Akanpalekura sartzeko zain gazteak
Akanpalekura sartzeko zain gazteak (Gorka Rubio | FOKU)
Harrera ekitaldia Elorrion
Harrera ekitaldia Elorrion (Gari Garaialde | FOKU)
Gazteak Elorriora iristen
Gazteak Elorriora iristen (Gorka Rubio | FOKU)
Nazioarteko ordezkaritza ere Gazte Topagunean
Nazioarteko ordezkaritza ere Gazte Topagunean (Gari Garaialde | FOKU)
Gazteak Elorrioko plazan
Gazteak Elorrioko plazan (Gari Garaialde | FOKU)
Araitz Zubimendi bozeramailea ongi etorria ematen
Araitz Zubimendi bozeramailea ongi etorria ematen (Gari Garaialde | FOKU)
Kontzertuak karpa handian
Kontzertuak karpa handian (Gari Garaialde | FOKU)
Haurrek ere izan zuten bere tokia Elorrion
Haurrek ere izan zuten bere tokia Elorrion (Gari Garaialde | FOKU)
Ekitaldi Nagusian ukabilak gora
Ekitaldi Nagusian ukabilak gora (Gari Garaialde | FOKU)
Ekitaldi nagusiko oholtza
Ekitaldi nagusiko oholtza (Gari Garaialde | FOKU)
Elorrio gaztez beteta
Elorrio gaztez beteta (Gari Garaialde | FOKU)
Gazteak egunkaria irakurtzen
Gazteak egunkaria irakurtzen (Gari Garaialde | FOKU)
Ekitaldi Nagusiko hitzartzea
Ekitaldi Nagusiko hitzartzea (Gari Garaialde | FOKU)
Arnaldo Otegirekin hitzaldia
Arnaldo Otegirekin hitzaldia (Marisol Ramirez | FOKU)
Herri kirolak Elorrion
Herri kirolak Elorrion (Gorka Rubio | FOKU)
Iraitz Mateo

Elorrixon zu, ni ta beste 21.000

«Hesi guztien gainetik, Gazte Topagunea Elorrion», titular hori jasotzen zuen GARAk. Hesiek eta oztopoek protagonismo berezia izan zuten 2002an, baina ez zuten olatua gelditu. Zazpi ohe huts gehiagorekin ekin zioten, baina 12 hektareako kanping eta lo zakuek hartu zituzten hauen ametsak.

Elorrio gaztez beteta.
Elorrio gaztez beteta. (Gari Garaialde | FOKU)

Euskal Herriko panorama politikoa ilegalizazioek ardazten hasia zen, euskal gazteria jo-puntuan zuen Espainiar estatuak, Baltasar Garzonek gazteen aurkako agianduak emateaz gain, «alderdien legea» ere ekain horretan jarriko zen martxan Batasuna legez kanpo uzteko helburuarekin; eta Askatasuna, Batasuna, Udabiltza zein Euskaldunon Egunkaria erasotuak izan ziren, beste hamaikaren artean. Gazte Antolakundean oso sonatua izan den eztanbaida baten erdian harrapatu zuen Elorriok, drogaren kontsumoa, «trapitxeroak» eta polizia. Barne eztabaida eta barne irizpideak zehazten zebiltzan bitartean, Elorrioko kaleetan eta Topaguneko eskuorri zein karteletan presentzia nabarmena zuen mezu horrek: «Trapitxeroak kanpora! Txakurrek treapitxeroak kolaborazio polizialerako erabiltzen dituzte». Panorama ilun haretan baina, euskal gazteria inoiz baino indartsuago eta loratuago ageri zen Elorrion. Auzolanari esker lortu zuten lortutakoa.

Elorriora iritsi aurrez hasi zen garai hartako udaberriko ekimena ordea, Olaia Kastresanaren omenezko mendi martxa abiatu zen aurreko egunetan Iruñetik Elorriora, 50 gazte baino gehiago batu ziren bide aldapatsu haretan, gaztea gogoratu eta omentzeko.

