NAIZ

Txileko suteen zenbakiak: 800 etxe suntsituta, 24 hildako eta hamar atxilotu

800 familia etxerik gabe geratu dira, duela hiru egunetik Txileko lau eskualde astintzen dituzten eta gutxienez 24 hildako eragin dituzten baso suteengatik. Gobernuak jakitera eman du hamar pertsona atxilotu dituztela.

Suhiltzaileak Puren herriko sute baten inguruan, La Araucania eskualdean.
Suhiltzaileak Puren herriko sute baten inguruan, La Araucania eskualdean. (Javier TORRES | AFP)

Ostiralean Txile erdialdetik hegoalderako lau eskualdeetan piztutako suteak kalte ikaragarriak ari dira eragiten herrialdean: 800 etxebizitza suntsituta geratu dira eta gutxienez 24 pertsona hil dira. Gobernuak jakitera eman du, halaber, hamar pertsona atxilotu dituztela milaka hektarea suntsitzen ari diren suteak piztu izanaren susmopean.

Dozenaka bizilagunek pasatu zuten larunbatetik iganderako gaua kalean, Dichato herrian, Concepcionetik hurbil, Santiagotik 500 bat kilometrora. Beste batzuk larunbatean ebakuatuak izan ziren, eta agintariek gaitutako zentroetan babestu ziren. Udalerriko boluntarioak eta arduradunak laguntza humanitarioa banatu zuten zentro hauetan.

Ñuble, Biobio, La Araucania eta Los Lagos eskualdeetan aktibo dauden 232 suteetako bat da Dichatokoa. Agintarien arabera, suteetako asko herritar batzuen zuhurtziagabekerien ondorioz piztu ziren, eta azkartu egin dira eguraldi txarraren, basoen kudeaketa desegokiaren eta horiei aurre egiteko baliabide faltaren ondorioz.

Halaber, suteekin zerikusia izan dezaketelakoan, hamar pertsona atxilotu ditu Poliziak, Manuel Monsalve Txileko Barne idazkariordeak prentsaurreko batean ohartarazi duenez. Gaineratu du legea oso gogorra dela horrelako kasuetan, eta bost urtetik hogei urtera bitarteko kartzela zigorrak ekar ditzakeela.

24 pertsona hil dira hiru egunetan eta Monsalvek gaineratu du erredura larriak dituzten 26 pertsona daudela ospitaleetan ingresatuta. Horrez gain, 100.000 hektarea eta 800 etxebizitza baino gehiago suntsitu dituzte suteek.

Txileko Barne Ministerioko Hondamendiei Aurrea Hartzeko eta Erantzuteko Zerbitzu Nazionalaren (Senapred) azken txostenaren arabera, une honetan 260 sute daude aktibo herrialde osoan.

Eskualde kaltetuenak Ñuble, Biobio eta La Araucania dira, nekazaritza eta basogintza jarduera handiko eremuak, Santiagotik 400, 500 eta 700 kilometrora, hurrenez hurren.

Idazkariordeak adierazi duenez, suteak espero baino gutxiago zabaldu ziren bart, tenperaturak zertxobait apaldu zirelako, baina ohartarazi du asteartetik aurrera Txileko hegoaldeak beste bero bolada bat izango duela, 40 gradura irits daitezkeen tenperatura historikoekin.