Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Amaia Agirre alpinista maite zutenek ez dute Fitz Roy gorroto

Patagonian elur jausi batek harrapatuta zendu zen Amaia Agirreri agur ekitaldia egin diote Urnietan. Mendian hil bazen ere, alpinistaren gertukoek ez diote herrarik gordetzen mendiari, pasioak eta maitasunak eramaten baitzuten urnietarra gailurretan gora.

Ekitaldi batekin eman diote azken agurra Amaia Agirre urnietarrari.
Ekitaldi batekin eman diote azken agurra Amaia Agirre urnietarrari. (Gorka RUBIO | FOKU)

Patagoniako Fitz Roy mendian izandako elur jausiaren oihartzuna Urnietara zabaldu da larunbat arratsalde honetan: udaletxeko ikurrinari jantzi dio lazo beltz bat eta utzi du haga erdian. Urtu ditu minez San Juan plazan elkartu den jendetzaren begiak eta arraildu ditu bihotzak. Tentazio ulergarria litzateke alaba, arreba, laguna edo herrikidea lapurtu dionarentzat mendia madarikatzea, haserretzea berarekin eta etsaitzat hartzea betiko. Ezin, baina, Amaia Agirre alpinistak hainbeste maite zuena gorrotatu.

Arriskutsu ospea du Argentinako Patagoniako Fitz Roy mendiak eta famari men egin zion urtarrilaren 19an, elur jausi batek Iker Bilbao eta Amaia Agirre mendizaleak azpian harrapatu zuenean. Solidario ospea du Euskal Herriak eta honek ere egiaztatu du bere fama: jendetza bildu da Urnietan Agirre alpinistari agur esateko ekitaldian.

Mimoz prestatuta zegoen dena arratsaldeko bostak iristerako. Eszenatoki bat, eta haren azpialdean, hitz bi alde banatan: askatasuna eta bizitza. Hitzen artean, Fitz Roy izugarriaren argazkia eta, atzerago, pantaila batek Amaia Agirreren argazkiak erakutsi ditu etengabe. Eszenatokiaren aurrean jarritako aulkietan eseri dira alpinistaren senideak eta gertukoenak, eta haien inguruan, besarkada erraldoi baten modura, herritarrak eta hainbat lekutatik etorritako jendea, baita Euskal Herritik kanpokoak ere.

Hogei urtez Bertsozale Elkarteko koordinatzaile izan zen Koldo Tapiak egin du lehenik oholtzarako bidea, hark hitz egin du herriko mendizaleen izenean. Ramon Olasagastiren ‘Mendiminez’ liburuko gogoetak ekarri ditu horretarako: «Ez dakigu noiztik neurtzen diren edo sailkatzen ditugun mendiak metroka edo bizitza urtetan. Mendi bat txikia edo handia den baino, garrantzitsuagoa da mendi hori gustukoa den edo ez, maite dugun edo ez. Eta bizitzari dagokionez, berdin: kontua ez da bizitza luzea edo laburra den, baizik eta nolakoa. Sufrikario edo gozamenezko. Zein da kontua? Bizitzari urteak eranstea ala urteei bizitza ematea?»

Amaia Agirrek pasio zuen mendia, eta pasioak «sentitu» egiten direla nabarmendu du Tapiak, ezin direla «ez azaldu, ez justifikatu». Ulertu ere ez, batzuetan. Zeren, «bizitza galtzeko arriskua hor dagoela jakinda ere, mendizaleak mendira jotzen du behin eta berriz», agertu du. Hala egiten zuen alpinista urnietarrak ere: «Amaia mendi-minak bizi zuen inor gutxi bezala. Horrek, bistan da, oinazea eragin digu Amaia maite genuen guztioi. Izatekotan, horixe izan litzateke mendi-minaren pasioari uko egiteko arrazoi bakarra: maite dituzun eta maite zaituztenen artean zure pasioak sor dezaken oinazea. Gaur, hemen, bihotza lehertuta beharbada, bakarren bati burura etorriko zaizkio Laboaren kantuko hitz haiek: ‘Hegoak ebaki banizkio...’ Benetan maite duenak, ordea, badaki txoria txori izango bada, hegoak zabal behar dituela eta libre. Eta guk, oinazeak oinaze, txoria genuen maite. Amaia maite genuen».

Eztarriko korapiloaren gainetik, galdutako arrebari mintzatu zaio Jon Agirre, konfesio batekin hasita. «Ez zintugun sekula guztiz ulertu. Mendiarekin maitemindu zinen. Tamalez, bera ere zurekin maitemindu zen eta betirako eraman zintuen berarekin», esan du. Amaia Agirreren anaiak, momentuz, ez du mina arinduko dion lasaigarririk: «Geratu zaigun zauria galdu zintuen arraila baino handiagoa da». Alta, saiatuko dela esan du, egingo duela ahalegina aurrerantzean «etengabeko irribarredun haur» hura «irribarre batekin» oroitzeko.

Santa Barbaratik Fitz Royra

Haurra zela Santa Barbarako pareta igotzen hasi eta harrezkero «gailurretik gora» egin zuen Amaia Agirrek, Urnietako Egape ikastetxeko Itziar Artolak oroitu duenez. Egin zuen, gerora, «mendietan sortutako familia», larunbateko ekitaldian «irribarretsu, indartsu, bizi gogoz eta energiaz beteta» oroitu duena. Gora egin zuen alpinismoan erreferente bilakatzeraino, gailurretik gora etengabe; hain gora, ezen «orain gure izarretan zaude», esan du Itziar Artolak.

‘Signore delle cime’ abestu du Andoaingo musika eskolako abesbatzak, elur jausi batek hil zuen gazte italiar baten omenez Bepi De Marzik konposatutako kantua. Eta ekitaldia bukatzeko, abesbatzak lagunduta abestu dute denek batean Mikel Laboaren ‘Txoria txori’. Hala, pasioak azaltzen zailak badira ere, omenaldiak lagundu du mendiarekin adiskidetzen. Zeren, hegoak ebaki banizkio...