Testuinguru beltzean, adjektibo baikorrak ekartzen ditu Josu Herrerok gogora «poza, elkarlana, ilusioa, pizgarria, magikoa, pegamentu funtzioa bete zuen». Ardura eta tentsioa ere gorputzean zituztela aitortzen du, ez baitzen egoera erraza, baina hala eta guztiz ere, 21.000 gazte elkartzea lortu zuten eta hori «garaipen» gisa gogoratzen dute bizi izan zutenek.

«Aurrera egingo dugu, hemen gazte topagune bat egingo dugu» 


Antolaketa lanetan zenbiltzala iritsi zen operazio poliziala, eta eraman zituen bertan zenbiltzan egiturako gazte gehienak, Herrerok ongi gogoratzen du hori. «Gure interlokutore guztiak desagertu ziren, batzuk atxilotu egin zituzten eta besteek alde egin behar izan zuten». Elorrioarrak gelditu ziren ekimenaren buru, eta ez zekiten nola, baina argi zuten aurrera aterako zutela ekimena. Bazkaloste bat du bereziki gogoan Herrerok: «Herrikoan geunden nola edota zer egin pentsatzen, eta bat-batean atea zabaldu zen, garaian gazte parlamentaria zen kide ezagun bat agertu zen, eta denok esan genuen ‘ostias eskerrak!’ herrikoak bakarrik ez geundela eta antolakuntza lanetan zebiltzanen informazioa izango zuela pentsatu genuen».

Perspektibarekin begiratuta, 20 urte beranduago hain zuzen ere, behin baino gehiagotan egin dio galdera Herrerok bere buruari: Nola egin genuen?. Gogo «kontziente-inkontziente» bat bazegoela oroitzen du, errepresioaren tentsioaren gainetik indarra hartu eta «aurrera egingo dugu, hemen gazte topagune bat egingo dugu» elkarri esan ziotela kontatzen du. Eta egin zuten, eta giro paregabea lortuz gainera.

Indarra ez dagoen lekutik ere ateratzerakoan

Indarraz eta argiaz, iraganaz eta etorkizunaz, transmisioaz eta uneko borrokaz, hitz egiten zuen Topagunerako Berri Txarrak taldeak eginiko kantuak. Iraultzaz eta independentziaz aritu ziren lau egunez. Elorrioko maparen gainean, mapa propio bat marraztu zuten gazteek, sei gune nagusik osatuta: kontzertuen gunea, gaztetxea, nazioarteko gunea, Euskal Herri gorria, Herri Unibertsitatea eta kirol gunea. Akanpalekua ere bazuten, noski.

Akanpalekuaren inguruan hitz egiten hasi, eta flash batzuk ekarri ditu gogora elorrioarrak. Lehendabiziko eguneko argazki bat du, akanpalekura joateko bide zabal eta handi bat zegoen, eta gaztez gainezka zegoen hori. Akanpaleku oso handi bat zuten aurreikusita, baina iritsi zen gazte andanak, azken momentuan alboko zelaia atondu eta akanpaleku bilakatu zuten ordu gutxian. «Garaipen» gisa gogoratzen du horrenbeste jende batu izana, baina batez ere horrenbeste jende «horren giro onean» elkartzea. Egun guztian zehar kalean zegoen giroa oso ona zela esaten dute bertaratutakoak, eta egitarauak berebiziko garrantzia izan ohi du horretan. Elorriorako prestatutako egitaraua oparoa izan zen, kale animazioa eta kaleko antzerkiak alaitu zituzten hamaika txoko, Euskal Herri Gorria izeneko gunean ere makina bat hitzaldi egin ziren, eta hauen arteko «aniztasuna" azpimarratzekoa iruditzen zaio Herrerori: «Eragile eta ikuspuntu ezberdinek izan zuten lekua, eta oso aberatsa izan zen hori; kultur adierazpide asko egon ziren gainera».

