Gazte Olinpiadetako finalean, norgehiagoka
Gazte Olinpiadetako finalean, norgehiagoka (Gorka Rubio | FOKU)
Gazte Olinpiadetako finala, beste talde bat
Gazte Olinpiadetako finala, beste talde bat (Gorka Rubio | FOKU)
Harrera ekitaldia Etxarri-Aranatzen
Harrera ekitaldia Etxarri-Aranatzen (Gorka Rubio | FOKU)
Etxarri Aranatzen gazte andana elkartu zen
Etxarri Aranatzen gazte andana elkartu zen (Gorka Rubio | FOKU)
Gazte Olinpiadetako talde gorria lehian
Gazte Olinpiadetako talde gorria lehian (Gorka Rubio | FOKU)
Ekitaldi Nagusian dantzariak
Ekitaldi Nagusian dantzariak (Gorka Rubio | FOKU)
Olinpiadetako animatzaileak
Olinpiadetako animatzaileak (Gorka Rubio | FOKU)
Adin guztientzako eskaintza Gazte Topagunean
Adin guztientzako eskaintza Gazte Topagunean (Gorka Rubio | FOKU)
Herri kirolak ere egin zituzten Etxarri-Aranatzen
Herri kirolak ere egin zituzten Etxarri-Aranatzen (Gorka Rubio | FOKU)
Etxarri-Aranatz gazteek hartu zuten
Etxarri-Aranatz gazteek hartu zuten (Gorka Rubio | FOKU)
Ekitaldi Nagusiko hitzertze nagusia
Ekitaldi Nagusiko hitzertze nagusia (Gorka Rubio | FOKU)
Eskolan egindako hitzaldietan ere gazte asko bildu ziren
Eskolan egindako hitzaldietan ere gazte asko bildu ziren (Gorka Rubio | FOKU)
Herrira bidean gazteak
Herrira bidean gazteak (Gorka Rubio | FOKU)
Frontoia gazteez lepo
Frontoia gazteez lepo (Gorka Rubio | FOKU)
Akanpalekua gaztez beteta
Akanpalekua gaztez beteta (Gorka Rubio | FOKU)
Etxarriko bertso saioa, Fredi Paia eta Xabier Silveira
Etxarriko bertso saioa, Fredi Paia eta Xabier Silveira (Gorka Rubio | FOKU)
Iraitz Mateo

Topo Etxarrin, topa independentzian

Topagune bat antolatzeko lanak lau hilabete lehenago abiatzen dira, gutxi gorabehera, Etxarri Aranatzen behintzat hala egin zuten. Astebete lehenago abiatu zuten Etxarriko muntaia. Milaka gaztek gozatu bazuten ere, horiek batu eta disfrutatu zezaten, aurrez lanak ere egin behar izaten dira.

Harrera ekitaldia Etxarri-Aranatzen
Harrera ekitaldia Etxarri-Aranatzen (Gorka Rubio | FOKU)

Beriain mendia ikusten da Etxarriko herritik; Topagunearen iruditegian ere presente egon zen, eta modu batera edo bestera ziur gehienek gogoan dutela. Amaia Zurutuza Gazte Sareako kidea zen, kamera eta boligrafoa eskuan pasa zituen lau egunak, ondotik, guztia sareratzeko prestatuz. «Energia» da Etxarri Aranazko Topagunea aipatu eta burura etortzen zaiona, «energia ona, pozarekin lotua» hain zuzen ere.

Ez zen kasualitatea Nafarroan egitea ekimena. Miguel Sanz zegoen Nafarroako Gobernuan eta ez zituen bereziki gustuko gazte independentistak. Garaiko testuingurua nahasi xamarra zen, Segi legez kanporatua zegoen, jo-puntuan zuten batzuek, eta jendartean zabaltzen ari ziren zurrumurru desitxuratuek ere ez zieten mesederik egiten euskal gazteei. Baina ekimena antolatzen ari zirela, orduko bozeramaile Ainhoa Irigibelek adierazi zuen zergatik egin zuten bertan: «Sanzek konponbiderako apustua egiten duten gazteak izango ditu parean». Zurutuzarentzat ere berezia izan zen Etxarrin ospatzea bera: «Gogoratzen dut UPN zegoela Gobernuan, eskuin espainiarzalea Nafarroan topera zegoen, baina Etxarri bezalako herrietan etxean sentitzen ginen, garai nahasia zen, Nafarroan geunden eta etxean sentitzen ginen, hori bazen berezia guretzat».

Etxean sentiarazi zituzten herritarrek, eta ohartzerako etxe propio bat sortu zuten. «Herria guztiz hartuta genuela dut buruan, okupatuta», ekarri du akordura Zurutuzak. 15.000 gazte independentistak egin zuten topo Etxarri Aranatzen; bi mila biztanle inguruko herriarentzat, bazen nolabaiteko «okupazioa», baina bertaratutakoek zein herritarrek oroitzapen oso onak gordetzen dituzte. Bertako saltokietako langile zein ostalarientzat ez zen ohikoa horrenbeste gazte ikustea, baina nolabaiteko «subidoia, poza» eraman zuten gazteek.

Sarea josiz

«Klik batean Etxarrin gertatzen ari zena eskaintzea», hori zen Gazte Sarearen funtzioa lau egunetan. Ez zen erronka makala, Zurutuzak ere horrela gogoratzen du, lana gogotik egin izana, baina aldi berean gogoz eginaren zaporea geratu zaio ia hamazazpi urte beranduago. Bertan ez zeudenek webgunearen bidez gertatzen ari zenaren berri jakitea nahi zuten batetik, eta bestetik, gertatutakoa jasota geratzea. Eta ez edonola gainera, gazteen ahotsetik, lehen pertsona plural horretan gordeta geratzea nahi zuten.

