NAIZ
Bilbo

Bizitza ‘Ez da horren sinplea’ kantatzen du Jexuxmai Lopetegik bere lan berrian

‘Ez da horren sinplea’ da Jexuxmai Lopetegik kaleratu berri duen lana, Raymond Carver eta Harkaitz Canoren testuetan oinarrituta. Modu soil eta biluzian abestutako kantu barnerakoi hauek dagoeneko entzungai daude plataforma digital guztietan eta laster eskuragarri egongo da ohiko salmenta puntuetan.

Jexuxmai Lopetegik, Mikel Lazkanok eta Harkaitz Canorekin batera aurkeztuko berri du Zarauzko Garoa liburu-dendan bere azken lana, ‘Ez da horren sinplea’ izenekoa. Hamabi kantuez osatuta, rock klasikorantz zein intimismo akustikorantz lerratuta abestiak aurkituko ditugu, Lopetegik bere gitarraz modu soil eta biluzian abestutako kantu barnerakoiak. «Plazatik etxeko logelara eta kemenetik sosegura joan-etorrian, batzuetan liriko eta umoreari kiku bat eginez beste batzuetan» osatu omen du lan hau, Zart argitaletxeak aipatu duenez.

Raymond Carverren ‘Sinplea’ poematik atera du Lopetegik diskoaren izenburua. Harkaitz Canok euskaratu du poema eta harenak dira diskoko kanturik gehienen letrak. Ez guztiak, ordea: Joseba Sarrionandiaren aspaldiko testu bat ere bada, bai eta Anjel Lertxundik aspaldian idatzitako poema «ganberro» bat ere. Diskoa ixteko, Lopetegi beraren letra hunkigarri bat, bere anaia zenari eskainia.

Hogei musikaritik gora izan ditu lagun zarauztarrak lan honetan, gitarra elektrikoei uko egin gabe, akustikoa, metal sekzioak, kontrabaxua, dobroa eta mandolina ere ekarri ditu, besteak beste, konposizioei ñabardurak eta zirrara eransteko.  Produkzio lanetan Unai Moraza teknikaria izan du lagun, eta Satxa Soriazuk bi kantu ekoitzi dizkio.
 
Oholtza lehen aldiz duela mende erdi baino gehiago zapaldu zuen abeslari eta gitarra-jotzaile baten biografia laburbiltzea. Hamalau urte baino ez zituen zarauztarrak bere anaiarekin eszenatokia estreinakoz partekatu zuenean. 1984. urtean Akelarre taldeak Anje Duhalde ordezkatzeko deitu zion: zortzi urte eta bost disko izan ziren, atsedenik gabe plazak goraino betez. 90eko hamarkadan, bide berri bati ekin zion, bakarka baina ongi lagundurik, Noizbehinka bandarekin. Ibilbide mamitsu hau ‘Barrakoian 25 urte’ (Belarri, 2020) antologian laburbildu zen.

‘Sinplea’ bideklipa Antton Olariaga eta Iban del Camporekin elkarlanean osatu du. Antton Olariagak Antonio Sauraren edo Jean Dubuffeten eraginpean marraztuak diruditen irudiak opari egin dizkio eta, haiek abiapuntu hartuta, bideoklip bihurtu ditu Iban del Campok.