Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Herrigintza eta estatugintza uztartzearen beharra, Sorturen ‘Plaza Hutsean’

Sortuk herrigintzari buruz gogoeta egiteko martxan jarritako espazioa da ‘Plaza Hutsa’. Agortutako zantzuaz eta baita kimu berrien pizteaz hausnartu dute Kizkitza Gil de San Vicentek eta Xabi Iraolak 350 lagun elkartu dituen batzarrean.

Kizkitza GIl de San Vicente eta Xabi Iraola, Sortuk antolatutako ‘Plaza Hutsa’.
Kizkitza GIl de San Vicente eta Xabi Iraola, Sortuk antolatutako ‘Plaza Hutsa’. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Pandemiaren ostean egindako lehen ‘Plaza Hutsa’ eztabaidagunea bete du larunbat honetan Sortuk. Burlatako Kultur Etxean 350 lagun elkartu dira goizeko lehen solasaldian, kafea eskuan, herrigintzaren inguruan Kizkitza Gil de San Vicente eta Xabi Iraolaren gogoetak entzuteko. Nazio Kontseiluko kideek gaur egungo munduari lotutako herrigintza aktibatzeko garaia dela uste dute, herri batek beti daukalako ardura garai berrietara egokitzen joateko, nazio bulkada berri bat martxan jartzeko.

Herrigintzan sakondu aurretik, ordea, garaiak eskatzen du une batez geratzea eta munduari begirada bat ematea. Ildo horretan, Gil de San Vicentek sistema kapitalistak munduaren muga biofisikoekin tope egin duen honetan, orain arte ezagutu dugun globalizazioa zalantzan jartzen ari dela nabarmendu du. Eta, azpimarratu duenez, testuinguru horri aurre egiteko Euskal Herriak ez ditu tresna propioak, eta horregatik «ezinbestekoa» da, alde batetik, «ikusmira estrategiko global hori mantentzea» baina, bestalde, «tresna burujabeak» aldarrikatzea.

Estatu frantses eta espainolari dagokienez, Gil de San Vicentek bi Estatuen arteko paralelismoa egitea garrantzitsua dela adierazi du. Estatu frantseseko «polarizazio politikoa» aipatu du, eta krisi horrek Ipar Euskal Herrian duen eragina nabarmendu. Ultraeskuinak emaitzak agerikoak dira bertan, baina ezkerreko subiranismoak irekitako bidea goraipatu du ere.

Madrilera begira, eratutako koalizio gobernua historikoa dela adierazi du, bere baitan ezkerreko independentismoak dituen aspirazioekiko sentsibilitatea izan dezakeen alderdia dagoelako bertan. «Baina badago bestelako korronte bat indartzen ari duena ikuspegi ultraeskuindarra», gaineratu du. Kontraesanak agerikoak direla adierazi du, baina ezkerreko independentismoak lidergoa behar duela nabarmendu du ere, bai momentua irakurtzeko bai baldintza politiko eta sozialak garatzeko aliantzak eraikitzeko.

Herrigintza eta independentismoa

Iraolak tarte bat hartu du herrigintzak estrategia independentistan eta estrategia independentistak herrigintzan zein leku daukaten hausnartzeko. Hala, biak banatuta baleude bezala pentsatzeko joera dugula nabarmendu du, eta, hain zuzen ere, ezker independentismoak egin behar duen ekarpena prozesu horiek herrigintzarekin lotzea dela azpimarratu du. «Uneak baliatu behar ditugu jauziak emateko, baina prozesu independentista iraunkorra garatu behar dugu, etengabe boterea metatzen joango dena. Euskal Herriak burujabetza pilatzeak deskonexioa dakarrelako Estatu eta kapitalarekiko. Hor herrigintzak paper garrantzitsua dauka», nabarmendu du.

Konturatu ez arren, Euskal Herria «anomalia politikoa» dela adierazi du Iraolak; ez da ohikoa hemengo ehun soziala, parte hartze politiko maila. Hala ere, uste du zenbait borroketan agortze zantzuak daudela, baita kimu berriak ere. Hala, herri batek beti dauka obligazioa garai berrietara egokitzen joateko: «Mundua etengabe aldatzen da, beraz, edo gu egokitzen gara edo arriskua dugu atzean geratzeko».

