Manex Altuna

Kerman Lejarraga eta Jon Fernandez Madrilen, Morgako boxeolariak antolaturiko jaialdian

Apirilaren 29an, larunbata, izango da borrokaldia Wizink Center aretoan. Lejarraga Runowski poloniarraren kontra arituko da eta Fernandezek Petrov errusiarra izango du aurkari.

Kerman Lejarraga iaz San Mamesen egindako aurkezpen batean.
Kerman Lejarraga iaz San Mamesen egindako aurkezpen batean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Kerman Lejarraga bueltan da eta boxeoaren mundua berriro astintzeko gogotsu dator. 31 urte egingo ditu otsailaren 19an eta antolatzaile lanak egiteko asmoa dauka sortu duen Kamikaze promotorarekin. Morgako boxeolariak bere lehenengo jaialdia antolatuko du Madrilen datorren apirilaren 29an, larunbata. 14.000 zale elkartu daitezkeen Wizink Center aretoan izango da.

Lejarragarekin batera, Jon Fernandez boxeolari bizkaitarrak parte hartuko du borrokaldian. Etxebarrikoak Petr Petrov errusiarrarekin neurtuko ditu indarrak. Ez da aurkari samurra izango. Jon Fernandezek galdu egin zuen bere azken borroka Samuel Molinaren kontra abenduan. Espainiako txapelketa, hain zuzen ere. Fernandezek 27 urte ditu, 23 garaipen -horietatik 20 KO bidez- eta hiru porrot.

Lejarragak, berriz, azaroan ezin izan zuen taula gainera igo Bilboko La Casillan antolaturiko gaualdian. Lesionatu egin zen borroka baino egun batzuk arinago eta bertan behera utzi behar izan zuen.

Iazki maiatzetik borrokatu gabe dago bizkaitarra. James Metcalf ingelesaren aurka galdu zuen puntuetara Miribillan egindako jaialdian. Europako txapelduna bi aldiz bi pisu ezberdinetan izan ostean, Munduko txapelketara begira zegoen, baina berriro altxatu eta erronka berriak bilatzea egokitu zaio.

Datozen hilabeteetan aita izango da eta dagoeneko buru belarri ari da itzulera prestatzen Ibon Larrinaga bere entrenatzailearekin batera. Runowski poloniarra izango du aurkari, welter pisuan IBO International gerrikoaren jabe dena.

Hemen Dropkick Murphys taldearen The Warrior's Code kantuarekin sare sozialetara gabon aurretik igo zuten bideoa.