Lana nola egiten zuten galdetuta, irri artean akordatzen da Zurutuza: «Egitaraua hartu eta dena kubritu nahi genuen!». Ezinezkoa zen ordea hori, egitarau zabal eta oparoa baitzuten gazteek antolatuta. Sei-zazpi laguneko taldea gogoratzen du Zurutuzak lau egun horiek kubritzen, webgunea zen tresna nagusia, eta 2006an Gazte Sareak zuzenean Topagunearen berri emateko tresna hori izatea «la ostia» zela aitortzen du. Egun zaila da irudikatzea bertaratutakoen txio edota Instagrameko storyrik gabeko Topagune bat, baina garai hartan gazteak izan ziren interneteko sarbideaz baliatu eta beraien ahotsa digitalki ere altxatzen lehenengoetakoak.

Gazte andana Etxarri-Aranatzen
Gazte andana Etxarri-Aranatzen


Lan handia egin zuten Etxarrin zegoen sare sozial hori sare digitaletara eramaten. Baina gustura aritu zirela onartzen du Zurutuzak: «Gazte Sareak harrera ona izan zuen, ikustea egiten ari zaren lana iristen dela, eta gustura jasotzen dela pozagarria da». Ekimenak irauten zuen egunez gain, ostera ere deia egin zuten Gazte Sareakoek: Gazte Topagunean zehar ateratako argazkiak bidaltzeko. Jende askok bidali zituela gogoratzen du kazetariak eta guztiekin mosaiko handi bat osatu zela, «oso polita izan zen».

Gazte Sareak beste urtebete gehiagoz eman zuen Ttopagunearen berri, baina 2006an, beste komunikabide batek uhinetara egin zuen jauzi, izan ere Iruñeko Eguzki irratia uhinetara itzuli zen berriro. Gainera, Kaiolatik AT sarean Segik publikatuko zuen lehen bideoa sareratu zen, Gazte Topaguneko irudiekin osatutakoa.

«Gazte Sareak harrera ona izan zuen, ikustea egiten ari zaren lana iristen dela, eta gustura jasotzen dela, pozagarria da»



Egitarau oparoa

Gazte olinpiadek azken hilabeteetan oihartzun handia sortu zuten Euskal Herriko herri eta auzoetan. Herrialdeen barruan herrika (edo eskualdeka) lehiatzen ziren lehendabizi, eta Etxarri Aranatzen jokatu zen finala. Herrialde bakoitzak ordezkaritza bat eraman zuen, eta jokoen txapeldun ez zen etxeko taldea suertatu, bai ordea, animatzaileenean, nafarrek irabazi baitzuten animatzaileen saria. Gipuzkoarrek eskuratu zuten berriz jokoetakoa. Irudimenez osatutako frogak izan ziren eta giro aparta sortu zuten.

Urterokoaren antzera, egitarau zabala antolatu zuten lau egunetan zehar. Egunero zegoen hitzaldiren bat, eta sarritan bat baino gehiago; gai oso ezberdinen inguruan izaten ziren eta hori izan ohi da aberastasunaren isla. Zurutuzak gazte antolakundearekin lotzen du horrelako eskaintza zabalak jasotzearen aukera: «Jorratzen dira gai oso ezberdinak, eta denetan lantzen da hausnaketa kolektibo bat, ikuspuntu jakin batetik, oso interesgarria eta aberasgarria da hori». Gauetako eskaintza ere izan zen Etxarrin, Euskal Herriko beste hamaika gazterekin elkartzeko, ezagutzeko eta saretzeko aukera ere ahalbidetu ohi dute horrelako gau luzeek. Bertako zein kanpoko taldeak izan ziren edizio hartan ere, Obrint Pas (Katalunia), Ken 7, Mikel Urdangarin, Berri Txarrak, Kuraia eta Macaco izan ziren arrakastatsuenak.

Herri kirolak ere antolatu zituzten
Herri kirolak ere antolatu zituzten

Gutxienez hiru ekitaldi ere egin ziren, eta bertaratutako bakoitzak izango du gustukoenen bat ziurrenik gordeta. Ekitaldi Nagusia, ohiko modura, Gune Handian egin zen, karpa handienaren azpian eta zazpi harmarriak izan ziren oholtzan protagonista. Baina gudariei muralaren aurrean egindako ekitaldia ere berezia izan zen. Aberri Egunari loturik, Etxarriko plazan eman zioten hasiera ekitaldi xume batekin, eta ondoren Iruñera joan ziren gaztez beteriko autobusak Udalbiltzak antolatutako mobilizaziora.

«Denen artean ez bazen, ez zen aterako» aitortzen du Zurutuzak, eta militantziak duen garrantzia azpimarratzen du. Horrelako egitasmo bat antolatzeko konpromisoa gogoangarria dela iruditzen zaio, «plazerretik, proiektu bat izan eta denen artean aurrera ateratzea izugarria da, izan 24 orduz antolaketan dabiltzanen arduratik, edota izan txanda bat egiten duen horrenganaino». Eta hori urtez urte jarraitzea, haria ez etetea, eta topa egiteko topalekuak bilatzea ezinbestekoa iruditzen zaio.