Manex Altuna

Urteak igaro ahala sekula baino luzeagoa da Jose Angel Iribarren itzala

Athleticen mito, garai bateko Euskal Herriaren ikur nagusienetako bat izan da bizitzaren alor guztietan erakutsitako umiltasun eta konpromisoarengatik. 80 urte egingo ditu martxoaren 1ean eta Lezaman entrenatzaile izan zuen Iker Bizkarguenaga GARAko lankidearekin osatu dugu bere soslaia.

Iribar, Kortabarriarekin batera ikurriñari eusten, oraindik legeztatu gabe zegoela, Atotxan.
Iribar, Kortabarriarekin batera ikurriñari eusten, oraindik legeztatu gabe zegoela, Atotxan. (NAIZ)

Athleticen eta herri honen futbol enbaxadore garrantzitsuenetako bat da Jose Angel Iribar. Munduko atezainik onenetako bat izatearekin batera, eredugarria izan da bere ibilbidea beste hainbat esparrutan.

Zarautzen jaioa 1943ko martxoaren 1ean, Makatza izeneko baserrian hazi zen eta kirola egiteko dohai apartak zituela erakutsi zuen gaztetatik. Atletismoa gogoko zuen umetan eta tornulari izateko ikasketak egin zituen, baina atezain izatea aukeratu zuen. Bere herriko taldean hasi ostean, Basauriko Basconia taldean abiatu zuen ibilbide profesionala 18 urterekin.

Bertan ezarri zioten «Txopo» ezizena bere itxurak makala zuhaitza gogorarazi ziolako zale bati. Bigarren Mailan lehiatzen zuen talde bizkaitarrak sasoi horretan eta Kopan garaiko txapelduna zen Atletico Madril kanporatzeak sekulako ohiartzuna izan zuen. Egindako geldiketa bikainek eta erakutsitako maila apartaren ondorioz, talde indartsuagoek eskaintzak helaraztea ekarri zuen.

Bartzelona, esaterako, hiru miloi pezeta ordaintzeko prest agertu zen. Basconiak kataluniarren kontra jokatu zuen hurrengo kanporaketa eta 10-1 irabazi zion bueltako partidan. Hala ere, aldageletarantz burumakur zihoala entrenatzaile zen Kubalak fitxatu nahi zutela esan zion.

Pedro Mari Goikoetxea kazetariak ‘Iribar, irudia eta eredua’ liburuan jasotako pasarte harrigarrietako bat da. Denboraldi amaitzerakoan Athleticera joan zen miloi baten truke eta ametsa egia bihurtzea lortu zuen. Talde zuri-gorrian 1962ko irailean Malagan debutatu zuen Carmelo Cedrun ordezkatuz. Fidel Uriartek ere bere lehen norgehiagoka jokatu zuen egun hartan. 18 denboraldi egin zituen Athleticen atezain bezala eta partida gehien jokatu dituen jokalaria da. 614, hain zuzen ere.

Iribarrek bi Kopa irabazi zituen Athleticekin eta UEFAko txapeldunorde izan zen 1977an. Hilzorian ere egon zen sukar tifoideak harrapatu ostean, Pitxitxi adibidez gaixotasun horregatik hil omen zen. Agian horregatik haragi eta hezurrezko mito zuri-gorri bat da zale guztientzako eta gaur egun ere argazki mordoa egiten ditu inguratzen zaion edozeinekin. Jaungoikoa goitizenez ere izendatzen dute sarritan eta bere kondairaren pasarte esanguratsuenetako bat porrot mingarri baten ostean eraikitzen hasi zen.

Horrelakoa da herri honen nortasuna eta, batez ere, Athleticen patua. Izan ere, 1966an Zaragozaren kontra Kopako final bat galdu ondoren zaleek Iribar bezalakorik ez dagoela aldarrikatzen duen kanta ezaguna sortu zuten eta bizkar gainean atera zuten zelaitik.

Bestalde, atezain bezala jokatzeko modua eraldatu zuen eskuarekin baloia jokoan ipintzerakoan. Nabarmentzen dutenez, ez zuen alperrikako erakustaldirik egiten eta lasaitasuna eta segurtasuna ematen zuen, ahal zuenean aurkariei bigarren aukerarik eman gabe.

Aldi berean, Espainiako selekzioarekin 49 partida jokatu zituen eta Eurokopa bat irabazi zuen 1964ean. Bere txikitako idoloa izan zen Lev Yashinen Sobietar Batasuna gainditu zuten finalean. Nazioarteko berrogeita hamargarren partida euskal selekzioarekin jokatu zuen eta hautatzaile izandakoa da bi hamarkadetan.

Zarauztarraren irudia ere estuki lotuta dago Euskal Herriaren pasarte historikoekin. 1976an ikurrina atera zuen Kortabarriarekin batera Atotxan jokaturiko derbian. Herri Batasunaren sorreran ere parte hartu zuen eta euskara bultzatzeko erabili zuen bere omenaldian jasotako dirua.

