Estitxu Zabala Odriozola

Barrundiako kontsumitzaile taldea: produktua ardatz, pertsona oinarri

Elikagai freskoak eta tokikoak kontsumitzeko ideiarekin abiatu zen Arabako Barrundiako kontsumitzaile taldea, eta gaur egun 250 familiak parte hartzen du elkartean, ia eskualdeko biztanleria osoak. Baina salmenta gune soil bat baino gehiago ere bada Barrundiako ekonomatua: herritarren topagunea.

Elikagai freskoak eta tokikoak saltzen ditu Barrundiako kontsumitzaile taldeak Ozetako ekonomatuan.
Elikagai freskoak eta tokikoak saltzen ditu Barrundiako kontsumitzaile taldeak Ozetako ekonomatuan. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Arabako udalerririk handienetakoa da Barrundia, baina, aldi berean, biztanle gutxien dituenetakoa. Guztira, 900 lagun inguru bizi dira, 13 kontzejutan banatuta: Audikana, Dallo, Elgea, Etura, Etxabarri-Urtupiña, Gebara, Heredia, Hermua, Larrea, Marieta, Maturana, Mendixur eta Ozeta. Hala, azken horretan egindako bilera batean, atera zen ideia, 2009an: bertako baratzeetako produktuak trukatzeko lokal bat izatea. Horrela jaio zen ekonomatua, dozena erdi bizilagunekin, baina berehala zabaldu zen, eta, egun, 250 familia dira elkartearen parte, hau da, kasik eskualdeko biztanleria osoa.

Susana Lopez de Ullibarri elkarteko zuzendaritzako kidea da. Ekonomatua zer den galdetzean, oso argi dauka: «Lehenengo, topagune bat da, bertoko biztanleek eta familiek elkar ezagutzeko lekua, jende berriarentzat, funtsezkoa. Hurbildu ahal zara edozein aitzakiarekin, gazta zati bat, ogi barra bat edo hitz egiteko, besterik gabe. Jendea mimatzeko motorra da eta beti ateratzen zara aberatsagoa; gure altxorra jendea da, ez produktua».

Gogoratu du Arantxa Arrienek jarri zuela lehen harria, eta denen artean eman ziotela forma. «Emakume ekoizleek zioten bileretara joanez gero ea nork salduko zituen gaztak; beraz, etxean kartel bat jarri zuten, ‘Ozetako lokalean gaude’, eta horrela hasi ziren lehen produktuak ekartzen. Bizilagun batzuk etorri ziren, batez ere, emakumeak elkartzeko asmoarekin; gehiago jakiteko gure elikaduraz, bertako produktuez, eta transmisioa sortzeko belaunaldien artean. Batez ere, emakumeak etxetik ateratzeko eta amankomunean jartzeko bakoitzaren bizimodua».

Horrela, kontzejuko lokal batean elkartzen hasi ziren, eta lehen inaugurazio hartan jada Susana Lopez de Ulibarrik bat egin zuen taldearekin. Segituan sortu zuten elkartea ofizialki: «Sorrerako ideiak mantentzen ditugu; bertokoa ezagutu; bai pertsonak, bai produktuak, eta ezagutzea zer eta nola jaten dugun, eta nola mugitzen diren pertsonak produktuen inguruan. Uste dut proiektua aurrera joan dela, batez ere, produktua delako ardatza, baina pertsona da oinarria, gizartea; hori izan zen gakoa». Horrela bada, pixkanaka joan dira handitzen.

Azken batean, elkarteak herriari eman diona ikaragarria dela uste du: «Duela 25 urte etorri nintzen Ozetara eta oraindik gogoratzen dut nolakoa zen herria. Lehen herri bakoitza oso isolatua zegoen eta saiatzen gara herri guztien balioa nabarmentzen».

Herritarrak elkartzeaz gain, hizkuntza paisaia ere aldatu du ekonomatuak: «Orain Barrundia euskalduna da», esan du harro. Azken batean, hasieratik tokiko hizkuntza bera zaintzea ere jomugan izan dute. «Euskararen topagune izaten hasi ginen, Euskaraldia hasi baino lehen. Euskaraz ez zekitenekin bilerak egin izan ditugu, haien ondoan jarrita euskaraz zekitenak, eta laburpenak eginez. Badaude euskaraz ez dakitenak, baina arretan dauden guztiak bi hizkuntzatan moldatzen dira».

