irizpidearen» aurka egin zelako.

Hala ere, auto batean, auzia daraman epaileak uko egin dio gaztea aske uzteari, eta errefusatu egin du polizia atestatuaren deuseztatzea. Testuaren arabera, «ikertutako gertakarien larritasuna ikusita», polizia eginbide «asko» egin ziren, horietako batzuk «aldi berean», eta horrek «ezinezkoa» egiten du «dokumentazioan ordena kronologikorik jarraitzea».

Idazkiak azpimarratu du, halaber, prozesu horretan «atxilotuen eskaeretan aldaketak» izan zirela, «hasiera batean odola ateratzeko eta gernu laginak hartzeko aukera baztertu baitzuten, geroago ukatutako hori eskatzeko». Dokumentu judizialak gogora ekarri duenez, prozesuan zehar «abokatuen izendapenean aldaketak izan ziren, eta horregatik alderdiei jakinarazi zitzaien eginbide horri buruzko alegazioak egin zitzaten».

Defentsak argudiatutako «frogaren balorazioan egindako akatsa» dela eta, instruktoreak argitu duenez, «ikerketaren hasierako fasean gaude», oraindik «ikerketa eginbideak» gauzatuta, eta «desadostasun nabariak daude horien balorazioan» alderdien artean.

Edonola ere, epailearen ustez, «lekukoek polizia-etxean egindako deklarazioak, bat-bateko adierazpenak eta segurtasun kameren irudiak ikusita, nahikoa zantzu» daude ikerketaren fase honetan ondorioztatzeko «kartzelan dagoen ikertua» izan zela biktimari labana sartu ziona, «heriotza eraginez».