NAIZ

Tourra «ikurrin uholdez» janzteko herri ekimena antolatu du Gure Eskuk

Gure Eskuk herri ekimena antolatu du Tourrerako, Euskal Herria «zazpi lurraldez osatua dagoela eta erabakitzeko eskubidea duela» aldarrikatzeko. Errepideak «ikurrin uholdez» bete eta airetik ikusgarriak izango diren irudiak sortzeko deialdiak egongo direla aurreratu du.

Tourrerako diseinatu duen dinamika aurkeztu du Gure Eskuk.
Tourrerako diseinatu duen dinamika aurkeztu du Gure Eskuk. (Oskar Matxin | FOKU)

Bilboko Bizkaia Aretoan agerraldi jendetsua burutu du larunbat honetan Gure Esku egitasmoak erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria Tourrera ere iritsiko dela jakinarazteko. ‘Herri bat gara, Euskal Herriak erabaki’ izendatu duten herri dinamikaren baitan, errepideak ikurrinez bete eta airetik ikusgarriak izango diren irudiak sortzeko deialdiak egongo direla aurreratu dute.

Gure Esku dagoko kideek gogora ekarri dute Tourreko lehen hiru etapak Euskal Herrian hasi eta amaituko direla bere osotasunean. Lehenak, uztailaren 1ean Bilbon izango du hasiera eta amaiera; bigarrena, Gasteiztik Donostira abiatuko da; eta hirugarrena, Zornotzatik Baionara.

Josu Etxaburu bozeramaileak azaldu duenez, herri dinamikak «ongi etorria» egingo dio Tourrari eta honek duen nazioarteko oihartzuna baliatuko du Euskal Herria nazioartean proiektatzeko, hau da, «Europako txoko honetan zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela, nortasun propioa duena, Europako hizkuntza zaharrenarekin bizi dena, bere burua gobernatu nahi duena, txirrindularitza gustoko duena eta guzti hori harrotasunez bizi duena» agertarazteko. ‘Basque decide – Euskal Herriak erabaki!’ leloaren bidez «gure herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu», gaineratu du.

Inoizko ikurrin erraldoiena

Hala Gure Eskuk Le Grand Depart-ek egin duen deialdiarekin bat egin du, «baina deialdi hori biderkatuz», Bilbotik Baionaraino «ikurrin uholdea ikusaraziz euskal errepideetan», eta hainbat leku esanguratsutan airetik hartzeko moduko irudiak sortuz. Gainera, «inoiz egin den ikurrinik erraldoiena» ere sortuko du, «jasoko diren irudietan argi ikusteko herri honek bere izatea harrotasunez bizi duela».

Era berean, hirugarren egunean Tourrak Bidasoa zeharkatuko du eta bertan ekimen berezia iragarri du Etxaburuk, «bi aldeetan euskaldunak bizi garela eta aldarrikapen ugari dituen herria garela
erakusteko».

Erronka honi neurria hartzeko instituzioekin, enpresekin, eragileekin, elkarteekin txirrindulariekin eta kazetariekin lanketa berezia egingo dutela iragarri du ondarrutarrak eta herri zein eskualdeetan batzordeak sortuko dituztela.

Crowdfunding kanpaina abian

Ikurrin erraldoia osatzeko eta Tourraren inguruko lanketa finantzatzeko crowdfunding kanpaina abiatuko  dutela ere jakinarazi du Etxaburuk, itsulapikoa.eus plataformaren bidez, eta ekarpena egiten duen orok bere burua bertan ordezkatuta ikusiko duela azaldu du: ikurrinaren gorri eta berdea euren izenez osatuta egongo da eta zurian ‘Basque decide – Euskal Herriak erabaki!’ leloa joango da.

Azkenik, uztailaren hasieran «berriro ere elkarrekin kalera atera eta herri bat garela
argi esateko aukera ederra» izango dugula azpimarratu du, «mundu osoan ikus gaitzaten eta uler
dezaten erabaki nahi duen herria garela eta hori lortu arte batera lanean jarraituko dugula».