Era askotako jarduerak

Era askotako jarduerak egiten dituzte elkartearen bueltan: «Hilabetean behin egiten ditugu orain bilerak, eta batzar orokor bat urtean behin. Baina hilabetean zehar elkartzen gara beste era batera. Talde autonomoak ditugu. Zuzendaritza zentzua mantentzeko dago, baina ateratzen dira ideiak eta taldeak egiteko esaten diegu».  

Jarduera esanguratsuenen artean dago sagar zukuaren kanpaina: «Ikusi genuen bagenituela betidanik sagarrondoak eta galtzen ari zirela asko. Orduan egin genuen erronda bat jakiteko nolakoa zen sagarrondoen egoera. Formakuntza egin genuen eta hortik jaio zen sagar zukuaren kanpaina, duela zazpi urte. Bi hilabete eta erdiz egiten dugun ekintza potenteena da».

Hala, bada, aurten, esaterako, 34.000 kilo sagar txikitu dituzte eta hortik 17.000 litro atera dituzte. «Horrekin finantzatzen dugu ekonomatuaren parte bat eta lanpostuak sortzen ditugu». Horretaz gain, badituzte kosmetika naturalaren ikastaroa, ingurua ezagutzeko mendi irteerak, edari begetalak egiteko ikastaroak...

«Gu izan ginen Arabako lehenengoak eta nahiko erreferenteak bihurtu gara. Gero Aramaiokoa sortu zuten, esaterako; Igeldon ere gure eskutik jarri ziren martxan, eta leku gehiagotan eskatu digute informazioa. Kontua da erraztea besteei, baina bakoitzak egingo du bere bidea».

Helburu gutxi baina sendoak dituztela azpimarratu du, «bidetik ez galtzeko». Horrela, behin proiektua sendotuta, azken bi urteotan erritmoa baretu dutela azaldu du: «Ez dugu gehiago handitu nahi. Askotan esfortzu oso handia egin dugu batzuek, eta orain guztiok modu berean disfrutatu nahi dugu. Mantendu nahi dugu orain arte lortu duguna, eta indarra jarri, gehiago ahal bada, gure arteko harremanak sakontzean. Hamahiru herri gara eta lagundu dugu udalerri sentipen horretan».

Udalarekin elkarlanean hazten joan den proiektua

Lehen sei urteetan dena borondatezko lana izan zen, eta astean zehar bi arratsaldetan zabaltzen zuten, baita asteburuetan ere. Gero, lehen kontratazioarekin hasi ziren; kontzejuaren lokaletik udalaren lokal batera mugitu ziren, eta dirulaguntza txiki bat lortu zuten. «Horrela, asteburuetako kontratazioarekin hasi ginen, mantentzen duguna; eta duela bost urte hasi ginen astean zehar ere goizetan irekitzen, jendea etxetik ateratzeko. Jende asko bizi da bakarrik etxe eta baserri handietan, eta topagune bat nahi genuen. Dinamika oso polita dugu, eta gero etorri dira eskola txikia, taberna... Udalaren babesa dugu, baina batez ere gizartearen motibazioa eta atzean dagoen lana».

Uztailetik lokal berria dute, 70 metro koadrokoa, eta oso pozik daude. «Oso lokal polita da eta asko eskertzen dugu udalaren babesa; hamabi urteko ahaleginagatik saria izan da guretzat. Euskaldun Berri plazan dago, udaletxe berriaren aurrean. Eraikin berria da, iraunkorra eta oso ondo isolatua. Elbarrientzat ere egokitua dago, eta horrekin oso kontzientziatuta gaude, berdintasuna nahi dugu, zentzu guztietan».

Herrian zeuden hutsuneak ere betetzen dituztela dio. Izan ere, asteburuetan zabalik dutenez, turismoari begirako informazioa ematen dute. «Asteburuetan jendea etortzen da, eta lehen ez zegoen ezer irekia. Guk onartu genuen dirulaguntza 9:30ean irekitzeko, arreta zerbitzu hori eman ahal izateko kanpotarrei». Bestalde, esaterako, udalak ikastaro bat eman nahi badu, «guk errazten diegu eta alderantziz. Lan komuna da».