NAIZ

Aralarko gasbidearen trazaketa aldatzea eskatu dute Sakana, Araitz eta Larraungo ordezkariek

Aralar mendilerroa zeharkatuko duen gasbidearen ibilbidea eta Plazaolako bide berdetik egin dadila eskatu dute Sakana, Araitz eta Larraungo udal ordezkariek.

Sakana, Araitz eta Larraungo udal ordezkarien agerraldia gasbidearen inguruan.
Sakana, Araitz eta Larraungo udal ordezkarien agerraldia gasbidearen inguruan. (NAIZ)

Aralareko ZECko (Kontserbazio Bereziko Eremua) udal ordezkariek –Sakana, Araitz eta Larraun– prentsaurrekoa eman dute Etxeberri-Lekunberri gasbidearen trazaketa alda dezatela eskatzeko. Gasbideak Aralar mendilerroa zeharkatzea du eta Plazaolaren bide berdetik igarotzea proposatu dute.

Gatazka 2018an hasi zela azaldu du Aralar elkarteko presidenteak, Patxi Xabier Errazkinek. Orduan Nedgia enpresa Sakanako Mankomunitatearekin harremanetan jarri zen eta Plazaolako Bide Berdetik eginen zen Iribas-Irurtzun ur etorrera aprobetxatuz, gas hodi bat sartzeko aukera mahai gainean jarri zuen. Handik hilabete batzuetara, 2019ko ekainean, enpresak aukera hori baztertu zuen eta proiektu berri bat aurkeztu zuen Lekunberri, Larraun eta Arakilgo udaletan.

Proiektu berri hark, Aralar mendilerroa, Babes Berezikoa den mendilerroa, zeharkatzen zuen batetik bestera. Lekunberriko Udalak ontzat eman zuen trazaketa baina Arakil eta Larraungo udalek helegitea jarri zioten nafar Gobernuko Industria Sailak emandako baimenari, bi urte iraun duen bide judizial luze bat hasiz, agerraldian azaldu dutenez.

Errazkinen arabera, Auzitegi Gorenak ez zuen tramitera onartu azken helegitea eta bide judiziala itxita gelditu zen. Orduan bi udaletako alkateek nafar Gobernuarengana jo zuten. Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko zuzendari nagusiak, ingurumen baimenaren espedientean, hasieran baztertu ziren bi aukera nagusiak berriz aztertu eta birplanteatu beharko liratekela gomendatu zuen.

Era berean, Interes Komunitarioko Habitatak, Lehentasunezko Habitatetan eta intereseko beste habitat batzuetan faunari eta florari eragindako kalteez ohartarazi zuen. Izan ere, espezie mehatxatuetan, Nafarroako eremu atlantikoan duten bakantasun maila handia eta hartzen duten habitataren kalteberatasun handia dira.

Bestalde, alkateen arabera kontuan hartu beharko lirateke trazaketa horren eraginak, «Aralarko Unitate Karstikoa oso sentikorra eta zaurgarria» baita horrelako obren aurrean. Oso litekeena da eragin handia izatea sistema hidrikoetan, bai eta altxor paleontologikoetan eta arkeologikoetan ere, gaineratu du Errazkinek.

Gauzak horrela, Arakil eta Larraungo alkateak proiektuan ardura zuzena izan duten nafar Gobernuaren ordezkariekin bildu dira eta arduraz jokatzea eta Plazaolako Bide Berdeko alternatiba aintzat hartu dezatela eskatu diete.