‘Konponbidea, elkarrizketa, aukera guztiak aztertu’ leloa pankartan. Gibelean, manifestazio koloretsu bat, askotarikoa eta jendetsua, mendian bizi diren pertsonaiek lagundua. Joaldunak eta erraldoi eta buruhandiak ere ez ziren falta, musikarekin dantzan.
Karrikan erakutsitako indarrarekin ziur daude aditu beharko dituztela. Mezua garbia da: ez dute nahi Naturgy taldearen parte den Nedgia enpresaren gasbidea Aralartik pasatzea. Mintzatu eta arazoa konpondu nahi dutela nabarmendu zuten Juan Mari Irastortza eta Elena Argiñarenak larunbatean izan zen protestaren amaieran.
Arakil eta Larrauneko bizilagunak biltzen dituen Aralar Zaindu Dezagun plataformak antolatu zuen martxa, «Aralar eta Kontserbazio Bereziko Eremua marra gorria direla eta ez direla hemendik pasako» adierazteko.
Nedgia enpresak, Nafarroako Gobernuaren eta Lekunberriko Udalaren baimenarekin, 14 kilometroko gasbide bat eraikitzea aurreikusi du Arakil eta Lekunberri artean, Lekunberriko Albisualdea industrialdean jarriko litzatekeen enpresa batek eskatuta.
Nedgiak hiru trazadura proposatu zituen: bat Leitzatik, beste bat Irurtzundik Plazaola bidean, eta azkenik, Aralar mendia zeharkatuz hainbat herritatik igaroko litzatekeena. Enpresak azken horren alde egin du. Baina plataformak uste du aproposagoa litzatekeela Plazaolako trazadura aukeratzea, horrela dagoen bidea aprobetxatu eta ez litzatekeelako berririk egin beharko.
«Naturarentzako bake eremuak zanpatu nahirik»
Eragile ugari bildu zen Lakunberrin, adibidez Jauzi Ekosoziala. Hala esplikatu du gatazka bideo batean: «2023an gas azpiegiturak iraganeko kontua beharko lukete izan, klima aldaketak egunetik egunera gogorrago kolpatzen gaitu, eta bitartean administrazioen arduragabekeriek aterabiderik gabeko egoera batera bultzatzen gaituzte, erregai fosilendako azpiegitura berriei bide eginez, honako honetan gas naturalaren alde eginez, gainbeheran datorren erregaia bera eta gainera naturarentzako bake eremuak izan diren lekuak zanpatu nahirik, kalte gutxiago eragingo zituzten bide alternatiboei muzin eginez».
"Nondik pasako dugu gas-hobia? Jada egina dagoen errepidetik edo hobe Aralar zulatu, 5000 zuhaitz eta akuiferoak txikituz?" Zer uste duzue erabaki dutela Naturgyk eta NGak??
— Jauzi Ekosoziala (@Jauzieko) March 24, 2023
Atzo Aralarreeko ZECan egon ginen Aralar Zaindu Dezagun plataformako kideekin 👇👇👇@AhotsaInfo
🧵 pic.twitter.com/RT562Par8g
Eguzkik ere ez zuen hitzordura hutsik egin.
Lekunberriko manifa abiatu da.
— Eguzki (@EguzkiEH) March 25, 2023
"Gasbidea Aralartik ez"
1/2 pic.twitter.com/74HGkoiTSE
Lekunberriko kale nagusiak zeharkatu zituzten ehunka lagunek. Plataformaren arabera, 2.000 izan ziren.
Erakunde ugari azaldu dira Aralarko trazatuaren aurka, Arakil, Larraun eta Irurtzungo udala, bi bailaretako kontzejuak eta Aralarko Babes Bereziko Eremuan bildutako erakundeak tartean.
Inguruko herrien babesa ere izan zuten manifestazioan, bertzeak bertze Mikel Zabaleta Leitzako alkatearena.
Aralarko parke naturala zeharkatu nahi duen gasbidearen aurka 2000 lagun inguru elkartu gara gaur Lekunberrin, manifestaldi jendetsu, koloretsu eta anitzan. Herritarrak entzutea eta kontutan izatea ezinbestekoa delako; alternatiba zentzudunak badirelako, zaindu dezagun ingurunea! pic.twitter.com/nDi6cVRtBE
— Mikel Zabaleta (@ZabaletaMikel) March 25, 2023
Martxan azaldu zutenez, ez dute ulertzen zergatik ez dituzten baloratu planteatu diren bertze aukerak.
«Burugabekeria hau gelditzeko garaiz gaude. Nedgiak, Nafarroako Gobernuak eta Lekunberriko Udal Gobernuak gatazka hau berbideratzeko aukera eta betebeharra dute. Hasieratik egin dugu parte ezberdinen arteko elkarrizketaren alde, eta sarri eskatu dugu informazio eta parte-hartze publikoko prozesu aktiboago eta gardenagoa».
Aralar eta inguruko parajea defendatu zuten. Natura, bioaniztasuna, eta baita kultura, bizimodua, identitatea ere.