Gazteak Elorriora iristen
Gazteak Elorriora iristen

Karpa handiak ere gainezka egin zuen, larunbat gauean Sepultura talde brasildarrak eta Berri Txarrak taldeak jo zuten. «Egin duguna, ikaragarria da» esaten zioten antolakuntza lanetan zebiltzanek beren buruari. Karpa betetzea, eta batez ere pozez betetzeak asko esan nahi zuen, baina bazuen beste esanahi bat ere Herreroren arabera: «Sepultura ekartzea ez zen taldea ekartzea bakarrik, guretzat garrantzitsua zen, apostu bat izan zen, geunden testuinguru politikoan eta geunden errepresioarekin nazioarteko talde bat ekartzeak asko esan nahi zuelako». Kiko Veneno ere Elorrion kantatzekoa zen, bertaratu ere egin zen, baina azkenerako ez zuen kantatu, «dekorazioko hainbat lelorekin desados» zegoela jasotzen du 2022ko martxoaren 31ko GARAko kronikak. Batek baino gehiagok gogoratuko dute hori.

Larunbatean manifestazioa eta ekitaldi nagusia egin ziren. Araitz Zubimendik, orduko bozeramaileak, egin zuen ekitaldi nagusiko hitzartzea, eta argi esan zuen: «Estatuen errepresiaori erantzuteko prest gaude, euskal gazteriak estatuei sekula baino indartsuago erantzun behar die, eta indarra dugu». Txaloak, oihuak, eta txistuak ziren nagusi, Herrerok aipatzen zuen «magia» zen hori.

Gazte Antolakundeak urtero antolatzen duen ekimenak Aberi Egunarekin koinziditu ohi du. 2002an garrantzi berezia eman zion bai Ezker Abertzaleak eta baita Udalbiltzak ere. Udalbiltzak goizean herrietan elkarretaratzeak antolatu zituen, Elorrion ere egin zuten. Batasunak, aldiz, Donibane Lohizunen antolatu zuen mobilizazioa arratsaldean. Ez zen erabaki erraza izan, logistika ariketak ere egin behar izan zituzten: Elorrioko guneek ez zuten etenik izan, baina autobusak antolatu ziren Lohizunera joateko.

Herri aske bat

Espektatiba guztiak birrindu zirela esaten du elorrioarrak. Herritarrak eta eskualdeko biztanleak guztiz inplikatu ziren, eta horrez gain, hainbat aurreiritzi puskatzeko eta hurrengo elkarlan posibleetarako ateak zabaltzen ere lagundu ziotea aitortzen du. «Aurreiritzi ezkor eta suntsizaileak zituztenek ere iritziz aldatu zuten, esan zuten jende aldetik, giro aldetik eta antolakuntza aldetik sekulakoa izan zela». Komertzio txikietako jabeek eta ostalaritzan zebiltzanak ere pozik amaitu zuten, eta gazteak zoriondu zituzten.

Adin guztientzako eskaintza
Adin guztientzako eskaintza


Sarritan anekdotek sakonean dauden auziak azaltzen laguntzen dutela uste du Herrerok, eta hala kontatzen du bat: «Gogoratzen dut akanpalekua zegoen lekuaren ondoan oso onso zaindutako baratze bat zegoela, jabea jubilatu bat zen, gureganako aurreiritzi ezkorrak zituena, esaten zuen gazteek baratza hautsiko ziotela, guk esaten genion ezetz... Lau egunak baratzaren ondoan eserita pasa zituen gazteekin hizketan eta esaten zigun: ze gazte jatorrak». Ikuspegiak aldatzeko, zabaltzeko, moldatzeko... ere balio izan zuen, ez hitzaldietan esanak bakarrik, praktikan ere zer ziren erakutsi baitzuten gazteek.

Ilusioz hartu du aurtengo edizioa ere Elorrion egitea Herrerok, pertsonalki «berezia» iruiditzen zaio, baina aurrera begira jartzea ezinbestekoa da beretzat. «2002koaz hitz egiteari utzi eta 2023koaz hitz egin behar dugu, orain beraien txanda da, eta beraien erara egin behar dute». Orainari kantatu diote Ernaikoek, orainari begira jarriko dute Elorrio.