NAIZ

Hitzarmen duinaren aldeko Bizkaibuseko grebak milaka erabiltzaileri eragin die

Hitzarmena berritzea eskatzeko, Bizkaibuseko zerbitzuak kudeatzen dituzten bost enpresatik lauk greba egin dute berriro ere astelehen honetan. Goizean manifestazioak egin dituzte Bilbon.

Bizkaibuseko langileen manifestazioa Bilbon.
Bizkaibuseko langileen manifestazioa Bilbon. (CCOO Euskadi)

Bizkaibuseko langileek Bilbo hartu dute astelehen honetan, eta trafiko arazoak eragin dituzte goizen, garraio publikoko beste greba egun batean. Grebak milaka erabiltzaileri eragin die Bizkaiko eskualde gehienetan. Lan protestak eragina izan du Bilboko sarbideetan, Basurtu eta Juan de Garay inguruan, eta trafiko arazoak eragin ditu puntako orduan.

Bizkaibuseko zerbitzuak kudeatzen dituzten bost enpresatik lauk egin dute greba: Ezkerraldea Meatzaldea (EMB), Vectalia Txoriherri, Busturia Lea Artibai (BLB) eta Vectalia Enkarterri. Helburua lan ituna berritzea eskatzea da. Durangaldeko Avanza zerbitzua baino ez da lanean aritu, adostua baitute soldata igoera.

Manifestazioa egin dute Bilbon, hainbat lekutatik abiatu eta 11.00ak aldera Bizkaiko Foru jauregiaren aurrean egin dute bat. Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak eta Loli Garcia sindikatuak EAEn duen arduradunak hartu dute parte.

Hainbat greba egunen eta mobilizazio ugariren ondoren, aipatutako enpresetan hitzarmenak berritzeko negoziazioak geldirik daude. Hala ere, Juan Carlos Gonzalez Ezkerraldea Meatzaldeko (EMB) enpresa batzordeko presidenteak nabarmendu duenez «plantilla oso indartsu dago» eta «amaieraraino» iristeko prest.

Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazioa eskatu du enpresak «bidezko» hitzarmen bat negoziatzera «behartzek».

«Badakite ez garela geldituko bidezko hitzarmen hori lortu arte. Ez da onargarria Garraioetako diputatuak eta ahaldun nagusiak soldata diskriminazio hori eta Bizkaibuseko kolektiboaren barruan dagoen desberdintasun hori baimentzea», adierazi du sindikatuko ordezkariak.