Arnaitz Gorriti

«Fedea ez galtzea», Madrilen irabazteko giltzarria Peñarroyaren iritziz

Euroligako 2023ko aurreneko garaipena eskuratu zuen asteartean Saski Baskoniak etxetik kanpo, azken 36 segundoetan 0-6ko partziala lortu eta gero. Real Madrilen aurka denboraldi honetan jokaturiko hiru norgehiagokak gasteiztarrek eraman dituzte.

Hommes eta Costello, WIZink Centerreko garaipeneko bi protagonista nagusi, pozarren.
Hommes eta Costello, WIZink Centerreko garaipeneko bi protagonista nagusi, pozarren. (@EUROLEAGUE)

«Aurrera egiteko behar dudan guztia daukat. Nire buruarekin harmonian nago. Maite dut eta onartzen dut nire burua. Porrota, arrangura eta garraztasunari alde egiten uzten diet. Osasuntsu eta kontzentratuta egotea aukeratzen dut. Nire helburuak errealitatean islatzen eta kokatzen ditut eta jenderik egokienarekin elkartzen naiz horretarako. Zernahi gerta, Jainkoak niretzat prestatu duen plana onartzen dut. Zernahi gertatuta ere, txapelduna naiz».

Milwaukeen jaio eta hazi arren, Lituaniako jatorria du Rose Namajunas, UFC arte martzial mistoetan bere pisuan munduko txapeldun izandako emakumeak. Zalgiris Kaunasen gonbiteari erantzunez, Saski Baskoniaren aurka pasa den otsailaren 10ean, jokatu beharreko partida hasi baino minutu gutxi batzuek aurretik, motibazio hitzalditxo hau eskaini zien Zalgiriseko jokalariei, bere hitzak errepikatuaraziz. Eskola garaian bullynga nozitu zuen Namajunasek eta aurrera aterako bazen, arte martzialak eta meditazioa biak uztartuta atera zen azkenean. «Gorputza eta burua oso antzekoak dira: biak ala biak zaildu litezke hobetzeko», da Namajunasek sarri darabilen leloa.

Jakina da Otsailaren 10eko neurketa hura Zalgirisek eraman zuela, 79-75, edo hobeki esanda, Saski Baskoniari ihes egin ziola. «Bertan izan dugu, bai, baina azken bi minutuetan ez dugu punturik saskiratu, eta halakoetan, normalean jai izaten da», onartu zuen Joan Peñarroyak partida haren amaieran.

Alde ederra otsailaren 10 hartako aldartea martxoaren 7koarekin alderatuz gero! Zer eta Real Madrili 81-85 irabazi zion Saski Baskoniak, azken 36 segundoetan 0-6ko partziala erdietsita Darius Thompson eta Matt Costelloren artean. Aurrez 78-71 atzetik joan arren, ez zuten etsi gasteiztarrek eta hala, azken segunduetara neurketa irabazteko aukerekin iritsi ziren Costellok 81nakoa ezarri ostean. Daulton Hommesek sekulako txapela jarri zion Tavares erraldoiari eta partida luzapenera zihoala zirudienean, hara Costelloren hirukoa, jaurtiketa gehigarri eta guzti!

«Fedeari eutsi diogu azkenera arte. Ez dugu etsi eta xehetasun txikiek gure aldera irauli dute partida», onartu zuen Joan Peñarroyak neurketa amaitu eta hurrengo minutuetan. «Costelloren hirukoa itzela izan da, baina are eta ikusgarriagoa izan dela deritzot Daulton Hommesen txapela», gaineratu zuen Terrassako entrenatzaileak, WIZink Center erdian amorruz eta euforiaz garaipena ospatu ostean.

Real Madrilen piztia gaindiezina

Handia da gero, baina astearte gauean 2023a hasi denez geroztik etxetik kanpoko aurreneko garaipena izan zen gasteiztarrentzat Euroligan. Abenduan Anadolu Efes eta Fenerbahçeren kantxetan gailendu ostean, herren nabarmena egin dute Zurbaotik urruti Joan Peñarroyarenek.

«Etxean askoz seguruago sentitzen gara. Jendearen laguntza, haien epeltasuna... dena da lagungarri eta etekina ateratzen diogu», adierazi zuen, bestalde, Dani Diez hegaleko espainiarrak partida amaitu eta segidan, autobusez Gasteizerako bidea ekin baino lehentxoago.

«Atsegin handia izan da WIZink Centerrera etorri diren gure zaleei garaipen hau eskaintzea. Une zailak izan ditugu partidan zehar, baina etsi gabe jokatu dugu eta azkenean gure alde erori da, bestera ere berdin erori zitekeen arren. Real Madrili bere etxean irabazteko gauza asko egin behar dira ondo eta halaxe izan da: erasoan zein defentsan, gauza mordo bat ondo egin ditugunaren seinale da», gaineratu zuen Dani Diezek.

Peñarroyaren balorazioa ere oso antzekoa izan zen zentzu horretan. «Irabazi dugun bezala, berdin berdin ere gal genezakeen, baina oso sendo aritu da taldea eta horri eskerrak lortu dugu urteko aurreneko garaipena etxetik kanpo».

«Taldeak beste behin erakutsi du banaka jokalari bikainak dituela, baina hori horrela izanda ere, taldearen indarra ezinbestekoa izan da gailentzeko», azpimarratu zuen, bestetik, entrenatzaile katalanak.

Eta bide batez, asteartekoa denboraldi honetan Baskoniak eta Real Madrilek elkarren aurka jokatzen zuten hirugarren neurketa izan zen, eta hiruretan gasteiztarrak nagusi, alajaina! «Ez dut uste Real Madrilen piztia gaindiezin hori gu garenik. Egia da halako talde bati jarraian hiru neurketa irabaztea ez dela batere erraza, baina hemendik lasterrera –hilaren 19an, hain zuen; hau da, datorren igandea zortzi– berriz ere hona –WIZink Centerrera, alegia– itzuli beharko dugu eta ziur nago amorrazioz jokatuko duela Real Madrilek gure aurka behingoz irabazi nahian», azaldu zuen Peñarroyak.

Baina ordura bitartean aurrez hiru partida jokatu beharko ditu: ostiralean Mike Jamesen AS Monakoren aurka Buesa Arenan, igandean Betisen kantxan eta hilaren 16an, berriz, Maccabiren kantxan. Bien bitartean, hobe baikortasunik ez galtzea; zaila bada ere, hobe balizko porrotak edo lesioak datozen bezala onartzea; hobe «Kaunas planean» fedea izatea. Irabazi ala galdu, txapeldun izaera duela erakutsi baitu Saski Baskoniak.