NAIZ

Diego Rico ezker hegalekoak 2025. urtera arte berritu du kontratua Realarekin

Burgosekoa oso pozik agertu da Realean jarraitzeagatik eta azaldu duenez, «Realera hazteko etorri nintzen, nire ibilbidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko eta Erromaren aurkako kanporaketa honen adibidea da».

Diego Rico eta Jokin Aperribay akordioa sinatu berritan.
Diego Rico eta Jokin Aperribay akordioa sinatu berritan. (REAL SOCIEDAD)

Taldea aspaldiko unerik makalena pasatzen ari den asteotan, Realak bere jokalariengan duen konfiantza berretsi nahi izan du eta igandean Aritz Elustondok 2026. urtera arte berritu duela jakinarazi ondoren, gaur atzealdeko beste hegaleko Diego Ricorekin ere lan hitzarmena luzatzeko akordio batera heldu direla eman du jakitera. Burgoseko atzelaria duela bi denboraldi heldu zen Donostiara Bournemouth taldetik eta orain lortutako akordioari esker 2025. urtera arte txuriurdina izango da.

Taldearen web orrialdean jasotako lehen balorazio batean, jokaralaria pozarren agertu da Donostian geratzeko aukerarekin. «Lehen egunetik, denek hartu ninduten etxeko beste bat bezala. Klub osoak duen apaltasunak eta sakrifizio espirituak oso erakargarria egiten dute klub honetan egotea», adierazi du.

Ezker atzelaria ilusioz gainezka dago ostegun honetan jokatu behar duten Europa Leagueko kanporaketarekin. «Realera hazteko etorri nintzen, nire ibilbidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko eta Erromaren aurkako kanporaketa honen adibidea da», aitortu du.

Ekainean amaitzen zitzaion kontratua Diego Ricori eta berritze honekin Realak jarraikortasuna emango dio zalantzaren bat sortu duen ezker hegalari. Orain ikusi beharko da aurten jarraikortasunik gabe dabilen Aihen izango ote duen Ricok ordezko gisa edo Realak beste jokalariren bat fitxatzen duen postu horretarako.

Ricok jarraitzea ziurtatuta, David Silva eta Asier Illarramendi dira hiru hilabeteetarako baino kontratua ez duten jokalariak. Sorlothek ere ekainera arte baino ez du ziurtatuta Realean jarraitzea, Leipzigek utzita ari baita norbegiarra Realean.