Andoni Lubaki

Bakhmuten ezinezkoa da bonben leherketak zenbatzea

NAIZek Bakhmuten sartzea lortu du eta Txornovilets auzune setiatutik informatzen duen azken hedabidea izatea lortu du. Egoera gero eta okerragoa da H32 errepidean zain dauden Wagner tropen bonbak eta tiroak jasaten dituzten boluntarioentzat eta sendagileentzat.

Tamara Segorsk-ek (68 urte)  nora joan ez duela esan digu; haren etxea hurbil dagoela, «auzoan gorantz eginda», eta momentuz eztanda gutxi izan dela auzoan. «Hiru egunetan bakarrik», dio aurpegian inolako izu zantzurik erakutsi gabe.

Bakhmut (eta Txasiv Jar eta Siversk eta…) bezalako tokietako informazioa lortzea oso zaila da. Ez dago datu zehatzik, militarrek hildakoen eta zaurituen kopuruak ezkutatzen dituzte. Adrian estatubatuarra da, Idahoko-a. Atzerritik etorritako bolondres borrokalari gisa dabil inguruan. Ez du bere izena eman nahi. «Ez nago batere eroso hau esanda, baina mediku militarrekin hartu-eman handia dut. Egunero Bakhmutetik 30 soldadu hilda ateratzen dituzte gutxienez. Ukraina ez da gerra irabazten ari. Soldadu onenak Bakhmut, Soledar eta Siverskeko fronteetan hiltzen ari dira. Esperientzia zuten soldadu gehienak han hil dira, eta ekialdetik etorritako esperientziarik gabeko soldaduak bakarrik daude», dio Adrianek.

«Ukrainaren estrategia militarra Bakhmuten oso txarra da. Hiria utzi eta beste posizio batzuk hartu beharko lituzkete. Militarren buruzagiek hori nahi dute, soldaduok ere horrela pentsatzen dugu. Badakigu bertara bidaltzen bagaituzte hiltzeko dela. Hemen, ‘agur’ bat betiko ‘agur’ bat da. Malkoz esaten diogu elkarri badoazela. Bizirik egiten den hileta da», gaineratzen du.

Bakhmuteko kaleetan ezinezkoa da bonba leherketak zenbatzea. Batez besteko bat egiteko baliagarria izango litzakete, baina askotan etxe azpiren batean ezkutatu beharrean gaude. Beste batzuetan, ziztuka pasatzen dira gure buru gainetik. Boluntarioek naturaltasun osoz botatzen dute euren burua lurrera, eta bertan daudela are naturaltasun handiagoz hitz egiten jarraitzen dute.

Mapan, errusiar indarrek Bakhmut ia hartu dute. Bakhmutek denbora kontra du. Bakhmut ez omen da sekula errendituko. Bakhmut «irentsia» izango da.

«Lehengo batean 120 milimetroko mortero bat erori zen hemendik distantzia gutxira. Lau lagun hil zituen, eta bost egunetan ez zen inor hurbildu gorputzak estaltzera. Eskerrak hotz egin zuen eta elurra etorri zen, bestela inguruan zabaltzen da kiratsa», dio Dimak. Auzune honetakoa denez, mundu guztia ezagutzen du, eta sarritan etxez etxe joaten da han geratu diren bizilagunez arduratzera eta eskatutakoa eramatera.

Giroa gaiztotu egin da. Bolondresak dauden tokietara morteroak erortzen hasi dira, eta bala puntak, kalean behera. Kalaxnikov batek 700 metrora tiro egin badezake, horrek esan nahi du soldadu errusiarrak 800 metrotara daudela. Wagner dibisioa ari da hemen borrokan. Ez da hortaz toki segurua, eta bagoaz Timoteo eta Dimarekin batera.

Orain, hasiera batean behintzat, etortzeko hartu dugun bide desberdin batetik goaz; seguruagoa, diotenez. Leihoa erdi irekita uzteko esan dute, eztandak nondik datozen jakitearren. Dena suntsituta agertzen da ibilbidean. Margolari batek grisa, beltza eta zuria besterik ez luke beharko kolore guztiak islatzeko.

Tiroak eta beldurra

Hiria inkomunikatuta geratzeko gutxi falta da. Errusiarrak bide pare batera eta kale batera hurbilduko balira, akabo, ez lukete bide hori eta kale hori kontrolatu ere egin behar. H32 errepidea errusiarrena da, bertan ez egon arren. Beraien posizioek ez diote apenas inori pasatzen uzten. Khromove-ko bidea «segurua» da.

Bueltan, bide hori eztanda zaparrada baten azpian dago, baina zubia pasatu behar da, hala ere, hiritik ihes egiteko. Momentu honetan, irteten ez, iheska, hiru autotan goaz. Errekarako muinoa jaisten hastean, gure buru gainetik igaro den obusa ondoko etxe batean lehertu dela ikusi dugu. Etxea sutan dago. Han ez zen inor bizi.

Berriro azeleragailua zapaldu eta zubia igaro dugu. Bolondresen autoak ke urdin susmagarri bat botatzen du, eurek ere motorra estutzen doaz. Tiro hotsak inguruan, eta beldurra. Barnetik dator beldurra, eta gure artean hitzik ere ez. Ukrainako 93 Dibisioaren kontrolera iristean ez dago inor, denak ezkutatu dira obus zaparradatik babesteko. Guk ere hala egin dugu, autoa martxan eta zuhaitz baten azpian ezkutuan utzita. Dimari izerdia zuritu zaio kopetan.

Khromoveko errepidetik 300 metrotara posizioak hartu dituzte errusiarrek. AK tiropean daude orain igarotzen ari direnak. Mapan, errusiar indarrek Bakhmut ia hartu dute. Bakhmutek  denbora kontra du. Bakhmut  ez omen da sekula errendituko. Bakhmut «irentsia» izango da.