
Bere zoritxarrerako, mikrofonoak eta flashak ez baitzaizkio larregi gustatzen, kazetariontzat elkarrizketatu perfektua osatzen duten lau ezaugarriak biltzen ditu Garbiñe Etxeberriak: ezagutza, nortasuna, zintzotasuna eta profesionaltasuna. Emakumezkoentzat, futbolarientzat eta, batez ere, emakumezkoen futbolarekin harremana dutenentzat erreferentea bilakatu duten berberak. Eta horrek antzeko «zigorra» erakarri dio orain dela lau hamarkada luze baloiarekin maitemundu zen hernaniarrari, bera izan baita gaur protagonista absolutua Donostiako Kirol Etxean.
Bertan hartu du Etxeberriak Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako «Carmen Adarraga saria», herrikidearen izena duen sariaren esentziaren ordezkari onena baita, Mari Jose Telleria Kulturako eta Kiroleko Diputatuaren esanetan: «lanaren kultura, estrategia, talentua, kirola etengabe hobetzeko grina, aurrerapena, konpromisoa eta arrakasta».
Merezitako errekonozimendua beti izan ez duen arrakasta, Gipuzkoako emakumezkoen futbolaren arrakastetako batzuen protagonista izan arren, zelaian, aulkian zein bulegoan arituz. Lehen urratsak eskolako jolastokian eta hondartzan eman ondoren, Oiartzunera heldu zen, talde gipuzkoarraren urrezko aroa bizitzeko, «garaiak errezak ez» baziren ere futbola gustokoa zuten neskentzat. «Marimutilak eta holakoak deitzen ziguten», gogoratu du. «Baina ez dut inolako traumarik, beti egin dut nahi nuen hura».
Eta konbikzio horri esker, kalitateak ere zerikusia izango omen zuen, liga bat –euskal futbolak lortu zuen lehena– eta bi Kopa irabazi zituen kamiseta urdinarekin. Botak gorde aurretik entrenatzen hasi zen, klubaren harrobiaren sorreran lagunduz eta etapa berri bati hasiera emanez. Oparoa hau ere, Oiartzunen urte batzu gehiago eman ondoren –hogei guztira–, Real sortu berrira heldu baitzen, taldea Lehen mailara gidatzeko. Entrenatzailea, delegatua, berriro aulkian, idazkaria eta azkenik Kirol Zuzendaria, talde zuri-urdinaren eta, orokorrean, emakumezkoen futbolaren hazkundearen arduradunetako bat izan da. Baliabideen hobekuntza, profesionaltasuna, aurrerapen teknikoak… Futbolari bezela disfrutatu ezin izan zuena belaunaldi berrien egunerokotasunaren parte izateko lan egin du, bidetik berriro ere arrakastak ospatuz soropilean, bera baita Kopa irabazi eta Txapeldunen Ligan debutatu duen Realaren kirol arduradun nagusia.
«Ibilbide honetan dena ez da izan polita –onartu du–. Emakumezkoen kirolan, futbolean nere kasuan, bidea malkartsua izan da, aldapa asko igo behar izan ditugu eta, beste batzutan, aldapan behera. Konstantzia behar izan dugu, batez ere, eta sinismena, nik beti sinistu egin dut. Eta baldintza berdinetan, aukera berdinekin, beti sinistu dut gai garela gauzak egiteko».
Ibilbide horrek badauzka oraindik ibiltzeko kilometroak eta, betiko moduan, Etxeberriak «normaltasunez», «lanarekin» eta «anbizioarekin» ekingo die. Ibilitakoaren eta etortzear dagoenaren arteko geldiune txiki honetan, merezitako saria izan du. Lagunek, senideek, klubeko, Gipuzkoako Federazioko eta erakundeetako ordezkariek lagunduta, hunkituta, errekonozimendu honekin «sekulako poza hartu» duela onartu du. «Hernaniar batentzat oso hunkigarria da kirolari hernaniar handi baten izena duena saria jasotzea oso hunkigarria da».

La devastación de Gernika por el bombardeo fascista de 1937, en las filmaciones de la UCLA

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

Fallece Gloria Rekarte, a quien han dado el último adiós en Iruñea

Gernika recuerda el «atroz» bombardeo de 1937 e insta a Italia a admitir su responsabilidad
