NAIZ

EHEKko kide ohiek kooperatiba berria sortuko dute Etxaldia gaztandegiarekin partaidetzan

Duela 52 urte sortu zen Euskal Herriko Esne Kooperatiba (EHEK) eta Aldudeko Gasnategiaren sozietatea likidatuak izan ondoren, Aldudeko Etxalde gaztandegiarekin partaidetzan kooperatiba berri bat sortzeko bidean direla baieztatu dute EHEKko laborari ohiek.

Aldudeko Gasnategia, Baigorriko ibarrean.
Aldudeko Gasnategia, Baigorriko ibarrean. (Guillaume FAUVEAU)

Asteazken honetan plazaraturiko agiri baten bidez baieztatu dute urtarrilaren 30ean likidatuak izan zirela Aldudeko Gasnategia eta duela 52 urte sortu zen Euskal Herriko Esne Kooperatiba (EHEK).

«Aldudeko gasnategian, muntaketa arazo batzuk eraginiko kalte handiengatik, kooperatibako hazleek erabakia hartu dugu» azaldu dute EHEKko kide ohiek.

Era berean, Makean bere egoitza duen Onetik esnetegiaren presidente den Louis Gervosonen familiaren esku gelditu dela tresneria jakitera eman dute.

Oroitarazi dutenez, «kooperatibako langile eta hazle guzien sustengua ukanik», joan zen abenduan Baionako Merkataritza Auzitegiak Gervosoni enpresa jarduerarekin segitzeko baimena eman zion.

Baionako Merkataritza Auzitegiak iazko abenduaren 19an iragarri zuen, zehazki, Louis Gervoson Onetik elkarteko presidenteak hartuko zuela EHEKren eta Aldudeko Gasnategiaren sozietatearen segida.

«Kooperatibako langile eta hazle guzien sustengua ukanik» hobetsi zela aterabide hori nabarmendu dute plazaraturiko oharrean Euskal Herriko Esne Kooperatibako kide ohiek.

Hasiera batean, Louis Gervoson, Peio Etxeleku (Agour enpresa) eta Hubert Cabdele (Bastida esnetegia) ziren egiturak bere gain hartzeko hautagai. Izan ere, azken biek eskaintza erretiratu zuten langile eta kooperatibistek aho batez Gervosonen alde egin zutela jakin ondoren.

Abentura bat bururatzen da, beste bat abiatzear delarik

Era horretan, duela 52 urte abian eman zen «Euskal Herriko Esne Kooperatibaren abentura bururatzen dela» azaldu dute kooperatibako kide ohiek.

Agiri horretan urte guzti horietan eginiko lana eta emandako borrokak izan dituzte aipagai.

Adierazi dutenez, «harro gara hainbat aldarrikapen ekarririk eta laborarien baita lekuko ekonomiaren zerbitzuko den tresna bat eraikirik».

Are, tokiko enpresa batek lekukoa hartu ondoren, «gasnategiak segituko duela laborarien zerbitzuko tresna bat izaten, Baigorriko haranean» esperantza agertu dute.

EHEKko kide ohiek esker oneko hitzak izan dituzte urte guzti hauetan ondoan izan dituzten eragile guztiei begira.

«Gure abentura hau posible izan da eskualde honetako hainbat eragile eta biztanleei esker, eta laborari gisa oinarrizkoak ditugun elkartasun eta borrokarako gaitasun balore horien eremateaz harro izan gara», idatzi dute.

Besteak beste «bezeroak, gure gorabeherak jasan dituzten furnitzaileak, diruz lagundu gaituzten jendeak eta kolektibitate publikoak» izan dituzte aipagai.

Bestalde, orrialde bat itxi ondoren beste bat idaztear dutela jakitera eman dute.

Hala EHEKko laborari ohiak iragarri dutenez, kooperatiba berri bat eratzeko bidean dira «Aldudeko Etxaldia gasnategiaren partaide izanen dena».

Haien esanetan egitasmo berri horri esker «Euskal Herriko Esne Kooperatibak hainbat urtez eraman duen alternatibak beti bizirik segituko du orain arte defenditu baloreekin».