Iraitz Mateo

Zortzi mila laguneko giza katea Errenteriatik Donostiara, euskara batuari gorazarre egiteko

Euskaltzaindiak eta Ikastolen Elkarteak antolatuta, Errenteria eta Donostia lotuko dituen giza katea osatuko dute 8.000 lagunek heldu den martxoaren 24an, euskara batuari gorazarre egiteko.

‘Batasunaren bidean’ giza katea aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Ikastolen elkarteak.
‘Batasunaren bidean’ giza katea aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Ikastolen elkarteak. (FOKU)

Euskara batuak Euskal Herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko giza kate «erraldoi» bat egiteko dei egin dute Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaindiak.

Martxoaren 24an izango da ‘Batasunaren bidean’ izeneko ekimena, datorren ostiralean; Errenteriatik hasi eta Donostia bitarte, 8.226 metroko katea osatuko dute 8.000 lagunek. Ostiral honetan aurkeztu dute ekimena Euskaltzaindiaren Gipuzkoako egoitzan. Orereta ikastolako haurrek eman diote hasiera, musika eta poesiarekin, eta ondoren Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak eta Miriam Urkia Euskaltzaindiako ordezkariak hartu dute hitza.

Euskal Herri osoko ikastola ugaritako gazte eta nerabeek osatuko dutela giza katea azaldu dute, eta euskalzale orori dei egin diote bertan parte hartzeko. Goizeko 11.00etan abiatuko da eta 11.30 arte iraungo du. Amaitzen denerako, bost gune izango dituzte prest antolatzaileek, eta horietako bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egingo da.

Euskara batuaren sorreran eta «gorpuztean» nabarmendutako 15 pertsona zehatz oroituko dituztela azaldu du Artolak, eta jarraian zuzendu du: «16 izango dira, hamasiegarren hori gu guztiak garelako». Eta sakondu du euskara batua gaur egun errealitate bada «askoz ere pertsona gehiagori esker» izan dela: «Esan dezakegu euskara batua herriak nahi izan duela, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez». Transmisioaren garrantzia ere izango dute hizpide datorren ostiralean.

Datorren asteko ekitaldiak ikasleak izango ditu protagonista, eta horregatik «izaera koloretsu eta baikorra» izango du. Aurtengo Kilometroak jaia Orereta ikastolak antolatuko du, eta aurkeztu berri den ekimenaren ideia ere errenteriarrek izan bazuten, ‘Ikastolak herriari’ egitasmoaren baitan kokatzea erabaki zutela esan du Artolak. Izan ere, Ikastolen Elkartearentzat ikuspegi nazionala garrantzitsua dela aipatu du, «Euskal Herria dugu erreferentziatzat», eta ondorioz, beste herrialdeetako ikastolek ere parte hartuko dutela erantsi.

Batasunaren indarra

Urkiak Euskaltzaindiaren izenean hartu du hitza, eta batasuna «herriaren borondatearen isla» dela kontatu du, horregatik Euskaltzaindiari ere garrantzitsua iruditzen zaio batasuna islatzen duten 15 pertsona oroitzea hurrengo ostiraleko ekitaldian.

Batasunaz gain erabilera dela euskara biziberritzeko «ezinbesteko gilza» adierazi du: «Euskararen batasunaren aldeko langintza ez da egungo kontua, ez eta duela berrogeita hamar urte pasatxoko Arantzazuko Biltzarraren emaitza ere. Ez, lehenagotik dator, gure aurrekoek garbi zuten gure hizkuntzaren iraupenerako ezinbestekoa zela euskal hiztunak hurreratzea». Eta gehitu du nekez uler daitekeela euskararen biziberritzeak egin duen jauzia eta irabazi dituen hiztunak euskararen batasunik gabe.

Euskara batua «langintza kolektiboaren» bultzadaren bidez lortu dela adierazi du Urkiak eta «euskararen batasuna herri honek auzolanean egin duen egitasmorik handiena, eta duen eraginagatik, eraldatzaileena» izan dela gaineratu du.


Euskaltzaindiaren iritziz, azuza «euskararen iraupena» dela azpimarratu du, eta ez dela eredu bateratua eta tokian tokikoa kontrajarri behar, «elkar osatzen eta indartzen baitute». Mitxelenaren hitzak gogora ekarriz eta giza katera dei eginez amaitu du hitzartzea: «Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria. Eta beharbada, misterio horren oinarria guztiok elkarrekin, auzolanean, batasun giroan ekitea da».


Omenduko dituzten euskalzaleak

11.00etan abiatuko da giza katea, 11.30 eta 12.00ak bitarte parte hartzaileak bost bilguneetarantz mugituko dira, eta ekimenari amaiera emateko ekitalditxoak egingo dira Errenterian, Pasaian, eta Donostiako Herrera azuzan, Zurriola ikastola eta Plaza Berrian. 15.00etan Euskaltzaindiko kideek Orereta ikastola bistatuko dute, eta 17.30ean ekitaldi instituzionala egingo dute Errenteriako Udalaren Areto Nagusian.

Omenduko dituzten herritarrak: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Arantxa Urretabizkaia, Henrike Körr, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.