NAIZ

Ukrainako gerra gelditzeko tresnak «diplomazia eta elkarrizketa» direla nabarmendu du EH Bilduk

«Gerra gelditzeko tresna diplomazia eta elkarrizketa dira», nabarmendu EH Bilduren senatari Gorka Elejabarrietak Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik urtebete pasa denean.

Gorka Elejabarrieta EH Bilduren senataria.
Gorka Elejabarrieta EH Bilduren senataria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik urtebete pasa denean eta «hasiera-hasieratik inbasio hori erabat arbuiatu» zuela gogoratu ondoren «gerra gelditzeko tresna diplomazia eta elkarrizketa» direla nabarmendu EH Bilduren senatari Gorka Elejabarrietak.

«Herrialdeak inbaditzea eta herriak okupatzea, arazoak areagotzea baino ez du ekartzen, konpontzetik urrun. Hasieratik adierazi genuen gure herria, Gernikako herria, beste hainbatek bezala, gerraren eta okupazioaren logika gaizto eta krudela bertatik bertara ezagutu duen herria dela», adierazi du Elejabarrietak.

«Horregatik guztiagatik, Euskal Herriak gerraren aurkako kontzientzia sakona izan du beti, eta NATOn sartzea errefusatu zuen Espainiako Estatuan egin zen erreferendumean», gogoratu du.

«Inork ez du irabazten armak bidaltzearekin»

«EH Bilduk hasieratik azpimarratu zuen hausnarketa horrek gaur egun inoiz baino indar handiagoa duela: armak bidaltzeak, ezinbestean, gizateriaren etorkizunerako aurreikusi ezin diren ondorioak ekarriko lituzkeela. Inork ez du irabazten eta denok galtzen dugu potentzia nuklearren arteko gerrara eraman gaitzakeen igoera batean», nabarmendu du Elejabarrietak.

«Gure ustez, ez dago irtenbide militarrik gatazka honentzat, eta nazioarteko komunitateak diplomaziaren eta negoziazioaren aldeko apustua egin behar du. EH Bilduk norabide horretan planteatzen diren ekimen guztiak bultzatzea erabaki du, eta hortik aldentzen gaituzten ekimen guztien aurka egingo du», azpimarratu du EH Bilduren senatariak.

«Diplomazia eta elkarrizketa zintzoa dira tresna eraginkor eta arrazional bakarrak gerra gelditzeko, elkar ulertzeko agertokiak gaitzeko eta herrien elkartasuna eta subiranotasuna defendatzeko», aldarrikatu du.

«Ahaztuegi dauden herritar zibilei, inoiz deklaratu ez duten, erabaki ez duten eta inoiz hasi behar ez zen gerraren ondorioak pairatzen dituztenei», gaineratu du EH Bilduk.