
Gipuzkoa eta Bizkaiko baxurako arrantzaleek 2.080.969 kilo berdel eta 1.105.357,60 kilo antxoa arrantzatu dituzte kanpaina hasi zenetik. Berdelaren batez besteko prezioa kiloko 1,31 eurokoa izan da, eta antxoarena 1,68 eurokoa kilo bakoitzeko.
Berdela Eusko Label produktuen zerrendara sartu dela iragartzeko Hondarribian egin duten agerraldian eman dituzte datu horiek. Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea eta arrantza sektoreko ordezkariak izan dira aurkezpenean.
Tapiak gogora ekarri duenez, berdelak eta txitxarroak kuotak esleituta dituzte, baina antxoak eta hegaluzeak ez. Esan duenez, Lakua aspalditik ari da eskatzen «kuota horiek banatu ahal izatea, arrantzaleek arrantza egokiagoa egin dezaten eta arrantza denboran zehar behar bezala banatu ahal izan dezaten». Horregatik, antxoa eta hegaluzearen kuota «beste modu batera» banatu dadin eskatzen jarraituko dutela iragarri du, izan ere, orain Estatu osorako banaketaren baitan daude euskal arrantzaleak.
Berdela, Eusko Labeldun
Agerraldian azaldu dutenez, berdela Eusko Labeldun produktuen familiara batu da eta horrela ‘Gure Arrantza’ izendapenaren zerrendan sartu da, hegaluzearekin, hegalaburrarekin eta antxoarekin batera. Horrek erregelamendu tekniko oso zorrotz batean ezarritako baldintzak betetzera behartuko du.
Tapiak nabarmendu duenez, modu honetan arrantza sektoreari tresna berri bat ematen zaio bere produktuak merkatura ahalik eta balio handiagoarekin iristeko, aukera gehiagorekin eta merakataritza garapenerako tresna berriekin.
Eusko Label kalitate bereizgarriarekin identifikatutako arraina baxurako artisau flotaren ohiko eremuan harrapatutako ‘Scomber scombrus’ espeziearen berdela izango da (FAO 27 EREMUKO VII. eremua). Berdela arrantzatzeko baimendutako arrantza modalitateak amua eta inguraketa dira, eta ‘Estra’ eta ‘A’ kategoria piezak onartuko dira. Arraina sailkatzeko orduan, kalitate kontuak hartuko dira aintzat, hala nola kanpoko itxura, azala edo trinkotasuna.
Espezie horren harrapaketa aldia urte osoan zehar garatu ahal izango da, araudiaren arabera, baina arrantza sasoirik ohikoena otsailetik apirilera izaten da.
Lehenengo fasean, berdel freskoa bermatuko du Eusko Label bereizgarriak, baina produktu eraldatuetara edo prestatuetara ere irekita egongo da, hala nola Eusko Labeldun izendapenarekin egindako berdel hanburgesetara.
HAZI Fundazioak ezarriko ditu produktuaren prozesu katean lortzeko, kontserbatzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko, etiketatzeko, manipulatzeko, ontziratzeko eta merkaturatzeko beharrezkotzat jotzen diren kontrol eta ziurtapen sistemak, Eusko Label izendapenaren ikurrekin identifikatzen den produktuak araudian eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko.

El TAV sepultará los restos de un poblado neolítico y de una calzada romana en Gasteiz

Un documento destapa el intento de Escrivá para la mayor privatización de la Sanidad en décadas

A 70 euros la consulta, así han tasado la entrega de la sanidad a las mutuas

Clara Ponsatí, en libertad tras ser detenida al regresar tras cinco años de exilio a Barcelona

Continuidad en Nafarroa y avances generalizados de PNV y EH Bildu, en la macroencuesta de EITB

La falta de inclusión de personas con discapacidad, caldo de cultivo para el bullying

Musk y cientos de expertos llaman a una pausa en los experimentos con inteligencia artificial

Eta hala ez bazan? Ipuinen bitartez mundua eraiki eta deseraiki egin daiteke