Iribar orain dela hamarkada bat atezain garaiko argazkirik gogoangarrinearen ondoan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Iribar orain dela hamarkada bat atezain garaiko argazkirik gogoangarrinearen ondoan. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Andoni Egaña bertsolariak 2012an San Mamesen egindako omenaldi batean abestu zion moduan «urteak igaro ahala sekula baino luzeagoa da» Iribarren itzala. 50 urte bete ziren debuta egin zuenetik eta Athleticen atezain izan diren belaunaldi ezberdinak elkartu ziren zelaian. Miresmena eta eredu bat izan dela da gehien errepikatzen den ezaugarria.

Erretiroa hartu zuenetik, eginkizun ezberdinak izan ditu klubaren barnean. Ohikoa da egunerokoan Lezamatik igarotzea eta lehen taldearekin bidaiatzen ikustea, nahiz eta azken aldian osasun aldetik makalago ibili.

Roberto Martinez ‘Tiko’-k adibidez atezainen entrenatzaile zenean ezagutu zuen eta Athleticen irudia ordezkatzeko egon daitekeen pertsonarik onena dela uste du. Marcelo Bielsak antzeko iritzia eman zuen: «Gizaki bikaina, atezain paregabea eta Athleticen primerako ordezkaria».

Bilbao Athleticekin Bigarren Mailako liga irabaztetik gertu egon zen 80. hamarkada hasieran, baina lehen taldea zuzendu zuen denboraldian ez zuen arrakastarik izan. Lezamako harrobian lan egindakoa da hainbat urtez eta bertan ezagutu zuen 1992an Iker Bizkarguenagak, GARAko lankidea denak.

Gogoratzen duenez, kadete mailan izan zuen Iribar entrenatzaile 14 eta 15 urte artean zituenean. Zuri-gorriz jantzi ahal izatea haur baten «ametsa» betetzea izan zen eta «giro ona» izan zela entrenatzaile eta jokalarien artean aipatzen du. «Leku askotatik heldutako gaztetxoak ginen, askotan gure bizitzek ez zuten zerikusirik eta, hala ere, oso ondo moldatu ginen. Gogoan daukat denak oso jokalari onak zirela iruditzen zitzaidala, oso maila altua zegoen, baina gutxik lortu zuten futbolean ibilbide profesionala egitea», azaltzen du.

Besteak beste, Bigarren Mailako Xerez, Elx edo Cordoban aritu zen eta 17 urtetik beherako Munduko Kopa jokatu zuen Francisco Javier Cachorro eta Alavesen eta Bigarren B mailan aritutako Igor Cuesta izan zituen taldekide. Lehen Mailan jokatutako David Karankarekin ere entrenatu zuen, baina bera sartu zen urtean Indartsura itzuli zen.

2012an Iribarri San Mamesen egindako omenaldia. (Jon HERNAEZ / FOKU)
2012an Iribarri San Mamesen egindako omenaldia. (Jon HERNAEZ / FOKU)

Iribar entrenatzaile bezala nolakoa zen galdetuta, «oso pertsona serioa» zela azpimarratzen du «baina aldi berean adeitsua, jokalaria gustura egotea saiatzen zen eta lortzen zuen». «Ikuspegi futbolistikoari bezainbesteko garrantzia ematen zion jokalarien jarrerari. Aurkaria beti errespetuz tratu behar zitzaiola argi uzten zigun, inolako harrokeriarik gabe. Zorrotza ere bazen, entrenamentuetan eta partidetan, dena eman behar zenuen, baina ez zuen ahotsik altxatzen. Lasaia zen eta gurekiko ere errespetu handia zuen», azaltzen du Bizkarguenagak.

Ildo horretan, gogora ekartzen du Bizkaiko talde baten kontra jokatzen ari zirela, beste taldeko jokalariak euren artean «colegui», «tronco» eta halakoak esaten hasi zirela. Eta Iribarrek «erdi serio erdi bromaz esan zigun gure artean horrela arituz gero zuzenean aldagelara bidaliko gintuela». «Formak asko zaintzen zituen», komentatzen du.

Nabarmetzen duen beste ezaugarri bat da euskaraz hitz egiten zuten jokalariekin «beti» euskaraz egiten ziela. «Ikusten zitzaion garrantzia handia ematen ziola euskarari, gure artean euskaraz harremantzeari. Berea ez zen jarrera pasiboa arlo horretan, aktiboa baizik, euskararen aldekoa», aipatzen du kazetariak.

Oroitzapen bikaina gordetzen du eta sinetsita dago inork ezin duela Iribarren aurka ezer esan. Zuzentzen zitzaion jende guztiari «irribarrea kendu gabe» ondo erantzuten zuela dio. «Oso umila iruditu izan zait beti, handiusterik gabe eta ez zeukan inolako arazorik hurbiltzen zitzaion jendearekin lasai berba egiteko. Gure taldeko gurasoek behin bazkari bat antolatu zuten, eta bertan izan zen bera ere, beste edozein bezala», azpimarratzen du Bizkarguenagak.