Arnaitz Gorriti

Withey eta Hakanson gabe irabaztea zer den gogoratu behar du Bilbao Basketek

Basket Zaragoza izango dute bilbotarrek aurkari larunbat gauean. Hain justu, arerio honen aurka antolatzaile suediarra min hartuta zela garaipena zuten bizkaitarrek aurreneko itzulian, ACB Ligan jokatu zuten 600. partidan.

Uztaipeko lan bikainari esker irabazi zuen Bilbao Basketek Zaragozan.
Uztaipeko lan bikainari esker irabazi zuen Bilbao Basketek Zaragozan. (E. CASAS | ACB PHOTO)

Surne Bilbao Basketek bere bi jokalari garrantzitsuenik gabe jokatu beharko du larunbat honetan, 20.45ean hasita, Basket Zaragozaren aurka Miribillan: Ludde Hakanson eta Jeff Withey, gabe, alegia. Neurketek eta emaitzek erakutsi dute jokalari hauetako bat falta delarik, beltzezko gizonen gaitasuna asko jaisten dela eta biak falta direlarik berriz, ikusi egin behar nola erantzuten dion halako egoera honi Bilbao Basketek.

«Gure burua behin eta berriz egokitu behar izan dugu denboraldi honetan», onartu du Jaume Ponsarnau entrenatzaileak asteroko prentsaurrekoan. «Horrez gain errekuperazio denborak ere luzatzen doaz eta ustez osatu diren zenbait berriz ere erori dira. Zentzu horretan, ez daukagu batere zorterik, baina horrela daude gauzak eta kontua da tokatzen diren aldaketak egitea taldea ahalik eta lehiakorrena izan dadin»., gaineratu du.

Esan gabe doa Bilbao Basket ez dagoela bere unerik gozoenean. Lesioak direla, denboraldi hasierako joko maila errepikatu ezinik dabilela, partida bakoitza sufrimendu huts ari zaio bihurtzen talde bizkaitarrari eta Basket Zaragozaren aurkako dema, duela pare bat hilabete, etxean batik bat, nahikoa erraz irabazteko modukoa iruditzetik, zaila baino zailagoa izango dela iruditzera pasa da beltzezko gizonen zaleentzat.

Mesede galanta egin zion Bilbao Basketi duela aste pare bat Gironaren kontrako garaipenak, hamargarren partida irabazi eta sailkapenean arnasa hartzeko aukera izan baitzuten Jaume Ponsarnaurenek, atzetik aurrera egin nahian datozen Betis eta Manresari hainbeste erreparatu beharrik gabe.

Zaragoza ere aurkari zuzena da, ordea. 10-14 balantzea aldean ACB Ligako hamaikagarrenak badira bilbotarrak, 9-15 balantzearekin hamabigarrenak dira orain Aragoikoak. Pasa den asteburuan, gainera, Bilbao Basketek euskal derbian egundoko egurra jasotzen zuen bitartean, Baskoniaren antzera Euroliga jokatzen ari den Valentzia Basketi nahikoa eroso irabazteko kapaz izan ziren Porfi Fisac-en mutilak.

«Zaragoza gure aurkari zuzena da», azpimarratu du Bilbao Basketeko entrenatzaileak. «Salbazioa gora eta salbazioa behera ibili beharrean, ezin dugu ahaztu hurrengo denboraldira begira jarri dugun helburuetako bat berriz ere FIBAren Txapeldunen Ligarako sailkatzea dela, baina Zaragozak ere xede hori bera dauka. Ondorioz, arerio zuzen batekin lehiatu beharko dugu», errepikatu du Ponsarnauk.

Uztaipeko lana

Gogoan izan behar da Zaragozan lortu duela aurtengo denboraldian Bilbao Basketek etxetik kanpora erdietsi duen hiru garaipenetako bat. Azaroaren 26a zen, Bilbao Basketek ACB Ligan jokatzen zuen 600. partida, eta orduan ere Ludde Hakanson, giharretako arazoek jota, ez zegoen jokatzeko moduan.

