Maite Ubiria

Brebetaren zientzietako froga euskaraz idatzi ahalko dute Seaskako ikasleek

Ekainaren 26 eta 27an iraganen da kolegioaren amaieran eginen den Brebeta azterketa. Murgiltze ereduan jarduten duten ikasleek denbora luze eman dute jakin gabe ea euskaraz idatzi ahalko zuten azterketaren zientzietako froga. Vincent Bru diputatuak gaur iragarri duenez hala izanen da.

Seaskako kolegiotan ikasten duten ikasleen giza katea Brebet euskaraz egitea aldarrikatzeko.
Seaskako kolegiotan ikasten duten ikasleen giza katea Brebet euskaraz egitea aldarrikatzeko. (Bob EDME)

Heldu den ekainaren 26 eta 27an iraganen da kolegio bukatzerakoan eginen den Brebet azterketa.

Seaskan jarduten duten ikasleek hilabete asko eman dituzte aurten zientzietako froga euskaraz egin ahalko zuten. Dagoeneko historia-geografia eta matekatika euskaraz egiten dute.

Hain zuzen zientzietako froga ikasten duten hizkuntzan idazteko eskubidea eskuratzea xede zuen Seaskak abian eman duen kanpaina.

Hori lortzeko berdin giza-kateak, martxak zein okupazioak burutu dituzte, bestalde, azterketak euskaraz dinamikara lotu diren herritarrek.

Vincent Bru Renaissance alderdiaren diputatuak, martxoaren 18 honetan, Seaskako komunitateak aspalditik espero zuen albistea eman du.

Hautetsiak iragarri duenez zientzietako froga euskaraz egiteko parada izanen dute ikasleek.

Zehazki mezu hau plazaratu du, frantsesez, diputatu kanboarrak: «Brebetaren zientzietako froga euskaraz idatzi nahi duten ikasleek hala egin ahal dezaten Pap Ndiayek eman duen baimena txalotzen dut».

Haien ikasketak osorik euskaraz egin dituzten ikasleekiko «aitortza justua» dela aipaturiko erabakia gaineratu du hautetsiak.

Oroitzearren, iragan irailean bilera bat egin zuen Parisen Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakaria buru zuen euskal delegazio batek orduan izendatu berria zen Pap Ndiaye frantziar Hezkuntza ministroaren laguntzaileekin.

Bertan «denbora tarte zentzudun batean» erantzuna emanen zuela ministroak iragarri zuten ministerioaren ordezkariek.

Euskal delegazioa baikor itzuli bazen ere bilkura horretatik, geroztik hilabete luzez isiltasuna nagusitu da Brebet azterketa osorik euskaraz egiteko aldarrikapenari buruz.

Euskal Herrian eta baita Bordelen ere protesta egiteko

Azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena berdin Euskal Herrian zein Bordelen haizeratu dute Seaskako ordezkariek. Esaterako, hamarnaka lagunek Bordelen Hezkuntza Ministerioak duen egoitzan okupazioa garatu zuten iragan otsailaren 23an.

Goizean goiz, batzuk atarian kateatu ziren bitartean, beste batzuk teilatura igo ziren. Pankarta zabaldu eta elkarretaratzea egin zuten, anartean, beste zenbaitek, Brebet eta Baxoa frogak gero eta hurbilago baziren ere, erantzunik ez zutela jaso salatzeko eta, era berean, Hezkuntza Ministerioaren aldetik «ikasleek pairatzen duten mespretxua» salatzeko.

Otsailaren 24an, berriz Anne Bisagni-Faure Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektoreak protesta artean egin zuen bisita Euskal Herrira.

Goizean Mauleko Xiberoko lizeoan izan zen eta azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzen zuten 20 bat herritar izan zituen ondoan afixekin protestan.

Bisagni-Faurek hitza eman zuen «ondoko egunetan» frantziar Hezkuntza Ministerioak erantzun emanen zuela, baina honakoa ere gaineratu zuen: «zer zentzutan izanen den ez dakit».

