Maite Ubiria

Baxoa euskaraz lortu arte mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Seaskak

Astelehen eta astearte honetan Baxoa azterketaren gaineko berezitasun frogak dituzte lizeoko ikasleek. Behin kolegioa bukatuta pasatzen den Brebet probarekin garaipena lortuta, Baxoa euskaraz egiteko aldarrikapena egikaritu arte borrokan jarraitzeko asmoa berretsi du Seaskak.  

Rene Cassin lizeoan egin du elkarretaratzea Seaskak.
Rene Cassin lizeoan egin du elkarretaratzea Seaskak. (Guillaume FAUVEAU)

Aurten Bernat Etxepare Lizeoan ikasten duten 120 bat ikasle aurkeztuko dira goi ikasketarako sarbide ematen duen Baxoa proba egitera.

Azterketari buruzko erreforma dela medio inoiz baino goizago, astelehen eta astearte honetan eginen dituzte ikasleek berezitasunen gaineko frogak.

Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek frantsesez egin beharko dituzte azterketa horiek, nahiz eta kurtso osoan zehar klaseak euskaraz jarraitu dituzten.

«Poztu nau jakiteak Brebeta osorik eginen dutela kolegioko ikasleek, nahiz eta guk Baxoa frantsesez pasatu behar dugun aurten, esperantza sortzen du gure atzetik etorriko direnek Baxoa ere euskaraz egin ahal izateko», gaineratu du, bere aldetik, Unax Eguren ikasleak.

Baxoan 12 berezitasun daude aurten, horietarik bi hautatu ahal dituzte ikasleek.

'Ekonomia eta gizarte gaiak' berezitasuna aukeratu duen ikasle batek aitortu digunez, gaitegia euskaraz ikasi badu ere azterketari begira frantsesera itzuli behar izan du material guztia, gaur hizkuntza horretan pasatuko duelako froga.

Bistan da, frantsesez solik jarduten duten ikasleek ez dute lan bikoitza hori hartu behar.

Frantses Estatuko 536.000 ikaslek pasatuko dituzte aipaturiko froga horiek, Hezkuntza Ministerioak emandako zifren arabera.

Baxoari buruzko berezitasunei buruzko frogak erretreten erreformaren aurkako mobilizazioen testuinguruan igaroko dira.

Are, erreforma hori eta, oro har, hezkuntzan dauden arazoak agerian jartzeko FSU sindikatuak Pirinio Atlantikoen lau lizeoetan elkarretaratzeak antolatu ditu astelehen eguerdi honetan, tartean Baionako Rene Cassin lizeoan.

FSU sindikatuaren protesta Rene Cassin lizeoan. (Guillaume FAUVEAU)

Elkarretaratzea Bernat Etxepare lizeoaren atarian

Arratsaldeko 13.30ean hitzordua emana zuen lehenagotik Seaskak Bernat Etxepare lizeoaren atarian.

Bertan, ohi bezala, azterketak euskaraz egiteko eskubidea galdetu dute geletara berezitasunei buruzko frogak idaztera sartu aurretik Baxoa pasatuko duten ikasleek, baita inguruan zituzten irakasle, guraso eta Seaskako beste hainbat ordezkarik ere.

Tiserta berdeak soinean, 'Eman pausua euskaraz Baxoa'  leloarekin banderola zabaldu dute.

Izan ere, testuinguru berezi batean gauzatu da mobilizazioa.

Lizeoko ikasleak ez bezala, heldu den ekainaren 26 eta 27an Brebet azterketa pasatuko duten ikasleek aukera izanen dutela azterketa osorik egiteko ezagutu berri duelako Seaskak.

Iragan larunbatean, martxoaren 18an, Seaskako ikasleek Brebetaren zientzietako froga ere euskaraz ahalko dutela idatzi jakitera eman zuen Vincent Bru diputatu kanboarrak Twitter sarearen bidez.

Kolegioa bukatzerakoan pasatzen den diploma hori osotik euskaraz idatzi ahalko dute, ondorioz, Seaskako 270 bat ikaslek.

Joan zen hamarkadaz geroztik beste ikasgai batzuk, esaterako 'geografia eta historia' eta 'matematikak', euskaraz idatzi ditzakete Brebet azterketa kari murgiltze ereduan jarduten duten ikasleek.

Izan ere kolegioaren gaineko azkeneko erreformak ezarri zuen zientzietako froga frantsesez idaztera behartu zituztenez geroztik «gibelatze horrekin amaitzeko» borrokan dira Ipar Euskal Herriko ikastolak.

Frantses Hezkuntza ministroak, Pap Ndiayek, martxoaren 17ko data zuen gutunaren bidez jakinarazi zion Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria den Antton Kurutxarriri erabakia. EEPren buruak berak larunbatean bertan sareratu zuen agiria.

Iazko irailean Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin bilera batekin, euskal delegazioaren baitan, parte hartu zuen Antton Kurutxarrik hilabetetako atzerapenaz heldu bada ere «erabaki zuhur hori» goraipatu zuen.

Jorajuria: «Kontent gira, baina bide erdia baizik ez dugu bete»

Ildo beretik, NAIZekin mintzo, «garaipen biziki garrantzitsutzat» jo zuen Peio Jorajuriak Brebet azterketari buruz Parisetik heldutako onespena.

Manifestazioak, blokeoak, giza-kateak... mota askotariko mobilizazioen bidez aldarrikatu dute Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoek azterketak euskaraz egiteko eskubidea.

«Bide erdia baizik ez dugu bete, Baxoa euskaraz egin arte mobilizatzen segituko dugu» ohartazi zuen, ordea, Seaskako lehendakariak, gaur bertan Bernat Etxepare lizeotik lau haizeetara barreiatu duten mezu berdina baliatuz.

Zergatik ez Ahozko Handia euskaraz?

«Garaipena lortu dugu», aldarrikatu du Jorajuriak. Hala ere, aitzinamenduari buruzko albistea nola heldu den kritikatu du. Txio baten bidez ezagutarazi zuen diputatu batek, Vincent Bruk, Seaskak urte luzetan itxaron duen albistea.

Euskararekiko mespretxua jarraitzen duela salatu du Jorajuriak. Bere esanetan, behin Brebetari buruz aurrerapena lortuta, bada garaia «hiru urtetatik goiti ikasketa guztiak euskaraz egoten dituzten ikasleek Baxoa euskaraz ahal dezate egin».

Jorajuriak uste du, borondatea izanez gero, aukera badela heldu den ekainean eginen den Ahozko Handian euskararen presentzia bermatzeko.

Apirilaren 22, mobilizazioa Baionan

Izan ere, Ipar Euskal Herrian estatus ofiziala ez duen hizkuntzak irakaskuntzaren baitan soikik ez beste hainbat alorretan ere oztopoak jasaten ditu.

Horrendako, gaur gaurkoz euskalgintzak bere osotasunean pairatzen duen prekarietatea salatuz eta benetako hizkuntza politika plantan ematea galdetzeko apirilaren 22an manifestazioa eginen dute Baionan.

Hitzordu hori indartzeko garrantzia nabarmendu dute Etxepare lizeoaren sarreran gaur eta bihar azterketak idatzi beharko dituzten ikasleei zuzenduriko elkartasun keinuen artean amaitu den elkarretaratzean parte hartu duten herritarrek.