Jon Ormazabal

Distirarik gabe, erregulartasunak eman dizkie Elordi-Zabaletari merezitako txapelak

Aspeko bikotea hasieratik nagusitu da gabezia asko erakutsi dituzten Laso-Imazen aurka eta merezita gailendu da akats asko eta joko handirik gabeko finalean. Nafarroa Arenan jokatu da finala, sarrera guztiak agortuta.

Zabaleta eta Elordi, podiumaren gorenean, irabazleen txapela eta garaikurrekin; behean, Laso eta Imaz.
Zabaleta eta Elordi, podiumaren gorenean, irabazleen txapela eta garaikurrekin; behean, Laso eta Imaz. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Erregulartasunak halako finaletan gutxirako balio izaten duela esan ohi da, baina aurtengo Binakakoa partidarik gehien irabazi dituen bikoteak, Elordi-Zabaletak, irabazi ditu, hein handi batean, gaur Nafarroa Arenan azken lau hilabetetan izan direnera gehien urbildu diren bikotea izan direlako. Txanponaren beste aldean, azken lau asteak alanbrearen gainean dantzan aritu ostean, amildegira erori dira Laso-Imaz, euren mailarik onenetik oso urrun egonda, Zabaletarik onena ikusi ez badugu ere, Imazek erraztasun handiak eman ditu eta, oso behartuta, Lasok ere ez du, oso urrutira joan gabe, duela bi aste Labriten erakutsitako eraginkortasunik izan eta garaipenetik urrun egon dira, baita lehia zortzina berdintzea lortu dutenean ere. Garaipen honekin, Aitor Elordik bere lehen txapela lortu du eta Zabaletak historian leku bat erreserbatu du, bere laugarrena, lau aurrelari desberdinekin, jantzita.

Amestutako partida hasiera izan dute urdinek 0-5 aurreratuta, baina ez agian eurek uste zuten gidoiarekin. Izan ere, Zabaletak Imazi bizkarra nahikoa erakutsi badio ere, Aitor Elordi izan da aldeak egin dituena, tantoak amaitzerakoan fin, pilota ateratzen fresko eta sake-errematean min eginez.

Partida itsusia

Nahi baino gehiago kosta zaie Baikokoei finalari tamaina hartzen eta egin dutenean, Lasok amaitu ahal izan duenaren baitan egon da. Imazek pilota dezente entregatuta, Bizkarretakoak arriskuak hartu behar  izan ditu eta baldintza horietan beti asmatzea ere ez da horren erraza.

Hala ere, Zabaletak nahi eta espero baino gutxiago dominatu du gaurkoan eta Baikokoek partida zortzina berdindu dute, Unai Lasok egindako lan onari esker, zuloak berak ireki eta tantoak ere ondo amaituz.

Baina jokatzek modu horrekin aurrera egiteko perfekziotik gertu egin behar du egungo Buruz Buruko txapeldunak eta gaur lauretako inor ere ez da bere bertsio onenera gerturatu. Hala ere, urdinek eurera jarraitu dute, pixkanaka geroz eta gehiago sufritu duen Imaz zigortu eta Laso oso behartuta jokatzera eramanaz.

Eta egin ditu Bizkarreta-Gerendiaingoak tanto eder batzuk, baina partidak exijitzen zuen eraginkortasun mailatik oso urrun egon da. Korrontearen kontra lan itzela egin eta gero, berriro ere aitaren batean egin diete ihes Elordi-Zabaletak hein handi batean aurkariek baino opari askoz gutxiago egin dituztelako. Partida erditik aurrera jokoa asko itsusitu da, hasieratik ere ez du aparteko mailarik izan, baina gorrien gabeziak gero eta nabarmenagoak izan direlako. Batere arriskatu beharrik izan gabe, Zabaleta ere pixkanaka gero eta erosoago egon da kantxan eta eskuin ere pixkanaka askatzen hasi da.

Eta partida Unai Lasok izan duen ezbeharrarekin lehertu da erabat. Egungo Buruz Buruko txapeldunak mina hartu du 17-12koan hanka lurrean itsasi zaionean eta aldageletan egon ostean kantxara itzuli bada, ez du berriz ere partidan sartzerik izan.
Urdinek berdin-berdin jarraitu dute eta azkeneko txanpa gozamena izan da eurentzat, parean aurkaririk ere ez dutelako aurkitu.
 

FITXA TEKNIKOA

Laso-Imaz: 13
Elordi-Zabaleta: 22


Pilotakadak: 507. Iraupena: 73 minutu. Markagailua: 0-5, 1-5, 1-6, 4-6, 4-8, 8-8, 8-10, 9-10, 9-13, 10-13, 10-14, 11-14, 11-16, 12-16, 12-19, 13-19, 13-22. Sakeak: 2 Lasok eta 0 Elordik. Egindakoak: 6 Lasok, 1 Imazek, 8 Elordik eta 3 Zabaletak. Galdutakoak: 9 Lasok, 3 Imazek, 3 Elordik eta 0 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera guztiak agortuta Iruñeko Nafarroa Arenan eta giro bikaina harmailetan.