Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Sindikalizazioaren olatu berri baten erdian, grebak ugaritu dira AEBetan

Cornell-ILR Labor Action Tracker proiektuan argitaratutako datuen arabera, iaz AEBetan greba eta lan gatazkak %52 ugaritu ziren, gero eta langile gehiagok beren lan baldintzen eskaerengatik sindikatuetara jotzen zuten bitartean. Grebara jo zuten langile kopurua %60 hazi zen gainera.

Amazoneko langileek garaipen sindikala ospatu zuten unea. (Andrea RENAULT/AFP)
Amazoneko langileek garaipen sindikala ospatu zuten unea. (Andrea RENAULT/AFP) (Andrea RENAULT | AFP)

Cornell-ILR Labor Action Tracker proiektua, funtsean, AEBetako lanuzteen eta lan gatazken datu base bat da. Langile aktibitateen argazki osoa eskaintzea du xede, legegileak, kazetariak, ikerlariak eta publiko orokorra informatzeko. Kontuan hartu beharrekoa da 1980ko hamarkadan Ronald Reaganen Administrazioaren murrizketen ondoren, Bureau of Labor Stadistics-ek 1.000 langile baino gutxiagoko lantokietan egiten diren grebak ez dituela bere datu basean jasotzen.

Bada, aipatutakoa gogoan hartuta, iazko datuak argitaratu berri ditu, eta joera argi erakusten du: 2021eko 279ekin alderatuta, iaz 424 greba egin ziren. 224.000 langilek parte-hartu zuten lanuzteetan, eta 2021ean 140.000 langilek, %60ko igoera bat suposatzen duena. Greben iraupena eta parte hartu zuten langileen gutxi-gorabeherako kopuruarekin biderkatuta, kalkulatu dute 4.447.588 greba egun izan zirela.

Bestalde, greben %68 sindikalizatutako langileek egin zituzten, eta gainerako %32 sindikalizatu gabeek. Lanuzteen ia erdiak (%46) egun bateko edo gutxiagoko iraupena izan zuten, eta bi heren bost egun baino gutxiago luzatu ziren. Grebara atera ziren sektore ekonomiko nabarmenenak hauek izan ziren: osasungintza eta zaintza zerbitzuak, irakaskuntza, industria, saltokiak, jatetxeak eta hedabideak.

Badira beste datu nabarmen batzuk ere: iazko lehen sei hilabeteetan ordezkaritza sindikala izateko eskaerak %57 igo ziren, eta lan baldintzen inguruan gehiegikeriazko praktiken aurkako salaketak %14. Historikoki, AEBetako sindikalismoa batez ere meategietan eta automobilgintzako lantokietan hedatuta egon da, baina langile gazteagoak, aspaldian ez bezala, sindikatuekiko eta antolatutako langile mugimenduarekiko interesa erakusten ari dira.

Ez doaz paraleloan

Horren lekuko da han eta hemen konpainia ezagun eta ezezagunagoetan pizten ari diren gatazkak. 2022ko urtarrilean New Yorkeko Amazonen lehen biltegia sindikalizatu zen, eta joera da biltegi berrietara zabaltzen segitzen duela. Janari azkarreko saltokietako langileek «Fight for $15» kanpainaren alde lanuzteak biderkatu dituzte, John Deere edo Kellogg bezalako konpainietan egindako grebek atentzio mediatikoa bereganatu dute. Bistan da, AEBetako aktualitatea apur bat jarraituz gero, lan gatazken ugaritzea aise antzeman ahal dela.

AEBetako langileak, eta nonahikoak, beti egon dira arazo ezberdinengatik frustratuak, soldata baxuetatik lan baldintza eskasetaraino. Baina pandemiak arazo hauei guztiei beste itzal bat eman die. Bezero eta erabiltzaileekin zuzenean jarduten duten langileak, erizainetatik zerbitzarietaraino, konturatu dira konpainiek behar-beharrezkotzat, «funtsezkoak», kontsideratu arren, ordezkagarritzat ere hartzen dituztela. Zauria eragin du horrek. Eta guztiaren konbinazio batek (osasun mailako oinarrizko onuren falta, lan baldintza eskasak, justuak ez diren lan praktikak, jabeen eta langileen arteko aberastasunaren arteko ezberdintasun gero eta handiagoa) frustrazioak biderkatu eta lan gatazken ugaritzea elkarri du.

Zentzu honetan, Gallup inkesta etxeak argitaratutako datuek gorakada horren bultzada baieztatzen dute. AEBetako jende gehienak (%70) sindikatuen lana babesten du, eta pandemiaren aurretiko onespen maila ikaragarri eta oso azkar handitu da. Ez da ahaztu behar 2010. urtean herrialdearen erdia baino gehiago (%60) sindikatuen kontra zegoela. Hala ere, babes maila handitu arren, sindikalizazio maila ez da paraleloan joan. Egun, AEBetako langileen %10 dago sindikatuta (1983an, %20), eta sektore pribatuan %6,1. Etxebizitza guztietako %7k  bakarrik dauka bere kideetako bat sindikatuta.

Langile ekintzaren paradoxa

Hori da AEBetako langile mugimenduaren paradoxa. Sindikatuak popularrak direla, inkestetan babes handia dutela, sindikalizazioa negozio entzutetsuenetan zabaltzen ari dela, baina datuak gordinak dira: beherakadak ez du etenik, batez ere sektore pribatuan. Nahiz eta Bureau of Labor Stadistics-en datuen arabera sindikalizatua den eta ez den langile baten artean soldatan astero 200 dolarretako aldea egon, nahiz eta sindikatuak lanpostuak bidezkoago eta patroiak arduratsuago izatera behartu, joera kezkagarria da.

Konpainia pribatuak praktika antisindikalen eskuliburuko errezetak erabiltzen jarraitzen dute oraindik ere: behar duten guztia egiten dute beldurra sartzeko, langileak sindikatua sortzeko bozketan ezezkoak irabazteko. Eta taktika zahar berriztatu hauek urteetan zehar higatu egin dute sindikalizazio ratioa.

Paradoxak badu beste aurpegi bat: sindikalizazioaren gutxitzearekin batera langile borroken olatua altxatu dela. Sindikatuta egon ez arren, gero eta langile gehiagok uzten ditu lanpostuak, uko egiten diote lan prekarioak hartzeari. Exijentzia maila igo egin da. Eta gatazken ugaritzea emakumeen protagonismoaren handitzearekin bat etorri da, erakutsiz langileen mugimendua emakumeentzako mugimendua ere badela.