NAIZ

Tolosaldeko ospitalea egin bitartean Donostian artatzeko aukera zabaltzea eskatu du TOPAk

TOPA plataformak elkarretaratzea egin du Donostiako Ospitalean, eskatzeko eskualdeko herritarrek aukera izan dezatela bertan arreta jasotzeko Tolosaldeko ospitale publikoa egin bitartean.

TOPA plataformak deituta larunbat honetan Donostia Ospitalaren aurrean Tolosaldeko hainbat herritarrek egindako protesta.
TOPA plataformak deituta larunbat honetan Donostia Ospitalaren aurrean Tolosaldeko hainbat herritarrek egindako protesta. (Maialen ANDRES | FOKU)

Tolosaldeko ospitale publikoa eraiki bitartean Tolosako Asuncion klinika pribatuan ari dira arreta jasotzen herritarrak, baina ez daude gustura irtenbide horrekin. Batetik, Asuncion klinikari espezialistak falta zaizkiolako eta, bestetik, klinikako espezialista «gehienek» ez dutelako titulu homologaturik, «gainerako ospitale publikoetan ez bezala», agertu zuten herritarrei banatutako idatzi batean Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformako kideek.

Hori dela eta, plataforma honek elkarretaratzea egin du larunbat honetan Donostia Ospitalaren aurrean, eskatzeko Asuncionek ematen duen arretarekin desados dagoen herritar orori Gipuzkoako hiriburuko ospitalean arreta jasotzeko aukera zabaltzea.

«Berezitasunei» susmo txarra

Etorkizuneko Tolosaldeko ospitale publikoari begira ere jarri da TOPA, susmo txarrak hartu baitizkiote Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuak Euskadi Irratian egindako adierazpen batzuei. Sailburuak esan zuen EAEko gainerako eskualdeetako ospitaleen antzekoa izango dela Tolosaldekoa, baina «bere berezitasunekin».

«Berezitasun» horien atzean desabantaila batzuk ezkutatzen direla iritzi dute TOPAko kideek. Batetik, egiaztatu dute aurtengo aurrekontu orokorretan ospitale berrirako aurkeztu den zerbitzu- kartera Gernikako Erresoluzio Handiko Zentroak duenaren «kalko hutsa» dela, ez «gainerako eskualdeetako ospitaleek dutenaren antzeko zerbitzu kartera bat», asteon egindako prentsaurreko batean agertu zutenez.

Bestalde, Sagarduik iragarri zuen ospitaleak soilik 50 ohe izango zituela, Arrasateko ospitaleak, Tolosaldearen «antzeko biztanle kopurua» artatzen duenak TOPAren arabera, 95 dituen bitartean.

«Ez dugu uste horrela gainerako eskualdeek jasotzen dutenaren antzeko kalitateko zerbitzurik eman daitekeenik», salatu dute herritarrek.