Zibilizazio krisiaren garai honetan, «ez da nahikoa orain arte egiten ari ginena», esan du. Horregatik, euskal egitasmo nazionalaren oinarri sinboliko eta materialak berritu eta nazio bulkada berri bat martxan jartzearen garrantzia azpimarratu du. «Herri hau piztea da ezker independentismoaren ardura», gehitu du.

Lurraldetasuna

Gil de San Vicenterentzat, ez da bakarrik Euskal Herria anomalia bat dela, «altxatzen den oro bada ere milagro txiki bat». Hala ere, leku gutxitan milagro horiei modu antolatuan eta proiektu politiko baten baitan erantzuten zaie. «Eta hori da askapen prozesuan mugimenduak lortu dituena azken hamarkadan», gaineratu du.

«Hamarkada hauetan, herrigintzarekin batera, lurraldetasunarekiko kezka egon da», adierazi du, eta hiru mugarri aipatu ditu: «Franko hil ostean autonomien kontra hartutako posizioa, 90 hamarkadan sortutako narratiba berriak eta nazio eraikuntza bultzatzeko definitutako estrategia, eta aldaketa estrategikoaren garaian, non askapen prozesua oinarritu egin behar zen lurralde bakoitzetik Estatu bat izateko egin beharreko ibilbidean eta gehiengo sozialak artikulatzeko gaitasunean». Horren ondorio dira, Gil de San Vicenteren arabera, «Nafarroan eta Ipar Euskal gerrian lortutako arrakasta».

Ildo horretan, «gure hipotesi historikoa» bete dela nabarmendu du: «Tendentzia globalen aurre egiteko, Euskal Herriaren estrategia propioa eta integrala da aukera eraginkorrena». Ildo horretan, autonomiaren arteko elkarlanean salto bat eman behar dela aldarrikatu du.

Konpromiso gutxiago?

Gutxiago konprometitzen ote garen galdetuta, Iraolak uste du herritarrak gaur egun parte hartzeko beste modu bat duela.

«Bagatoz fase batetik non kolektiboak pisu asko izan duen, baina  badirudi datorren korrontean norbanakoaren beharretan pisu handiagoa jartzen dela. Badirudi fase horretara goazela eta asmatu beharko dugu bide horiek ondo uztartzen», nabarmendu du.

 

Sei eremu gogoeta egiteko

Plaza Hutsan Euskal Herriaren etorkizunerako «estrategikoak» diren sei eremuren inguruko tailerrak egin dituzte. ‘Ekologismoaren erronka Euskal Herritik’ , lehena: «Gure herriak mugimendu ekologista garaikide bat behar du».

Bigarrena, ‘Hizkuntzaren auzia problematizatzen’: «Garaia da hizkuntza politika berriak martxan jartzeko, lurralde administratibo bakoitzera egokituak».

Hirugarren tailerra, ‘Zor diguten bizitza feminismotik irabaztera goaz’: «Feminismoak erronka ugari ditu, tartean, zaintza. Zaintza sistema publiko komunitario bat behar dugu».

Laugarrena, ‘Euskal Hezkuntzaren eraikuntzarako ibilbidea zehazten’: «Saiatuko gara irudikatzen egungo hezkuntza sistemetatik eraiki nahi dugun euskal hezkuntza sistema publiko, euskaldun, feminista eta burujabe horretarainoko bidea nondik egin».

Bosgarren tailerrak ‘Euskal Nazio proiektua eta migrazioa’ izango ditu ardatz: «Beharrezkoa ikusten dugu ezker abertzaleak gai honen inguruan egiten duen gogoeta berritzea.

Eta, azkena, ‘Pobrezia eta bazterketa Euskal Herrian’. «Gero eta arrakala handiagoa dago aberatsen eta pobreen artean. Horri erantzun bat eman behar diogu herrigintzatik».