NAIZ

Rezusta lagun, Binakako Txapelketako azken jardunaldian ere jokatuko du Iker Irribarriak

Peio Etxeberriak eskuin eskua izorratuta daukalako hartuko du bere lekua Aramako aurrelariak larunbatean, martxoaren 4an pilota profesionala behin  betiko utziko badu ere. Peña II.a eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurrez aurre Labriten.

Irribarria galtza zuriak jantzita aterako da larunbatean Labriten.
Irribarria galtza zuriak jantzita aterako da larunbatean Labriten. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

26 urte baino ez dituen arren, martxoaren 4an esango dio agur pilota profesionalari Iker Irribarriak, belauneko lesio baten ondorioz. Alabaina, egun seinalatu hori iritsi baino lehen, Binakako Txapelketako ligaxkako azken jardunaldian ere lekua izango du Aramako aurrelariak. Rezustarekin batera, zeinekin 2017an Binakako Txapelkjeta irabazi zuen, hain zuzen, Peña II.a eta Marieskurrena II.aren aurka jokatuko dute larun bat honetan Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Antza, Peio Etxeberria aurrelari zenotztarrak eskuin eskua izorratuta dauka eta bere lekua beteko du Irribarriak, Binakako Txapelketa honetan jokatzen duen hirugarren neurketa izango delarik zapatukoa.

Aurreko bietan gainera 22raino iristea erdietsi zuen aurrelari gipuzkoarrak. Zazpigarren jardunaldian Elordiren lekua hartuta, Jose Javier Zabaleta atzean zuela, 11-22 nagusitu zen Irribarria urtarrilaren 6an Peña II.a eta Mariezkurrena ordezkatu zuen Morgaetxebarriaren aurka Zornotzan.

Joan den larunbatean, berriz, 17-22 irabazi zieten Irribarriak eta Rezustak Labriten Unai Laso eta Ander Imazen ordez jokatu zuen Eskirozen aurka.

Sailkapena jokoan

Bistan da Binakako Txapelketa nagusian lekurik izan ez badu ere, Aramakoak ordezko lanak ederto asko bete dituela orain arte. Kasu honetan bikote titularra izango du aurrez aurre Aramakoak eta baita zerbait jokoan ere.

Bikote biak –baita Laso-Imaz eta Urrutikoetxea-Albisu bikoetak ere– play-offetarako sailkaturik daude, baina lau bikoteek seina garaipen dituztenez, hirugarren lekutik seigarrenera bitarteko behin betiko sailkapena erabaki beharko dute azken jardunaldi honetan.

Larunbatean izango denez Labriteko norgehiagoka, lau pilotariak jakinean izango dira ostiralez Zallan altuna III.a-Tolosa eta Urrutikoetxearen ordez jokatuko duen Larrazabal-Albisu bikoteen arteko lehian. Astelehenean, berriz, Eibarren, Lasok eta Imazek dagoeneko txapelkjetatik at geratuko direla badakiten Ezkurdia eta Martija izango dituzte aurkari Eibarren. Aurrez, igandean, Jaka eta Aranguren Elordi eta Zabaletaren aurka ariko dira Iscarren.