Naiz

Greba deitu dute ostiralean Kutxabanken, langileek bizi duten «egoera larria» salatzeko

Kutxabank finantza erakundean ordezkaritza duten sindikatuek grebara deitu dute ostiralean, otsailaren 24an, langileek pairatzen duten «egoera larria» dela eta. Gero eta langile gutxiago daude (1.448 hain zuzen ere) eta presio komertziala nabarmen handitu dela salatu dute.

Kutxabankeko sindikatuek grebara deitu dute.
Kutxabankeko sindikatuek grebara deitu dute. (Gorka RUBIO | FOKU)

ELA, CCOO, Pixkanaka, ALE, LAB eta Asprobank sindikatuetako ordezkariek astelehen honetan Bilbon egindako prentsa agerraldian salatu dutenez, «gero eta langile gutxiago daude, presio komertziala nabarmen handitu da eta talentu handiko langile askok alde egiten dute baldintza ekonomikoak okertu direlako».

Langileen «muturreko egoera» horren haurrean grebara deitu dute ostiralean, otsailaren 24an. Zehazki, sindikatuek salatu dute Kutxabankeko langileek «presio komertzial handia» pairatzen dutela, «bulegoak itxi dituztelako eta plantillari gero eta helburu komertzial potoloagoak inposatzen dizkietelako».

Sindikatuek eman dituzten datuen arabera, 2014 eta 2022 artean 293 bulego itxi dira eta 1.448 pertsona gutxiago daude lanean. «Langileak itota daude kontrataziorako presioa handitu delako eta, urtez urte, helburu komertzialak esponentzialki handitu direlako. Ondorioz, asko dira antsietateak jota daudenak, arazo fisiko eta mentalak medio», ziiurtatu dute.

Halaber, sindikatuak kexu dira Kutxabank talentu handiko langileak galtzen ari delako. «Lan baldintzak gero eta kaskarragoak direnez, gazteek Kutxabanketik alde egiten dute. Horri beste batzuen talentua erakartzeko arazoa gehitu behar zaio. Baldintza ekonomikoak okertu direnez eta sustapen profesionalerako zailtasunak daudenez, gero eta jende gutxiagok egin nahi du lan Kutxabanken», azladu dute.

Gainera, bulego askotan «segurtasun arazoak» dituztela salatu dute langileen ordezkariek, batez ere langile bakarreko bulegoetan. Gauzak horrela, gero eta eraso gehiago gertatzen direla ohartarazi dute, hitzezkoak zein fisikoak, «kasu askotan erabiltzaileei behar bezala erantzuteko baliabiderik ez dagoelako». Egoera horren aurrean, prebentzio batzordeetako talde guztiek eskatu dute beti pertsona bat baino gehiago egotea bulego bakoitzean lanean.

Era berean, salatu dute segurtasun eskuliburuan ez dagoela protokolorik ezarrita pertsona bakar bat lanean ari den bulegoetan langileen segurtasuna bermatzeko.