NAIZ

Nicola Sturgeonen senarra atxilotu dute, SNPren finantzaketaren ikerketan

Eskoziako Poliziak Peter Murrell atxilotu du asteazken honetan, Nicola Sturgeon lehen ministro ohiaren senarra, Eskoziako Alderdi Nazionalean (SNP) izandako ustezko irregulartasunak ikertzen ari den operazioan.

Peter Murrell, Sturgeonekin batera, artxiboko irudi batean.
Peter Murrell, Sturgeonekin batera, artxiboko irudi batean. (Robert PERRY | AFP)

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohiaren senar Peter Murrell atxilotu dute asteazken goiz honetan, Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) finantzaketari buruzko ikerketaren baitan.

‘The National’ egunkariak jakinarazi duenez, poliziek ez dute atxilotuaren nortasuna ezagutzera eman, baina 58 urteko gizon bat atxilotu dutela esan dute eta Eskoziako hedabide gehienak Murrell delakoan daude, baita BBC ere.

Eskoziako Poliziak baieztatu duenez alderdiaren buru exekutibo ohia galdekatzen ari dira eta beste etxebizitza batzuetan miaketak egiten ari da.

SNPk bigarren independentzia erreferendum baten alde kanpaina egiteko aurkeztutako dohaintzetan 600.000 libera erabili zituelako salaketak jaso ondoren hasi zuen Poliziak ikerketa, ‘The Guardian’ egunkariaren arabera. Dirua alderdiaren eguneroko gastuetarako erabili omen zen.

Atxiloketaren berri izan ostean, SNPk ohar bat igorri du eta, bertan adierazi duenez, «ez litzateke egokia izango» abian dagoen polizia ikerketa bati buruz hitz egitea, baina alderdia «ikerketa horretan bete-betean laguntzen ari da eta egiten jarraituko du».

Alderdiak gaineratu du SNPko zuzendaritza organoak «gobernantza eta gardentasuna» berrikustea adostu zuela asteburuan, eta datozen asteetan egingo dutela.

Dimisioak

Joan den hilean, Murrellek dimisioa aurkeztu zuen Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) zuzendari exekutibo gisa, alderdiko Exekutibako kideek zentsura botoa eman zezaketelakoan.

Sturgeonek ere joan den otsailean aurkeztu zuen dimisioa ministro nagusi eta SNPko buruzagi gisa, arrazoik argirik eman gabe; ustekabean iritsi zen kargu uztea. Horrek barne hautaketari bide eman zion, Humza Yousaf hautagai kontinuistari garaipena emanez.

Bestalde, 2021eko maiatzean, Douglas Chapman SNPko diruzain nazionalak karguari uko egin zion urtebete baino gutxiago zeramanean, bere zereginak betetzeko «beharrezko finantza informazioa jaso ez zuela» argudiatuz.