NAIZ
Donostia

RTVE ez da ikus-entzunezkoen legea betetzen ari, euskalgintzako eragileek salatu dutenez

Iazko uztailaren 8an sartu zen indarrean Estatu espainoleko Ikus-entzunezko legea eta sei hilabete hauetan hizkuntza gutxituekiko hainbat xedapenek bete gabe jarraitzen dute, Pantailak Euskarazek salatu duenaren arabera. RTVEk, adibidez, ez du bete.

Kontseiluko eta Pantailak Euskaraz-eko ordezkariak, prentsaurrekoan.
Kontseiluko eta Pantailak Euskaraz-eko ordezkariak, prentsaurrekoan. (NAIZ)

Pantailak Euskarazek Kontseiluarekin eta Hekimenekin egindako bileraren ostean, Ikus-entzunezko legea aztergai izan dute prentsaurreko batean. Eta kezkati agertu dira. Iazko uztailaren 8an sartu zen indarrean espainiar Estatuko Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko 13/2022 lege orokorra. Hain zuzen ere, «Legea indarrean sartu zenetik 6 hilabete bete diren honetan, hizkuntza gutxituekiko hainbat xedapenek bete gabe jarraitzen dute», salatu dute Euskal Herritik bere egunean legeari emendakinak aurkeztu zizkieten hizkuntza eta hedabideekin loturiko eragileak; hau da, Pantailak Euskaraz, Hekimen Elkartea eta Euskalgintzaren Kontseilua.

Legeak hainbat betebehar ezartzen ditu telebistek eta plataformek bete beharreko hizkuntza koofizialetako kuotei eta hizkuntza gutxituetako edukietara bideratu beharreko diru-sarreren portzentajeei dagokienez, eta hauek betetzeko, orohar, 2023ko urteko epea uzten die. Plataforma batzuk hasi dira euskarara bikoiztutako eta azpidatziriko eduki kopurua handitzen euren katalogoetan, aipatu dutenez.

Bete gabe dauden atalak

Baina plataformak eta erakundeak ez dira jadanik indarrean dauden hainbat artikulu betetzen ari. Zehazki, indarrean egon arren momentuz bete gabe jarraitzen duten atal batzuk aipatu dituzte.

Adibidez, RTVEk haurrei zuzenduriko kateetan eta hauen katalogoetan edukiak autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara, hau da, euskara, galego, eta katalanera, bikoiztuta eskainiko dituztela bermatu beharko luke lege honek, 12 urte arteko ikusleentzat diren edukietan bereziki. Era berean, publiko orokorrari zuzendutako edukiak hizkuntza ofizialetara bikoiztu eta azpidatzita eskainiko dituela bermatzen du legearen 5. xedapen gehigarriko 1. atalak.

Bestalde, eskari bidezko telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen hornitzaileek (streaming plataformek), autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara jadanik bikoiztuta edo azpidatzita dauden hizkuntza bertsioak txertatu beharko lituzteke euren katalogoetako edukietan (erakunde eskudunek euren eskura doan jartzen dituztenean), bikoizketa/azpidazketa hori diru publikoz egin denean, hizkuntza bertsio hori telebista publikoen jabetzakoa denean, edo bikoizketa/azpidazketa horrek erakunde eskudunak ziurtaturiko kalitate maila duenean.

Eta plataformek ere autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan ekoiztutako, bikoiztutako edo azpititulatutako ikus-entzunezko edukiak nabarmendu beharko lituzteke, bilaketa- edo sustapen-sistemen eta haietara sartzeko erraztasunen bidez, horretarako bazkideen geolokalizazio sistema baliatuz.

Hauez gain, aipatu dutenez, ez telebista lineal publikoak, eta ezta eskari bidezkoak ere, ez dira ezgaitasunak dituzten pertsonen ikus-entzunezkoetarako irisgarritasuna euren hizkuntza ofizialean bermatzeko artikuluak betetzen ari.

Gainera, 6 hilabeteotan kezka handiagotu duen ikerketa baten berri ere izan dutela esan dute. UEMAk bere udalerrietako haurren ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak aztertu ditu, eta ondorioetako bat da Clan TV dela lehen hezkuntzako haurrek gehien ikusten duten katea. Gobernu espainolari eta RTVEri dagokie legean jasotako gutxieneko neurri horiek ere errespetatzea, baina ez da betetzen ari.

Bestalde, streaming plataformak ‘bideragarritasun teknikoaren’ aitzakiari heltzen ari dira bikoiztutako bertsiorik ez eskaintzeko. Euskal Herriaren kasuan, aurreko guztia betetzea eta gainbegiratzea ikus-entzunezkoetan eskumenak dituzten euskal erakundeei dagokie, bai eta moldaketa tekniko horiek erraztea ere.

Hortaz, luzatu diete Gobernu espainolari eta RTVEri, Eusko Jaurlaritzari eta EiTBri, bai eta streaming plataformei ere, legea betetzeko urratsak eman ditzaten, horrela ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia biderkatzeko.

Era berean, azken hau lortzeko, hau da, euskararen presentzia ikus-entzunezkoetan handitzea posible egiteko, eta beraz, euskararen normalkuntzan estrategikoa den eremu honetan gure hizkuntzaren ikusgarritasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, beharrezkoa ikusten dute Jaurlaritzak, EiTB bitartez, sortuko duen eskaera bidezko Primeran plataforma berrian euskara izatea lehenetsitako hizkuntza eta euskarazko kalitatezko edukiak eskaintzea.