NAIZ

Lasterbidean Amasa-Villabonan egingo da, ekainaren 3an

«Euskal preso gehienak Euskal Herriko espetxeetan daude, hobeto daude, baita senideak eta gertukoak ere, baina salbuespenezko politika ez da bukatu eta ezinbestekoa da oraindik ere jendartearen lana», adierazi dute Lasterbidean ekimenaren antolatzaileek. Hor kokatzen da lasterketa.

Lasterbidean ekimenaren aurreko edizioa, 2022koa, Kanpezun egin zen.
Lasterbidean ekimenaren aurreko edizioa, 2022koa, Kanpezun egin zen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Pandemiaren urte zailak atzean utzita, iazko Kanpezuko edizio arrakastatsuari jarraiki, aurten Amasa-Villabonan egingo da Lasterbidean elkartasun lasterketa nazionala, hain justu datorren ekainaren 3an.
    
Lasterbidean ekimena antolatzen duen herritar taldeak Etxerat elkartearekin eskuz esku abiatu zuen lehenengo edizioa Oiartzunen, duela hamar urte, 2013an. Horren ostean, Larrabetzu, Berriozar, Araia, Oñati, Ondarroa, Arbizu-Lakuntza eta Kanpezun jarraitu zuten kirola eta elkartasuna uztartzen.

Preso eta senideenganako elkartasun eta konpromisoak ez dute etenik. Makina bat kultur eta kirol ekimen antolatzen da, eta elkarretaratze eta manifestazio ugari, babes sozialaren erakusgarri. Larunbat honetan bertan 40 Minutu Rock jaialdia egingo da Durangon, NAIZen laguntzarekin.

Lasterketaren balioa

«Euskal preso gehienak Euskal Herriko espetxeetan daude, hobeto daude, baita senideak eta gertukoak ere, baina salbuespenezko espetxe politika ez da bukatu. Urruntzea eta sakabanaketa amaitzeko euskal gizartearen inplikazioa erabakigarria izan den bezala, oraindik ere jendartearen lana eta mobilizazioa ezinbestekoa dugu, blokeo zentzugabe hori desblokeatzea lortzeko», adierazi dute Lasterbidean ekimenaren antolatzaileek.

Hor kokatzen dute lasterketak duen balioa. «Euskal preso, erbesteratu eta deportatuak etxean izan arte korrika jarraituko dugu. Laster etxean, laster bidean», agindu dute.