NAIZ

Okindegi eta gozotegi tradizionalen salmenta %27 jaitsi da eta produktu industrialena %22 igo

Negozio tradizionalak behera doazen bitartean, kate handietan gero eta gehiago saltzen dira ogia eta gozoak. Hori dela eta, euren lanbidea arriskuan dagoela ikusita, EAEko okin eta gozogileek bat egin dute egiten dituzten produktuen balioa azpimarratzeko kanpaina sustatuz.

Okin eta gozogileen ‘Bihotzez egina’ kanpainaren aurkezpena.
Okin eta gozogileen ‘Bihotzez egina’ kanpainaren aurkezpena. (NAIZ)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako okindegi eta gozotegi tradizionalen elkarteek elkarrekin azaldu dute gaur sektorea bizitzen ari den egoera gogorra, azken urteetan egiturazko arazoak jasaten ari baita salmentak eta fakturazioa murrizteagatik; hain zuzen, arrazoi horrengatik establezimendu tradizional batzuk itxi egin behar izan dituzte.

Sei elkarteekin batera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Lakuako sailburuordea den Bittor Orozek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak elikaduraren euskal balio kate osoarekin duen konpromisoa erakutsi nahi izan du, katearen lehiakortasuna bultzatzeko. «Okin eta gozogile tradizionalek produktuak mimo handiz egiten dituzte eta kalitatezko produktuak ekoizten dituzten maisuak dira», adierazi du Orozek.

Azken hamarkadan, hainbat faktorek desegonkortu egin dute okintza eta gozogintza tradizionalaren sektorearen egoera. Batetik, produkzio kostu altuak daude, bai energia hornidurenak, bai lehengaienak. Gainera, enpresa askok zailtasunak izan dituzte aurrera jarraitzeko, belaunaldi txandaketa falta izateagatik; izan ere, lanbide gogorra eta zorrotza da ordutegiei dagokienez.

Era berean, adierazi dute gizartearen kontsumo ohiturak aldatzeak murriztu egin duela nabarmen okindegi eta gozotegi tradizionalen negozioa; izan ere, «joera da ogi eta gozotegietako produktuak gutxiago kontsumitzea, eta, gainera, kate handi edo frankizietako establezimenduetan erostea. Gaur-gaurkoz, ogiaren %54 banaketa handian erosten da, eta %30, berriz, okindegietan», aipatu dute prentsaurrekoan.

Lehengo egoerara itzultzeko asmoz, betiko okindegi eta gozotegiek bat egin dute sektorearen profesionaltasunaren garrantzia nabarmentzeko. «Sektoreak ibilbide oso luzea egin du, eta oso ondo ezagutzen ditu produktuak eta beren ekoizpen prozesuak. Gainera, bezeroekin duten tratu gertutasunari esker, kontsumoaren behar eta eskari berrira moldatzeko gai dira», aldarrikatu dute.

Okintza eta gozogintza tradizionalaren kalitatea eta maisutza lehenesten dituela azpimarratu dute, eta gainera, denda bakoitzean produktu esklusibo eta bereziak aurki daitezke.

Azken urteetako datuak

Ogiaren eta gozoen ekoizpenari dagokionez, EAEn, azken hamarkadan, fabrikazio tradizionalak establezimenduen %18 galdu ditu eta salmentak %27 jaitsi dira. Aldi berean, okintza eta gozogintza industrialeko produktuen salmenta %22 igo da.

Azken hamarkadan ogiaren kontsumoa %12 murriztu da. Duela hamar urte, batez beste, urtean 42 kilo ogi per capita inguru kontsumitzen zen, eta gaur egun, kontsumo hori pertsonako eta urteko 37 kilogramotik beherakoa da. Horretaz gain, kontsumo ohituretan ere aldaketa batzuk ikusten dira, ogi industrialaren erosketa %21 hazi baita azken hamarkadan.

Opilen eta gozoen ataleko joera antzekoa da. Supermerkatuen merkatu kuota %7 hazi da segmentu horretan, eta gaur egun Estatu mailan saldutako opil eta gozoen %73 saltzen da saltoki horietan (duela 10 urte, saldutako kopuruaren %66 zen). Opil/gozo industrialak kontsumitzeko joera ere gero eta handiagoa da.

Une honetan EAEko gozogintza eta okintza sektoreetan 5.600 langile daude, 900 enpresa eta 2.300 saltoki.

‘Bihotzez egina’ kanpaina

Azken asteetan ‘Okintza eta gozogintza artisaua, bihotzez egina’ kanpaina garatzen ari da, okintza eta gozogintzaren «tradizioa, maisutasuna eta profesionaltasuna» nabarmentzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako okinen eta gozogileen elkarteek sustatutako kanpaina da, sektorea bereizi, identifikatu eta hari prestigioa ematea helburu duena. Horretarako, beren produktuak egiteko erabiltzen dituzten prozesu tradizionalak, erabiltzen dituzten kalitatezko lehengaiak eta beren establezimenduen berezitasuna nabarmentzen dira, kate handien estandarizazioaren aurrean.

Kontsumitzaileei okindegi eta gozotegi benetan artisauak identifikatzen laguntzeko, establezimenduen sarreran jarriko den sustapen bereizgarria sortu da.