NAIZ

Nafarroako Gobernuak eta UEMAk hitzarmena sinatu dute euskararen aldeko ekimenak laguntzeko

UEMAko kide diren Nafarroako herrietan bideratuko diren ekimenak 30.000 eurorekin lagunduko ditu Nafarroako Gobernuak astelehen honetan biek sinatutako hitzarmenari esker. Besteak beste, euskararen inguruko aholkularitza, itzulpen zerbitzua eta gazteentzako udalekuak lagunduko ditu.

Aitor Elexpuru, Iraitz Lazkano, Ana Ollo eta Mikel Arregi, hitzarmena sinatzen.
Aitor Elexpuru, Iraitz Lazkano, Ana Ollo eta Mikel Arregi, hitzarmena sinatzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute lehen aldiz; horren arabera, mankomunitateko kide diren udaletan euskararen erabilera areagotzeko egingo diren ekintzak 30.000 eurorekin lagunduko ditu Gobernuak. Abenduaren 31ra arte egongo da indarrean eta gutxienez bi aldiz bilduko den jarraipen batzordea ere osatuko dute.

Hitzarmenaren nondik norakoak azaldu dituzte astelehen honetan Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Mikel Arregi Euskarabideko kudeatzaile zuzendariak eta Aitor Elexpuru Mankomunitatearen zuzendaritza batzordekideak Iruñean eskainitako prentsaurrekoan.

Azaldu dutenez, Nafarroako 14 udal dira UEMAren kide gaur egun, eta martxoaren 25az geroztik Doneztebe eta Arruatzu gehituko zaizkie. Zehazki, udalerri horietan Nafarroako Gobernuak honako ekimen hauetan lagunduko du: udaletako euskararen erabilera planak Kemen metodologiaren bidez berritzea; udalerriei euskararen inguruko aholkularitza ematea; udalerrietan kulturartekotasuna garatzeko proiektua; hezitzaileen prestakuntza; udalerriei itzulpen zerbitzua ematea, eta udalerri euskaldunetako gazteak kontzientziatzeko udalekuak.

Bi aldeen arteko jarraipen batzordea ere osatuko dute, eta gutxienez bi aldiz bilduko da. Hasieran, lan programa adosteko, eta urte amaieran egindakoaren balorazioa eta memoria osatzeko.

Euskalduntzea «ezinbestekoa»

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkakok hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du, honakoa nabarmenduz: «Udalak euskalduntzea ezinbestekoa da, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, baina udalerrien euskalduntzean ere gero eta gehiago ari gara eragiten, herritar berriak euskaraz eta euskaratik sustraituz edota gazteak kontzientziatuz, inertziatik kontzientziara salto egin dezaten, euskarari eusteko».

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilariak, bestalde, hau adierazi du: «Udalerri euskaldunetan, belaunaldi batetik bestera transmititzen da euskara, hizkuntza etenik gabe biziberrituz eta herri honen aniztasunari eta kulturari ekarpen garrantzitsua eginez. Horregatik zaindu, babestu eta indartu egin behar ditugu».