NAIZ

Bordele eta Baiona arteko ibilbidea bizikletaz osatuko dute Baxoa euskaraz aldarrikatzeko

Baionako Suprefeturaren aitzinean eginiko algerraldian ez dira ez txirrindulariak ezta Baxoa azterketa euskaraz pasatu ahal izateko aldarria falta. Biak lotuko baitira heldu den apirilaren 18tik 22ra Estitxu Robles kolegioko hogei bat ikaslek egingo duten bizikleta martxan.

Estitxu Robles kolegioko ikasleak bizikleta martxa bukatuko den tokian, Suprefetura aitzinean, azaldu dira gaur.
Estitxu Robles kolegioko ikasleak bizikleta martxa bukatuko den tokian, Suprefetura aitzinean, azaldu dira gaur. (Guillaume FAUVEAU)

Brebetaren Zientzietako froga euskaraz idazteko eskubidea onartua izan bada ere, horrek ez du inondik inora azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldeko aldarrikapen dinamika eten.

Gaur goizean Baionako Suprefeturan eginiko agerraldiaren bidez, heldu den apirilaren 18tik 22ra Estitxu Robles kolegioko 21 ikaslek egingo duten txirringa martxa aurkeztu dute.

Bordele eta Baiona arteko ibilbidea bizikletaz eginen dute Seaskak Baionan duen kolegioko hirugarren mailako 21 ikaslek azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldarriaren baitan.

Frantziar Hezkuntza ministroak, Pap Ndiayek, Euskararen Erakunde Publikoari zuzenduriko eskutitz baten bidez jakitera eman zuen, hilaren 17an, murgiltze ereduan jarduten duten ikasleek aukera izanen dutela, heldu den ekainean, kolegiotik lizeora igaro aurretik pasatzen den Brebet azterketa osorik euskaraz idazteko.

Geografia-Historia eta Matematikak dagoeneko euskaraz idazteko aukera bazuten ere, Zientzietako froga frantsesez idaztera behartuak izan dira orain arte.

Orain Baxoa ere euskaraz

Lorpen hori eskuratuta, oraindik ere Baxoa euskaraz egiteko aukera irabazteke dagoela lau haizeetara zabaltzeko ekimenarekin jarraitzeko hautua egin dute bizikleta martxaren bultzatzaileek.

Proposamena hiru ikaslek pausatu zuten eta beren ikaskideek bat egin zuten berehala ekimenarekin.

Bizikleta martxa Baionako Suprefeturan bukatuko da apirilaren 22an, larunbatarekin, justuki euskalgintzak antolatu manifestazioa abiatuko den leku berean.

Martxoaren 9an Euskal Konfederazioak manifestazioa iragarri zuen euskarak jasaten dituen trabak salatu eta hizkuntza politika eraginkor bat galdegiteko.

Hitzordua martxoaren 22an arratsaldeko 17.00etan emana da frantziar Estatuak Lapurdiko hiriburuan duen egoitzan.