Gaur jakin denez, Hezkuntza ministerioak Brebet azterketaren historia-geografia eta matematika frogak euskaraz egiten direla oroitarazi ostean Seaskak galdetzen zuen bezala zientzietako froga euskaraz egitea aintzat hartzen duela baieztatu du.

Baxoa euskaraz noizko?

Larunbat honetan ezagutu den erabakia une berezi batean heldu da. Jakin behar baita heldu den astelehen eta asteartean goi ikasketak egin aurretik pasatzen den Baxoa azterketaren gaineko berezitasunen frogak idatzi beharko dituztela lizeoko ikasleek.

Are, Seaskak elkarretaratzea deitu du astelehenean, 13.30ean, Baionako Bernat Etxepare lizeoko sarreran hain zuzen ere haien ikasketak osoki euskaraz egin dituzten 120 ikaslek berezitasunei buruzko azterketak frantsesez idatzi beharko dituztela aurten ere agerian jartzeko.

Hain zuzen, «gaurko albiste bikaina» ospatzearekin batera hain bezain fite Baxoa azterketa ere euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko lanean jarraituko dutela azaldu du Peio Jorajuriak. 

Seaskako lehendakariak bere lehen balorazio eskaini dio NAIZi sare sozialeen bidez euskaltzale anitzek ordu honetan ospatzen ari diren albisteari buruz. Seaska berak garaipenaren berri emanez mezuak zabaldu ditu sare sozialen bidez eta gurasoen wasapetatik hunkiduraz beteriko mezuak barra barra zabaltzen ari dira larunbat arrats honetan ere.

Vincent Bru diputatuarekin hitz egiteko parada ukan duela baieztatu ondoren «Seaskako 270 ikaslek Brebetaren zientzietako froga euskaraz eginen dutela aurten» berretsi du Jorajuiak.

Seaskak ez duela baieztapen ofizialik jaso Hezkuntza ministroak harturiko erabakiari buruz azaldu du, ordea, Jorajuriak. «Astelehenean Euskararen Erakunde Publikoaren administrazio kontseiluak bilera deitua du eta pentsatzekoa da bertan jakinaraziko digutela ofizialki erabakia», gaineratu du.

Jorajuriak adirazpen horiek egin ondoren, EEPren lehendakaria berak Antton Kurutxarrik Hezkuntza ministroaren gutuna sareratu du Twitter sarearen bidez.

Peio Jorajuria: «Garaipena ospatu eta borrokan segituko dugu»

«Sekulako garaipena da Brebetaren zientzietako froga euskaraz egiteko aukera baieztatzea» nabarmendu du Seaskako lehendakariak azken hilebeteetan, azterketak euskaraz dinamikaren baitan, mobilizatu diren ikasle, guraso eta irakasleen engaiamendua txalotuz.

«Ez dezagun ahantz orain dela denbora gutxi arte gure ikasleek bai Brebetan bai Baxoan ahal zutela euskaraz idatzi; ondoren heldu zen gibelatzea», oroitarazi du Peio Jorajuriak.

Hain zuzen aurreneko frantses Hezkuntza ministroa izan zen Michel Blanquer ministroaren garaian heldu zen gibelatzea.

Zientziak Brebeteko azterketera gehitu ondoren froga hori frantsesez egitea agindu zuen Hezkuntza Ministerioak.

«Gaur Brebetari buruzko gibelatzea hori gainditu dugu, baina hori bide erdia baizik ez da, heldu den astean, hain justu, Baxoaren berezitasun frogak ditugu, eta gure ikasleek frantsesez beharko dituzte pasatu froga horiek aurten ere», deitoratu du Jorajuriak.

«Brebetari buruz lorpen handia eskuratu dugu, baita borrokan jarraitzeko indarra ematen digun garaipena ere, horrendako gaur lortu duguna ospatu eta garaipen orokorra lortu arte segituko dugu borrokan», gaineratu du Seaskako lehendakariak.