Jon Ormazabal

Iker Irribarria: «Bizitzako erabakirik gogorrena izan da, baina badakit onena dela niretzat»

Belauneko minak gainetik kendu ezinda, kontratua amaitzearekin batera, martxoaren 4an jokatuko du aramarrak bere ibilbide profesionaleko azken partida. Donostian izango da, Zabaletak lagunduta, Altuna-Martijaren aurka arituko da.

Iker Irribarria, agurraren berri emateko Eibarren eskaini duen agerraldian.
Iker Irribarria, agurraren berri emateko Eibarren eskaini duen agerraldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Martxoaren 4a, horixe izango da Iker Irribarriaren ibilbide profesionalari epilogoa jarriko dion data. Abiadura, hitz batean nabarmendu beharko bagenu, horixe litzateke bere ibilbidea egokien laburtuko lukeen hitza; dena joan baita azkar, oso azkar, bere pilotakadak bezala, bere pilotari jardunean. 19 urterekin jantzi zuen Buruz Buruko lehen txapela, inork baino azkarrago eta agurra ere nahi baino azkarrago esan beharko du, bere eskuin belaunak hala aginduta. «Badakit hau dela onena niretzat» aitortu du aramarrak, taldekide eta etxekoek lagunduta eman duen prentsaurrekoan.

Gauzak beste era batera izatea nahi bazuen ere, asteartean zabaldu zen berria baieztatu du goierritarrak, bere kontratua amaitzearekin batera pilota profesionala utziko duela, 2021eko martxoan eskuin belaunean izan zuen ebakuntza ez delako gai izan bere min eta oinazeekin amaitzeko.

Hasieran bai, nabaritu zituen hobekuntzak, baina berehala itzuli ziren hasierako min eta ezinegonak eta normaltasunez entrenatu eta jokatu ezinak. «Saiatu naiz soluzioa bilatzen baina ez da erraza izan», adierazi du. Inguruko espezialistarik onenen kontsultak ere bisitatu ditu eta denak bat etorri dira diagnostikoan, denek kirol profesionala uzteko gomendioa egin diote.

Iker Irribarria, kide eta Aspeko arduradunez inguratua. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Erabakia hartzea «nire bizitzako zailena», erraza izan ez den arren, hauen gomendioa jarraitu eta «pilotari bizimoduaren pribilegioari» uko egin beharko dio. Atano III.ean agurtzeko festibala antolatu du Aspek Altuna-Martija Irriabarria-Zabaletaren aurka arituko dira. Ibilbide nahi baino motzago baina erabat intentsoari amaiera emanaz.

Erabakiak ezustean harrapatu gaitu denok, edo ia gehienok, azkenaldian kantxetan normaltasunez ikusi baitugu. Esaterako, larunbatean Binakako partida jokatu zuen Labriten eta atzo bertan ere, Tolosan aritu zen, bietan garaipena eskuratuz, itxuraz inolako minik gabe. «Partidetan mina izaten da, hori ekiditen saiatu gara baina partida hurrengo egunean inork ez nauzue ikusi. Hurrengo egunak oso zailak izaten dira, gaur ere hemen nago baina ondo kostata», aitortu du.

Hemendik aurrera ere, astean zehar hiru edo lau egunetan ariketak egin beharko ditu ingurua indartu eta bizitza ahalik eta normalena egiten saiatzeko.

Burua ere minez

Erabakia hartzeko arrazoia erabat fisikoa izan da, «belaunak erantzungo balu saiatuko nintzen», baina onartu du goi mailako pilotari profesionala izatearen presioa ere ez zaiola batere erraza izan, are gutxiago horren txapeldun gaztea izanda.

Balantze bat egiterakoan, lortutakoarekin oso harro sentitzen dela aitortu du, baina txapelekin baino, pilota munduan egindako lagunekin geratzen dela esan du. «Sentipenak ez dira errazak azaltzen alde batetik pena izugarria daukat ezin izango dudalako jarraitu, 20 urtetik gora dira pilotan jokatzen. Baina beste alde batetik, egindakoarekin oso harro nago eta orain gazteei uzten diet lekua».

Aspetik, Fernando Vidarte nagusiak hartu du hitza eta «ezbehar honek beste hiru edo lau txapeletarako» emango lukeen ibilbide bat eten izana deitoratu du. «Pilota goratu duzu».