Andoni Arabaolaza

Euskal eskalatzaileen lehen podiumak iritsi dira Espainiako Kopan

Joan den asteburuan Oviedon jokatutako blokeko eta abiadurako lehen proban azpimarratzekoa da 18 urtez azpikoen mailan Intza Elizaldek lortutako garaipena.

Fedme edo Mendi Kirolen eta Eskaladako Federazio espainolak martxan jarri du eskalada lehien denboraldia. Espainiako Kopa izan da lehen urratsa egin duena, eta erregulartasunaren zirkuituak blokeko eta abiadurako probak jaso ditu. Hain zuzen ere, joan den asteburuan, Oviedon jokatu zirenak.

Federazio honek apustua egin du lehiaketa horiek ikusle asko hurbiltzeko, eta hori lortu ahal izateko azpiegitura osoa kalean antolatu zuen. Hots, Asturiaseko hiri horretako alde zaharrean altxatu zuen. Horrez gain, aukera izan da espainiar telebista publikoan zuzen-zuzenean jarraitzeko.

Espainiako Kopak bi modalitate izan dituenez, aurreratu behar dugu makina bat lehiakide hurbildu zirela lehen hitzordu horretara. Eta, jakina, Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioetako ordezkariek jardun zuten. Emaitzei dagokienez, esan daiteke blokeko proban euskal eskalatzaile batzuk sasoiko iritsi zirela. Izan ere, astebete lehenago aukera izan zuten Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Euskadiko Txapelketan parte hartzeko. Final ezberdinetara ordezkari batzuk sailkatu dira, eta, denera, hiru podium erdietsi dituzte. Garaipen bakarra Intza Elizaldek sinatu du 18 urtez azpikoen mailan.

Hasiera oso ona
Boulderreko lehen proban, seniorretan, lehiakide oso indartsu aurkeztu ziren. Lehen ezustea Alejandro Crespok eman zuen. Kiniela guztiek zioten egungo irabazle olinpikoak, Alberto Ginesek, irabaziko zuela. Baina Crespo eraginkorragoa izan zein eta irabazi zuen. Ginesek, berriz, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Mikel Linacisoro podiumetik gertu ibili zen; bergararrak laugarren postuan amaitu zuen.

Emakumezko euskal lehiakideen artean finaleko txartela eskuratu zuen bakarra Ainhize Belar izan zen. Astebete lehenago, Atxondoko eskalatzailea bigarrena izan zen Euskadiko Txapelketan; soilik Irati Zabalak irabazi zion. Espainiako Kopan, berriz, Belarrek goi mailako laugarren postua lortu zuen; Zabala ez zen finalera sailkatu.

18 urtez azpikoen mailan, Intza Elizaldek erakutsi du lehia horietan espezialista handia dela: nagusitasun osoarekin irabazi du lehen proba. Finalisten artean beste bi euskal ordezkari izan ziren: Elur Arteaga seigarrena izan zen, eta Ainhoa Uskola zortzigarrena.

16 urtez azpikoetan, Ines Allendek seigarren postuan amaitu zuen eta Udane Mugikak zortzigarrenean. Eta 14 urtez azpikoetan, Eñaut Usonek irabazlearekin berdindu zuen. Top berdinak egin zituzten, baina Usonek ekinaldi gehiago behar izan zituen.

Amaitzeko, abiadurako hitzorduan finalista bakarra izan zen: Leire Ruiz de Argandoña. Seniorretan oso txukun jardun zuen. Sailkapenetan, 15 metroko murruan, 8.88 denbora egin zuen. Finalean, aldiz, 10.33.