Alabaina, 67-74 nagusitu ziren bilbotarrak. Ez zen ikusteko partidarik erakargarriena izan, aurreneko laurdena batez ere, 10-5 amaitu baitzen. Nolanahi, bigarren laurdenaz geroztik Ponsarnaurenak nagusi izan ziren. Radicevic eta Ubal antolatzaileek patxada eman zioten Bilbao Basketen jokoari, baina garaipeneko giltzarria neurri handi baten uztaipeko lanean egon zen. Witheyk, falta pertsonalekin arazo larriak izanagatik, lan polita egin zuen uztaipean, baina Michale Kyser edo Sulejmanovicen lana ere eskertzekoa izan zen.

Bizkaitarrek hamar bat puntuko aldeari eutsi zioten partidaren azken minuturaino. Ezustean, Zaragoza 67-70 hurbildu zen, baina ezin izan zion norgehiagokari bueltarik eman, hasteko jaurtiketa libreen maratik ondo moldatu zirelako beltzezko gizonak, eta bestetik, Michale Kyserrek Santi Yustari ezarri zion txapel ikaragarri bati esker. Hakanson gabe eta hirukoetan oso kamuts arituagatik –24 ahaleginetik 5 saskiratze baino ez– etxetik kanpo irabazteko gai zirela erakutsi zuten Ponsarnaurenek, eta beste behin ere gauzak oker egon arren garaipen bat gehiago lor dezaketela erakutsi nahi dute. Esan gabe doa Zaragozan behin irabazita eta Miribillan ere garaipena erdietsiz gero, arerio zuzen baten aurka puntu aldea ere bilbotarren aldekoa izango litzatekeela.

Kasu honetan, ordea, balentria hori Withey gabe egin beharko du Bilbao Basketek. «Withey ez dago oraindik jokatzeko. Lesioen errekuperazioari begira, pazientziaren aldekoa izan ohi naiz, baina pazientzia horren beste aldea da orain denbora gure aurka doala. Witheyk oraindik ezin du ahalegin beterik egin mindutako orkatilan eta epe laburrera ez da prest izango», argitu du horren harira Tarregako entrenatzaileak.

Basket Zaragozari buruz, berriz, loreak izan ditu Jaume Ponsarnauk. «Bigarren itzuli honetan play-offetako talde batek adina partida irabazi ditu Zaragozak», gogorarazi du. Izan ere, denboraldiak aurrera egin ahala eta Stefan Jovic antolatzaile serbiarra iritsi denetik batik bat, asko hobetu du Aragoiko taldeak. Egia da, bestalde, asteon arazo fisikoekin mañoek ere nahikoa estuasun badarabiltela: Jessup eta Mekowuluk min hartu dute eta Sant-Roos eta Bilbao Basketen jokatzen zer den badakien Ivan Cruz ere kili-kolo omen dabiltzala. Gipuzkoa Basketeko jokalari ohi Dino Radoncic ere aspaldiko partez prest izango du Porfi Fisac-ek, baina akaso aurreko asteetan ez bezala, fisikoki justuago ariko da Bilbao Basketen aurkaria.

«Zaragozako jokalari garaiak, Mekowulu, Hlinason edo Aday Mara, oso dira arrikutsuak», iritzi dio asteon, bestalde, Xavi Rabaseda hegalekoak.

«Ludde –Hakanson– gabe gauzak zailagoak dira guretzat, baina horrek ez du esan nahi sano gaudenek ez dugunik gaitasunik partida aurrera ateratzeko. Denon artean banatuko beharko dugu lana, baina horretara goaz. Izaeraz nahikoa konformagaitza naiz eta ez dut taldea orain arte egindakoaz konforme ikusten. Gainera Europara itzuli nahi dugu eta horretarako Zaragozari irabaztea dagokigu», gaineratu du Bilbao Basketeko kapitainak. «Sailkapenari dagokionez nahiko lasai egon gaitezke baina gauzak jokoan ditugu oraindik», azpimarratu du.