NAIZ

Gorka Lupiañez, baldintzapean aske, 15 urteotan torturak eta gertukoen istripua jasan ondoren

Gorka Lupiañez durangarrak baldintzapeko askatasuna lortu duela jakinarazi du Etxeratek. Hamabost urte baino gehiago egin ditu preso, eta tartean eskubide bortxaketa larriak jasan ditu, Nazio Batuen Erakundeak onartutako torturak barne.

Atxiloketatik bertatik babes handia izan zuen Gorka Lupiañez durangarren partetik, tortura larriak salatu zituen eta.
Atxiloketatik bertatik babes handia izan zuen Gorka Lupiañez durangarren partetik, tortura larriak salatu zituen eta. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gorka Lupiañez preso durangarrari baldintzapeko askatasuna onartu diote azkenean, Etxeratek asteazken honetan jakinarazi duenez.

 

Badira hamabost urte baino gehiago Guardia Zibilak atxilotu eta espetxeratu zuenetik, Berrizen hain zuzen ere. Tortura larriak salatu zituen eta horiek egiazkoak zirela onartu zituen Nazio Batuen Erakundeen Giza Eskubideen Batzordeak 2019. urtean. Oso gutxitan gertatu da hori.

Bilboko La Salve kuartelean zein Madrilgo kalabozoetan gertatu ziren tortura horiek, Guardia Zibilaren eskutik, eta besteak beste bortxaketa eta eguneko 50 «poltsa» saio baino gehiago bildu zituzten, NBEk ontzat emandako lekukotasunaren arabera.

Beste ehunka presori bezala urruntzea aplikatu zitzaion, eta Salamancako Topaseko espetxean zela, 2016. urtean, horren ondorioz auto istripua pairatu zuten bera bisitatzera zihoazen lagunek, horietariko bat adin txikikoa.

Azken urteotan Gobernu espainolak abiatutako Euskal Herriratze prozesuaren testinguruan, 2020. urtean Topasetik Logroñora lekualdatu zuten Lupiañez, eta kartzelaldiaren azken fasean hirugarren graduan egon da. Orain baldintzapeko askatasuna onetsita, ez da espetxera itzuli beharko.